Kode irekia eta 'free riding'a
Gaurko artikuluak teknikoa dirudien arren —ez dut tutik ulertzen kodea idazteaz—, asko du filosofiatik eta enpresa bezala hartzen diren erabakietatik, teknologia hutsetik baino. Teknikoa ala ez-teknikoa izan, denok ados egongo gara kode irekiak industria teknologikoa eraldatu duela; izan ere, mundu osoko garatzaile, enpresa eta komunitateei funtsezko tresnak eta plataformak doan eskuratzeko aukera eskaini die. Hala ere, eredu horren gorakadarekin arazo edo erronka serio bat ere sortu da: free ridinga. Doako bidea gisa itzulia, fenomeno hori gertatzen da pertsonek edo enpresek kode irekiko proiektuak erabiltzen dituztenean, haien garapenean, mantentze-lanetan edo finantzaketan aktiboki lagundu gabe. Kode irekiaren filosofian elkar-laguntza eta lankidetza arrakastaren bizkarrezurra izanik, free ridinga kode irekiaren oinarriak berak ahultzeko mehatxua bihurtzen ari da.
Baina zer da free ridinga? Aprobetxatze-ekintza bat da. Enpresek eta erabiltzaileek software librean oinarritutako produktuak deskargatu, erabili eta merkaturaturatzen dituzte, komunitateari bueltan ekarpenik egin gabe. Onura horiek ekonomikoak izan daitezke, kostuen murrizketari dagokionez, edo denborari dagozkionak, teknologia propioen garapenik egin behar ez dutelako. Gainera, ordaindu gabeko balioa ateratzen duen erabiltzaile bakoitzak aparteko karga bat sortzen du proiektu horiek mantentzen dituzten garatzaileentzat eta erakundeentzat, eta horiek bakarrik aurre egiten diete softwarearen eguneratzeak, hobekuntzak eta segurtasunak dakartzaten kostu ekonomiko eta denbora-kostuei.
Portaera horrek ondorio zuzenak ditu kode irekiaren jasangarritasunean. Linux, WordPress edo Apache bezalako proiektu ospetsuek kolaboratzaileen oinarri sendoa duten arren, milaka proiektu txikik ez dute baliabiderik erabiltzaile gehienek kontsumitzen duten baina laguntzen ez duten ekosistema batean bizirauteko. Kontua da, kode irekiak idatzi gabeko kontratu sozial bati esker funtzionatzen duela erabiltzaile eta garatzaileen artean: lehenengoek ordaindu eta bigarrenek garatzen jarraitzeko baliabideak izatea da espero dena. Aitzitik, enpresa handiek beren negozioak software irekian oinarritzen dituztenean, modu aktiboan lagundu gabe, horrek dinamika desorekatua sortzen du eta horren biktima izan da Wordpress ezaguna.
Dagoeneko ez dago WordPressen inguruan azalpenik eman beharrik: historiako software libreko proiektu arrakastatsuenetako bat da eta interneten dauden webguneen %40 sistema horretan dago oinarrituta. Eduki-kudeatzailea wordpress.org bidez zerbitzatzen da, baina badago wordpress.com hosting zerbitzu bat teknologia berean oinarritutako webguneak eskaintzen dituena.
Azken berrien arabera, WordPressek gatazka bat du WP Enginekin, edukien kudeatzailean oinarritutako webguneak zerbitzatzen dituen eta jatorrizko proiektuarekin inolako loturarik ez duen beste hosting zerbitzu batekin. Matt Mullenwegek, WordPressen sortzaileetako batek, WP Enginei WordPressen ezagutza eta onura ematea leporatu dio, trukean ia ezer eman gabe; izan ere, bere datuen arabera, astean 40 ordu baino ez ditu ematen proiektu ofizialean, Automatticek inbertitzen dituen 3.988 orduen aldean. Beste era batera esanda, WP Enginek, WordPress oinarri gisa erabiltzen duen hosting hornitzaileak, kolektiboki garatutako plataforma baten gainean eraiki du bere negozioa, baina bere ekarpena oso mugatutzat ematen da, lortzen dituen etekinen aldean.
Halako enpresak free riding modernoaren adibide dira, kode irekiko proiektu baten azpiegituraz eta ospeaz baliatzen baitira mantentze-lanei lotutako kargak edo kostuak aprobetxatu eta negozioa egiteko. Zorionez, gero eta kontzientzia handiagoa dago enpresak mendeko dituzten proiektuei laguntzera bultzatuko dituzten politikak eta egiturak sortzeko. Kode irekiaz baliatzen diren erabiltzaile eta enpresek ulertu eta errespetatu behar dute euren biziraupena ahalegin kolektibo baten mende dagoela. Azken boladan dauden free riding krisien goranzko joerak —eta Wordpress bezalako entitate bati gertatzen ari zaiona kasu— arriskuan jartzen ditu balio horiek. Kode irekiak aurrera egitea eta teknologia bultzatzen jarraitu nahi bada, ezinbestekoa da erantzukizun partekatuaren kultura sustatzea, eta ulertzea garrantzitsua dela eragile bakoitzak etekina ateratzen dion sistemagatik ordaintzea. WordPressen gertatzen denak asko baldintzatuko du kode irekiaren etorkizuneko noranzkoa.