IRITZIA

Kriptoametsa edo kriptonita?

Urriaren 3an, astelehenean, Espainiar estatuan finantza-hezkuntzaren eguna izan zen. Ministerioren batek eta zenbait erakundek bultzatutako ekintza da, gizartearen jakintza maila hobetzeko. Antolatzen diren jardueren artean, ikastetxeen arteko lehiaketa nabarmenduko nuke, ikasleek frogatu behar baitute finantzen munduan “alfabetatuta” daudela. Herritarren finantza-ezagutza hobetzearen aldeko ekimen guztiak positiboak dira, eta asko dago hobetzeko, batez ere gazteen artean. Jakintza eremu garrantzitsua da, etorkizuneko gizarte osasuntsu bat eraikitzeko. Gurean ere horrelako ariketak egiten dira, aurten Gipuzkoan Eraiki zure etorkizuna, izan zaitez argia diruarekin! lelopean egindako kontzientziazio-kanpaina kasu. Ekintza positiboak, duda barik.

Bestalde, biztanleriaren zati handi bat, batez ere gaztea, kriptodiruaren ametsak liluratuta dago, kriptoamets baten antzeko zerbaitetan. Sare sozialetan iragarkien bitartez zabaltzen diren mezuak sektenak dirudite, sinesmenak zabalduz eta fededunak erakartzen saiatuz. Iragarki horiek ez dituzte zabaltzen finantza-enpresen mezu klasikoek. Kontua ez da bitartekari-zerbitzuak kriptodibisa-merkatuetan saltzea ondo dagoen edo ez, merkatu horretako enpresa bitartekaria legezkoa baldin bada. Zerbitzuen salmentatik haratago doa, eta mezu iraultzaileak igortzen dituzte, kriptosektak aginduta: “Ez dezagun utzi estatuek beren zergekin gure dirua lapurtzen”, “inbertitu ezazu gurekin kripto-merkatuetan zure aurrezkiak ogasunaren konfiskazio gabe haztea nahi baduzu”, eta abar. Mezu horiek iraultza moduko batera deitzen dute, ultraeskuinaren ideologia eta kiratsa argia duena, azken hamarkadetan sortu diren gizarte-egitura eta gizarte-kohesioaren aurka. Ez da kriptoametsa; edozein motatako kontratu sozialaren kriptonita hutsa da.

Kirats ideologikoarena ez da kirats bakarra. Kriptoamesgaizto horren beste alderdi garrantzitsu bat ingurumena da. Nature aldizkariak argitaratutako artikulu berri baten arabera, kriptotxanpon handieneko meatzaritzak (Bitcoin) uste baino gehiago kutsatzen du. Artikuluaren arabera, txanpon horrekin lotutako meatzaritzak Austriak eta Portugalek batera kontsumitzen duten elektrizitatea baino kontsumo handiagoa duela, 75,4 TWh urtean. Benetako basakeria da, jasanezina. Artikulu hau irakurtzen ari bazara, eta kriptotxanpon-meatzaritza ez baduzu ulertzen, bideo hau ikustea proposatzen dizut. Egia da aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari direla, hala nola Ethereumen The Merge prozesua. Ethereumen kriptodirua (ETH) munduko bigarrena da, eta alde handiak ditu Bitcoinekin. Duela gutxi, transakzioak kontrolatzeko eta blokeak sortzeko metodoa errotik aldatu du, Proof of work (PoW) metodotik Proof of stake (PoS) metodora igaro baita. Ez naiz sartuko bi metodoen arteko alde erradikala azaltzera, iritzi-artikulutik artikulu teknikora pasatuko litzatekeelako (eta seguru asko ez nuke ondo azalduko arbelean marraztu gabe), baina garrantzitsuena zera da: Ethereumen energia-kontsumoa %99,9 murriztu dela aldaketari esker. Baina Ethereum beste kriptodiru askoren artean dago, eta, gainera, aldaketak zalantzak sortu ditu haren etorkizunari buruz. Berriz diot: ez da kriptoametsa, edozein motatako jasangarritasun-estrategiaren kriptonita hutsa da.

Kriptodiruari eusten dion teknologia zoragarria da (Blockchain eta Distributed Ledger Technology desberdinak). Oraindik gogoan dut 2017. urteko udan blockchain aplikazio industrialen lehen laborategia martxan jarri genuenean. Teknologia berez ez da ez ona, ez txarra; haren aplikazioaren araberakoa da, eta kriptodiruaren kasuan argi dut hau ez dela amets bat, amesgaiztoa dela.