Hipokrisia artifiziala
Asteburu honetan XX. mendearen hasierako dokumentu zahar batekin topo egin dut, eta benetan merezi duen mezua dakar. Mende hasierako petrolio-enpresen prentsa-oharra da, 1915ekoa. Epe luzeko arriskuez ohartarazten du, eta klima-aldaketari ekiteko ekintzara dei egiten du:
“NEW YORK, AEB, 1910eko irailaren 15a—Petrolioaren industriaren garapen bizkorra ikusita eta gizarteari eta ingurumenari buruz ditugun erantzukizunez jabetuta, Standard Oil Company, Royal Dutch Shell, Gulf Oil Corporation eta Texas Fuel Company punta-puntako enpresek bat egin dute petrolio-industriaren etengabeko hedapenari lotutako arriskuei buruzko komunikatu bat egiteko. Gure konpainiek ikerketa eta azterketa zientifiko zorrotzak egin dituzte, eta ondorio kezkagarriak atera dituzte. Epe luzeko proiekzioetan oinarrituta, petrolio-ekoizpenaren eta kontsumoaren ondoriozko berotegi-efektuko gasen emisioak modu eraginkorrean lantzen ez badira, gure adituek 100 urte inguruko epean klima-aldaketa bortitza izango dela aurreikusi dute. Klima-aldaketak aurrekaririk gabeko mehatxuak ditu gure ekosistemen egonkortasunerako, etorkizuneko belaunaldien bizi-kalitaterako eta segurtasun globalerako. Premiazko neurririk hartzen ez bada, klima-aldaketaren ondorioak suntsitzaileak izan daitezke, besteak beste, itsas mailaren igoera, muturreko gertaera klimatikoak eta biodibertsitatearen galera.
Petrolio-industriako adituak, kazetariak, arduradun politikoak eta herritarrak gero eta gehiago ari dira eztabaidatzen petroliotik sortzen diren arrisku garrantzitsu eta ugariak. Hala ere, zaila izan daiteke petrolioaren inguruko arrisku larrienetako buruzko kezkak adieraztea. Egin beharreko adierazpen labur honek oztopo hori gainditu eta eztabaida piztu nahi du. Era berean, petrolio-sektoreko arrisku larrienetako batzuk aintzat hartzen dituzten aditu eta figura publiko gehiago ezagutarazi nahi dira”.
Jakinarazi ziguten… edo ez? Noski ezetz! Prentsa-ohar hori faltsua da, asmakeria, eta inoiz ez da horrelakorik argitaratu. XX mende hasiera da, eta laissez fairearen une gorenean gaude. Laissez faire erregulatzailea liberalismo klasikoarekin lotzen da eta merkatu librearen teoria ekonomikoarekin. XX. mendearen hasieran eta gaur egunean ere filosofia horren aldekoek argudiatzen dute berrikuntza, lehia eta hazkunde ekonomikorako giro ez hain egokia sortzen dela gobernuak gehiegizko erregulazioen, zerga handien edo merkataritza-murrizketen bidez ekonomian esku hartzen duenean.
Aurreko prentsa-oharrak badu zerbait erreala? Bai, azken paragrafoa. “Petrolioa”-ren ordez “adimen artifiziala” jartzen bada; Ameriketako Estatu Batuetako Center for AI Safety zentroak argitaratukoa da.
Nire ustez, inoiz izan ez den prentsa-oharraren antzeko egoeran gaude. Sinatzaileen artean lehen mailako profesionalak daude, publikoki argitaratzen dutena argitaratzeko zilegitasuna dutenak. Baina zer gertatzen da Sam Altman OpenAIko CEOarekin? Adimen artifizialaren gaineko hipokrisia. Berriki AEBen, Altmanek adimen artifizialaren erregulazioa eskatu du. Aldi berean, baina, adimen artifizialaren erregulazio bakarraz kexu da, berak bilatzen duena saihesteko ahalmena baitu. Erregulazio hori Europako AI Act delakoaren proposamena da. AEBko enpresak adimen artifizialaren merkatua menderatu nahian dabiltzala, bertan arautzen dena bere indar guztiekin erasotzen ari dira. Adimen artifizialeko Standard Oil, OpenAI, Europako erregulazioaren aurka badago, zerbait ondo egiten ari da.
Arriskua ez dago adimen artifizialean, eta bai epe laburrean edozein preziotan etekina bilatzen duen ideologietan, egoismo sozialan eta laissez faire ikuspegitan. Geoffrey Hinton bezalako handienganako errespetu osoz, nik ez dut ezer sinatzen Altmanekin. Hipokrisia artifiziala, egoera puruan.