IRITZIA

Kodak unea

Negozio teknologikoen mundu dinamikoan, Kodak unea ezagutzea funtsezkoa da bizirik irauteko eta epe luzera arrakasta izateko. Une jakin horrek erreferentzia egiten dio Kodakek, behin argazkigintzaren merkatuan lider ukaezina izanik, 1970eko hamarkadan bere ingeniarietako batek lehen kamera digitala asmatu zuenean aurre egin behar izan zion egoerari. Garai horretan enpresa beldur zen bere argazki-filmen negozioa irentsiko ote zuen berrikuntza iraultzailea zen teknologia digitalak. Aldaketarekiko beldur horrek eta aro digitalera egokitzeko ikusmen faltak eraginda, Kodakek lekua galdu zuen Sony eta Canon lehiakideen aurrean, kamera digitalen aldeko apustua egin baitzuten. Azkenik, 2012an, Kodakek porrot egin zuen, eta berritzea nahikoa ez zela frogatu zuen; ezinbestekoa da teknologia berriak noiz eta nola indartu jakitea, merkatuan garrantzitsu mantentzeko.

Kodaken istorioak argi erakusten du barne kanibalizazioaren beldurrak nola eraman dezakeen hondamendira enpresa bat. 1975ean Kodakek lehen kamera digitala asmatu zuen, argazkigintzaren industria iraultzeko ahalmena zuen berrikuntza. Hala ere, enpresak teknologia hori berehala ez merkaturatzea erabaki zuen, bere irabazizko argazki-filmen negozioari eragingo ote zion beldurrez. “Semeak” (kamera digitalak) “aita” (argazki-filmak) suntsituko ote zuen beldur hori akats estrategiko izugarria izan zen.

Kodakek bere negozio eredu tradizionalari eusten zion bitartean, Sony eta Canon bezalako lehiakideek ez zuten zalantzarik izan teknologia digitalaren aldeko apustua egiteko. Enpresa horiek etorkizuna ikusi zuten, eta azkar egokitu ziren, merkatuaren zati handi bat harrapatuz. Kodakek, bestalde, lidergoa galdu zuen eta azkenean porrot egin zuen 2012an. Kasu honek berrikuntza disruptiboaren beldur ez izatearen garrantzia azpimarratzen du, eta “semeari” “aita” jaten uzteko prest egotearen garrantzia, etengabe garatzen ari den merkatuan biziraupena ziurtatzeko.

Egia esan, ez dago Kodak une zehatzik, eta askotan gertatzen denean bakarrik konturatzen gara horren eraginaz. Hala ere, horrek ez du esan nahi Kodak une posibleak ezin dugunik antzeman. Gaur egun, esanguratsuenetako bat lan intelektuala bera da: urte askotako prestakuntza eta esperientziaren emaitza, alde batetik (argazki-filmak), eta bestetik, adimen artifizial profesionalen agerpen mailakatua (kamera digitala). Adimen artifizial profesionalak funtsezkoak bihurtzen ari dira lehiakortasunari eusteko, eta hori garbi ikusten ez duena, Kodak une batean dago.

Lan intelektuala lanbide askoren zutabea izan da luzaroan, medikuntzatik ingeniaritzara, zuzenbidetik eta hezkuntzatik igaroz. Metatutako ezagutzan eta esperientzian oinarritutako lan hori ordezkaezin gisa ikusi dugu. Hala ere, adimen artifizialaren etorrerak pertzepzio hori desafiatzen ari da. Dagoeneko zabalduta dauden IA profesionalak eta, batez ere, agertzen hasi direnak, zeregin konplexuak zehaztasunez eta eraginkortasunez egiteko gai direla erakusten ari dira. Adimen artifizial “estuan” oinarritutako sistemak dira oraingoz, ez AA orokorra, baina AA sortzailearen agerpenarekin iraultzaren potentziala bertan daukagu.

Aldaketa hori ez da berehalakoa, ezta erabatekoa ere, baina ukaezina da haren eragina. Eraldaketa hori aitortzen eta egokitzen ez duten enpresa eta profesionalek zaharkituta geratzeko arriskua dute, Kodakek bezala. Teknologia horiek gure negozio-ereduetan eta lan-prozesuetan noiz eta nola txertatu identifikatzea da gakoa. Kontua ez da bakarrik teknologia barneratzea, baizik eta ulertzea nola osatu eta hobetu ditzakeen gure egungo gaitasunak.

Kodak une bat noiz gertatuko den beti zehatz-mehatz aurreikusi ezin badugu ere, prest egon behar dugu seinaleak ezagutzeko eta haien arabera jokatzeko. Dagoeneko martxan dagoen une horietako bat da adimen artifiziala lan intelektualean integratzea. Aldaketa horri heltzen diotenek eta tresna berri horiek aprobetxatzeko moduak aurkitzen dituztenek posizio hobea izango dute etengabe eboluzionatzen ari den merkatuan aurrera egiteko. Espezialista askok esaten duten bezala, gure gaurko lana AA batek ez digu kenduko, ez. AA batekin bere gaitasunak handitzen dituen pertsonak kenduko digu.