IRITZIA

Kripto iruzurrak

Azken urteotan kriptodirua finantza-munduko elkarrizketa askoren erdigunean kokatu da, aukera paregabeak eskainiko dituztela dioten promesak direla eta. Teknologia iraultzailea izateaz gain, fenomeno horrek arrisku eta ezbehar ugari ekarri ditu gurera. Azkena? Nafarroan jazo dena.

Mundu mailako iruzur handi eta txikiak azaleratu dira azken urteotan, Sam Bankman eta bere FTX proiektua entzutetsuenetarikoa izan bada ere, milaka eta milaka herritar dira iruzurtuak izan direnak, Ponzi sistema ezaguna erabilita.

Kriptodirua ulertzeko beharrezkoa da horren atzean dagoen teknologiara hurbiltzea. Teknologia horren oinarria da blockchain edo blokeen kate luze bat, transakzio guztiak jasotzen dituen sistema zigilatu eta erregistro publiko modura funtzionatzen duena. Teknologia horrek segurtasun sentimendua sortzen badu ere, ezbaian jarri da iruzurrak ekiditeko egokia ote den.

Kripto iruzurren oinarrizko printzipioa eta jendea erakartzeko mezua zera da: promesa handiak egin; arrisku gutxi eta irabazi izugarriak lortzeko aukerak eskaintzen direla sinetsaraziko duen mezu itxaropentsua. Azkenaldian oihartzun handia izan duen kasua sortu da Daniel Valdésen inguruan, kriptodiruan oinarritutako Nexxyo Labs start-uparen sortzailea. Valdés preso sartu dute Nafarroan, hainbat inbertitzaileri milioika euroko iruzurra egiteagatik. Diru bilketa handi bat egin zuen bere plataforma erabiliz, eta jendeak milaka euro sartu zituen, berriro ere, diru-etekin izugarriak aterako zituzten itxaropenarekin.

Ez dut spoilerrik egin nahi, baina pentsatuko duzu zein izan den emaitza. Duela urtebete utzi zion Valdesek inbertitzaileei dirua emateari, eta egun batetik bestera itxi egin zuen iturria. Orain arte 30 bat salatzaile izan badira ere, Poliziaren atestatuak azpimarratu du 300 pertsona baino gehiago izan daitezkeela kaltetuak, eta inbertsioak 1.000 eta 300.000 euro bitartekoak izan daitezkeela kapital handienen kasuan. Valdés emaztearekin batera atxilotu zuten, gutxienez milioi bat euroko iruzurra egotzita, baina kaltedunei deklarazioa hartzeko zain, hainbat milioi euroko iruzurra izan daitekeela kalkulatu dute asteotan.

Zoritxarrez, ez da kasu isolatua, eta ez da azkena izango ere. Iruzurrak egiteko modu asko dago, eta horien artean erabiliena, eskema piramidalarena da. Nola funtzionatzen du? Inbertsio itxaropenarekin sartzen den partaide berrien dirua aurreko partaideei itzultzeko erabiltzen da —normalean sartu duten dirua, eta etekinak—. Horrek sistema jasanezin bihurtzen du. Horrez gain, badira tokenen edo kriptodiru espezifikoen salmenta edo sortzearekin lotutako proiektuak ere, jendeari iruzur egiteko sortuak. Kasu horietan, jendeari token horien balioa izugarri igoko dela sinetsarazten zaio, baina errealitatean ez dago horrelako balio igoerarik eta proiektuaren sortzaileek lehenengo partaideen inbertsioak aprobetxatu eta desagertu egiten dira, ekipoak likidatu eta dirua lapurtuz.

Euskal Herrian ez da kasu isolatua izan. Kripto-ekonomia sustatzeko gazte eta “iraultzailearen” irudia baliatu da asko, “askatasun finantzarioa” deitzen dioten hori lortzeko itxaropena salduz. Jende asko —normalean, lehen diru-sarrerak jasotzen dituzten gazteak edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonak— erakarri da era honetako estafetan, baina zorionez, geroz eta gehiago entzuten ditugu horrelako iruzurren adibideak, gizartearen kontzientzia-maila areagotzen duten horietakoak.

Oso berme eta babes gutxi dago oraindik kriptodiru inbertsioetan, eta inbertsiogile askok, kriptoaren inguruko ezagutzarik gabe, beren aurrezki edo kapitalaren portzentaje handiak bideratu dituzte iturria eta proiektuen atzean dauden pertsonak ezagutu gabe. Horrela ez! Garrantzitsua da herritarrak sentsibilizatzea eta informatzea. Kripto-merkatuaren promesek ez dute beti errealitatearekin bat egiten, eta ezagutzak sakondu ezean, dirurik arriskuan ez jartzeko deialdia egin behar da kriptodiruaren inguruko blufak atzean duen errealitatea aztertu eta erregulatu arte. Kripto-proiektu berritzaileak eta iraultzaileak diruditen horiekin, adi gero!