Klima-aldaketarako COP28 goi-bilera: non gaude eta nora goaz?
Klima-aldaketari aurre egiteko COP28 goi bilera azaroaren 30etik abenduaren 13ra bitartean ospatu zen Dubain, espero baino egun bat gehiago luzatuz. Urtero bezala, maiz irakurri dugu honen emaitzak itzalak eta argiak izan dituela. Itzalak nagusi izan dira batzuentzat, beste batzuentzat argiak, seguruenik bakoitzak bilera horiengan dituen aurreikuspenen arabera.
Nazio Batuen bilera hauetan 198 herrialdek edo alderdik hartzen dute parte, interes, egoera sozioekonomiko, garapen maila, baliabide, zaurgarritasun desberdinak dituztenak. Ia 200 herrialde hauek ados jartzea oso zaila izaten da, are gehiago erabakiak aho batez hartzen direla kontutan hartuta. Nire ustez, ez genuke negoziazio-prozesu luze eta korapilatsuen ondoren hartutako erabakien garrantzia gutxietsi behar; aldi berean, egia da erabaki hauek batzuetan ez dutela zientziaren arabera krisi-klimatikoak behar duen anbizio maila edo premia nahikoa erakusten. Ez dezagun ahaz 2023 urterik beroena izan dela eta Parisko Akordioak helburu gisa ezarri zuen 1,5 graduko mugara modu arriskutsuan hurbiltzen ari garela.
Dubaiko bilerara itzuliz, eta gai bakarra azpimarratu beharko bagenu, hura lehen balantze globala litzateke. 2015ean onartu zen Parisko Akordioa klima-aldaketari aurre egiteko munduko herrialdeek onartu zuten bide orria da. Akordioaren arabera, bost urtean behin klima-krisiari ematen ari zaion erantzuna ebaluatzeko prozesua burutu behar da, balantza globala deituriko, alegia. Balantzea, egungo egoera aztertzeaz gain, iparrorratz funtzioa ere bete beharko luke, herrialde desberdinen etorkizuneko lana gidatuko duena. Zehazki, hurrengo gairi erreparatu behar zion munduko balantzeak: berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko esfortzuei; inpaktuei aurre egiteko egokitzapen politiken bilakaerari eta, azkenik, krisi klimatikoari aurre egiteko beharrezkoa den finantziazioa eta laguntzari.
Lehen balantzearen arabera, non gaude eta nora goaz? Klima-aldaketaren ondorioak azkar areagotzen ari direlako kezka jasotzen du testuak, eta onartzen du inpaktuak askoz txikiagoak izango liratekeela tenperatura 1,5 gradutara mugatzea lortuko balitz. Horrela, helburu horri erantzuteko ahaleginekin jarraitzea erabakitzen du, hamarkada kritiko honetan premiazko neurriak hartzeko beharra ere azpimarratuz.
Berotegi-efektuko gasen isuriak “sakon, azkar eta modu iraunkorrean murrizteko beharra” ere onartzen du. Horretarako, munduan energia-ahalmen berriztagarria hirukoiztu eta energia-eraginkortasunaren igoera bikoizteko helburua ezartzen du 2030erako. Era berean, lehen aldiz, erregai fosilak pixkanaka modu zuzen, ordenatu eta ekitatiboan uzteko beharrari buruzko aipamena egiten du, hamarkada kritiko honetan ekintza azkartuz, 2050ean zero emisio garbi lortzeko helburuarekin.
Erregai fosilak baztertzearen inguruan eztabaida potoloa egon zen, eta oraindik dirau. Hainbat herrialdek, horietako askok petrolioaren mendekotasun handia duten ekonomiak dituztenak, hala nola Saudi Arabia edo Arabiar Emirerriak, erregai fosilak atzean uzteko beharrari buruzko erabaki sendoagoa saihestu dute. Testuak jasotzen du, adibidez, ikatza baztertzeko ahaleginak azkartu behar direla, baina karbonoa harrapatu eta biltegiratzeko teknologiak ez duen hori soilik. Itzalen artean, beraz, atzerapen edo moteltze estrategiak ere atzeman daitezke.
Itzalak eta argiak atzeman baditzakegu ere, COP28 bileraren erabakiak mezua argia ere bidaltzen dio munduari: klima-aldaketari aurre egiteko trantsizioa aurrera doa, eta saihestezina dela ere gehituko nuke nik.