IRITZIA

Idazteaz

Besteak beste, Deia eta Euskaldunon Egunkaria kazeten sortzailetako bat izan zen Martin Ugaldek esan zuen behin kezka baten aspektu bati buruz zerbait konkretua idazten hasten zenean orduantxe hasten zitzaizkiola gauzak argitzen. Idaztea liberazio moduko bat zela berarentzat, hobeto pentsatzeko eta ideiak egituratzeko erreminta bikaina. Aipu horretaz pentsatu nuen azken hilabetean zabaldu diren honako bi notizi hauen harira.

Lehenik, mendebaldeko —alegia, AEBko— punta-puntako eskoletan eta unibertsitateetan —Harvard, Silicon Valley eta enparauetan— umeak, gazteak idazketan hazi eta hezituko dituztela, pantailak alboratuta. Hain justu gaur eguneko eskolen digitalizazio plan orokorraren kontrakarrera, zeinean, berrikuntza sustatze aldera eta inbertsio erraldoiak medio, ordenagailuak, tabletak, arbel interaktiboak eta beste mirari teknologiko batzuk berriki sartu ditugun hezkuntza sisteman. Orain, alderantziz, nolabaiteko geldi hor gertatu da, jarri marchatrasa, atzera egin behar baita berriro. Googlei lizentzia ordaindu berritan geundenean, badirudi Kaliforniako Palo Altoko guruek arkatzak, borragomak eta eskola liburuak itzuli egin direla dioskutela. Old school izandakoa new da orain. Ez dago amerikar hauek ulertuko dituenik, bitxiki gure gazteen eskola kurrikulumean ingelesezko irakasgaiak bikoiztu edo are hirukoiztu ditugunean.

Bigarrenik, albiste izan da ere, gertu dirudien adimen artifizialaren (AA) iraultza zinemagintzan. Zehazki, teknologia berri horrek desagerraraziko dituen lanpostuetan ipini da azpimarra. Ez da egon ezustekorik, aipatuena gidoigintzan izango duen balizko eragin negatiboa izan da. Ez baita berdina zurgin edota arotz batek dekoratu bat muntatzeko behar duen lan fisiko eta teknikoa, edota gidoilari batek istorio bat sortzeko lan intelektuala. Azken hori AAk ordezka bailezake.

Hasiera batean horrek biziki kezkatu ninduen arren, geroago, ordea, memoria pertsonalari tiraka, erlaxatu egin nintzen. Izan ere, ikus-entzunezkoa krisi kronikoan den sektorea izan da. Jada 2008-2009an, hain zuzen filmen ekoizpenean lan egiten hasi nintzen garaian, bai pirateriarengatik, bai orduko autoritate politikoek erakutsi zuten interes ezagatik, bazeuden gidoigintzari eta oro har zinemagintzari etorkizunik beltzena opatzen ziotenak. Eta ez zen halakorik gertatu.

Kontuak kontu, egia da AA filmak egiteko modua aldatzen ari dela. Esan nahi al du horrek makinek gidoilariok ordezkatuko gaituztela? Ezezkoan nago. Beharbada inoiz imajinatu ez dugun forman espresatzera lagunduko gaituen tresna (izango) da, baina AAk ezin du oraindik ere gizakiaren txinparta kreatibo hori ordezkatu, hots, gidoilari bakoitzak bere lanari ematen dion ikuspegi bakar hori.