Koiunturatik haratago
Bai ekonomiaren ohiko ibilbide traketsa baina aspergarriak eraginda, bai denok ezustean harrapatutako beltxarga beltza baten agerpenak (pandemia edo gerraren itxuraz) sortutako anabasak piztuta, koiuntura ekonomikoan sortzen diren gorabeherek beti erakartzen dute adituen eta arduradun ekonomikoen (enpresetan, zein administrazio publikoetan) atentzioa eta kezka. Inflazioa, BPGaren gorabeherak, langabezia tasaren emaitzak. Koiunturaren premia. Ekintza eta erreakzioaren espiral amaiezina. Baina ezin dugu esan premia hori denik gure gizarteak dituen egiturazko arazoei (aldaketa klimatikoa, pobrezia edo herrialdeen eta pertsonen arteko ezberdintasunen handitzeak, adibidez) aurre egiteko modu eraginkorrena.
Pandemiak utzitako munduaren egoerari erantzunez, Jamais Casciok ospetsua egin du BANI kontzeptua, geroz eta hauskorragoa (brittel), larriagoa (anxiety), ez linealagoa (non linear) eta ulertezinagoa (incomprehensible) den testuinguru bat definitzeko, aurretik enpresa estrategiaren munduan arrunta zen VUCA (volatile, uncertain, complex, ambiguous) akronimoa gaindituz eta ordezkatuz.
190 herrialde elkar konektatuetan 8.000 milioi biztanle eta 5.000 milioi telefono mugikor dituen gizarte globalizatua konplexutasunaren eta ulertezintasunaren paradigma bilakatu da. Eta askotan, ekonomia hizpide bezala dugun arren, ezin da ahaztu gizadiak dituen arazo larrienak beste jatorri batzuk dituztela: mundua finitua eta bakarra dela ahaztu zaigu, eta dauden baliabideak eskasak bertan bizi garen guztiontzat bizimodu duin bat bermatzeko moduan banatu beharko liratekeela ere. Eta hori izan beharko litzateke ekonomiaren (eta ondorioz, politikaren) erronka nagusiena hurrengo hamarkadetan.
Orain arte, ekonomian irabazi-asmoak eta mozkinen maximizazioak agindu izan dute, baina gure planetan gizadiaren bizirautea bermatzea nahi badugu, beste irizpide batzuk jarri behar ditugu indarrean. Xede berriak bilatu, bai enpresetan, baita gizabanakoen jardueretan ere. Bizitza zentroan jarri. Gure egunerokotasunean, gure lantegietan, gure jardueretan hurrengo belaunaldiei mundu hobe bat utz diezaiekegula barneratu behar dugu.
Utopikoa? Ez hainbeste. Badirudi gauzak poliki-poliki (edo agian ez hain poliki?) aldatzen ari dira. Pandemiaren ostean, AEBen milioika langileek bere lana utzi dute, Dimisio Handia (The Great Resignation) deitu izan den prozesu baten ondorioz. Microsoft Work Trend Indexek dionaren arabera, 2021an munduko langileen %40 bere lana uztea pentsatzen ari zen. Prozesu horren zergatia da, dirudienez, presio jasanezinaren zama atxikita zeramaten lanbide hutsek (nahiz eta oparoki ordainduak, kasu askotan) sortutako atsekabea.
Lanaren inguruan dugun begirada aldatzen ari ote da? Soldata duin bat baino, zerbait gehiago bilatzen al dugu? Agian bada momentua koiunturari modu etengabean begiratzeari uzteko eta behingoz gure gizartearen benetako erronkei atentzioa jartzeko.
Adimen artifiziala gure erreskatean etorriko denaren itxaropena dute batzuk. Beste batzuk, horren beldur dira. Daukagun zeregin erraldoi horren aurrean adimen guztiak elkarlanean jarri beharko ditugula uste dut nik.