Hondakinak: gizartearen erronka handia
Birziklapenaren Mundu Egunak berriro ere jarri du agenda publikoan zeinen larria den bizi dugun ingurumen arazoa. Adituek etengabe ematen dizkigute datuak horretaz jabetzeko: zenbateko eragina duten hondakinek fenomeno globaletan (klima-aldaketa, migrazioa, etab.). Hala ere, kontsumitutako produktuen eta sortutako hondakinen bolumena etengabe handitzen ari da. Adibidez, 2030ean tresna elektriko eta elektronikoen 75 milioi tona hondakin sortzea espero da, eta joera hori oso azkar ari da hazten.
Arazo horren kausaren eta efektuaren arteko “denbora- dekalajearen” ondorioz, asko kostatzen da erreakzionatzea, batez ere arazo hori konpontzeko interes kontrajarriak dituzten eragileen laguntza behar denean. Joera daukagu pentsatzeko erronka horren erantzukizuna soilik administrazio publikoena, enpresa ekoizleena edo hondakinak kudeatzen dituzten erakundeena dela. Emaus Gizarte Fundazioaren ustez, ordea, gizartearen erronka horri kolektiboki heldu behar zaio. Beste behin ere, arazo konplexuei aurre egiteko elkarrizketa, akordioa eta irtenbide publiko-pribatuak behar ditugu, epe luzeko ikuspegiarekin adostuak eta egonkorrak.
40 urtetik gora ari gara horretan lanean Emaus bezalako gizarte-ekonomiako erakundeak, erronka horri erantzuten eta gizartea eraldatzen eta sentsibilizatzen. Ekonomia zirkularra praktikatzen hasi ginen, kontzeptu hori bera sortu aurretik. Hiri-hondakinak —hala nola arropa, altzariak edo tresna elektriko eta elektronikoak— botatzen direnean, Emaus Gizarte Fundazioak haien kudeaketaz eta berrerabileraz arduratu, eta bizitza luzatzen die. Konponbiderik onena gutxiago kontsumitzea litzateke, jakina, baina behin hondakina sortu ondoren, tratatzeko biderik onena eskaintzen digu. Horrek guztiak gero eta prozesu konplexuagoak eskatzen ditu, bai tratamendu aldetik, baita osagaien errekuperazioaren aldetik ere, eta horretarako ezinbestekoa da ikerketa eta garapen proiektuetan parte hartzea, Fundazioak egiten duen bezala.
Gure erakundeen lana ezinbestekoak da sistemak funtziona dezan, baina hala ere, ez da nahikoa. Fundaziotik, beraz, lurralde- eta autonomia-ekosistema bat eraikitzeko beharra ikusten dugu, hondakinak tratatzeko azpiegiturak eta berreskuratutako produktuak saltzeko sarea gordailatzeko, zabaltzeko eta modernizatzeko metodoak erraztuko dituena, kontsumo arduratsua askoz eskala handiagoan sustatuz eta aukera hori herritarren lehen aukera bihurtuz. Bestetik, inguruko enpresek ekodiseinuarekin eta berrerabili ezin diren materialekin produktu berriak fabrikatzearekin konpromisoa hartu behar dute, beren jasangarritasun-estrategien barruan. Hala behar du, batez ere bi arrazoirengatik: hondakinen esportazioak bere mugak dituelako, eta lehengaiak urriak direlako.
Berrerabiltzeko eta birziklatzeko ekosistemaren diseinu hori EAEn egin ondoren, finantzaketa orekatua adostu behar da erakunde ekoizleen, administrazio publikoen eta gainerako eragileen artean, jasangarria izan dadin. Esate baterako, 2022an onartutako estatuko hondakinen legeak hondakinen kudeaketa finantzatzen laguntzera behartzen ditu enpresa ekoizleak, eta hori urrats garrantzitsua da.
Azkenik, Emaus Gizarte Fundazioan ezinbestekotzat jotzen dugu aldaketa-prozesu horrekin batera trantsizio berde hori kudeatuko duten emakumeen lidergo berriak sor daitezen. Hainbat ikerketak erakutsi dute klima-aldaketaren ondoriorik larrienak emakumeek pairatzen dituztela. Halaber, ikerketek agerian utzi dute emakumeek gaitasun handiagoa dutela akordioak lortzeko epe laburrekoak ez diren erronkei aurre egiteko orduan; beraz, gure ustez aldaketa-prozesu parte-hartzailea izango da eta genero-ikuspegitik egin beharrekoa.
Aurrean dugun erronka honi ezin zaio aurre egin ez baditugu norbanakoen jokabideak aldatzen. Aldaketa sakonagoa behar dugu, begiradaren aldaketa, bai kontsumo indibidualari dagokionez, baita praktika profesionaletan ere.