“I love you, guys”
Korporazio handien buruak eta beren administrazio-batzordeetako kideak, antzinako Greziako jainko eta jainkosen gisan, beste unibertso baten bizi dira. Lurtar soilok behetik gora begiratzen dugu han gertatzen dena, eta beraiek egiazko munduko komeriak behatzen dituzte goitik, gizaki arruntok bidetik atera ez gaitezen hariak mugitu behar ote dituzten zelatatzeko. Jainkoen artean ahalguztidunena Elon Musk bilakatu zen joan den astean, primus inter pares: Historian sekula ikusi den ordainik handiena jasoko du aparteko hobari gisa.
Estatu Batuetako enpresen ordainsari-paketeen historian, gaur egungo dolarretan ia 1.000 milioi dolarreko ordainsari handiak egon dira. Baina inor ez da gerturatu Teslako akziodunek ostegunean Elon Musk zuzendari nagusiari eman zioten 46.000 milioi dolarreko ordainketa-akordiora. Akziodunen bozketaren emaitzak, gaur amaitu direnak, Teslaren urteko batzarrean iragarri dira, bertaratuen txaloen artean. Ordainketa onartu zen unean “I love you guys” esan omen zuen. Nola ez, ba.
Ikusmin handia zegoen batzarraren aurretik, epaile batek blokeopean baitzuen operazioa, eskandaluzko dirutza baimendu behar zuen ordainketa-batzordea dirutza jasoko zuen berberak izendatua izatea, tira, zalantzazko praktika baita. Eta hori horrela izanik, zilegi da galdetzea nola lortu duen X sarearen jabea ere badenak argi berdea. Zilegi gure munduan, ez Olinpon. Batzordearen independentziaz zeuden zalantzak ez dira uxatu, baina operazioak aurrera egin du konpainia Texasera lekualdatuta, estatu horretan independentzia eta gardentasuna bezalako txikikeriez ez baitira horrenbeste arduratzen. Jainkoen gauzak.
Adituek Musk ahalguztidunaren aldeko erreferendum gisa aztertu dute Teslako akziodunen batzarrak hartutako erabakia. Joan den urtarrilean Muskek berak ireki zuen auzia txio baten bidez esan zuenean askoz erosoago legokeela adimen artifizialeko eta robotikako produktuak Teslatik kanpo ekoiztuta, ez baitzuen ulertzen nolatan enpresak zalantzak zituen bere %25eko partaidetza bermatzeko. Mehatxua ote zen galdetu zitzaion orduan, eta berak txantxa zela erantzun zuen. Ez du ematen, ordea, bromatan hartu dutenik akziodunek.
Saiatu naiz dirutza hori edozeinek uler lezakeen adierazleetara ekartzen, baina ez dut lortu. Esan nezakeen, adibidez, Kongoko Errepublika Demokratikoko Barne Produktu Gordinaren parekoa dela pertsona bakar batek eskuratu duen hobarien sorta, baina horrek ez du egiazko neurria ematen; ezertxok ere ez du ematen operazio honen munta.
Gauza batzuk obszenoak, zatarrak eta gustu txarrekoak dira, nola Lurrean, hala Zeruan ere.