IRITZIA

Lana eta beharra

Maiatzaren 1etik hurbil egin zuen publiko Confebaskek 2024rako Enpresen Enplegu eta Kualifikazio Beharren Inguruko Txostena, sektore ezberdinetako enpresei egindako inkestaren emaitzekin.

Bertan aipatzen diren gaien artean, prentsako deklarazioetan bereziki oihartzuna izan duten adierazpenak kontrataziorako zailtasunen ingurukoak izan dira. Besteak beste, langileen jarrera eta prestutasun edo interes falta aipatzen dira zailtasunen arrazoi gisa.

Interesgarria litzateke jarrera, prestutasun eta interes faltaren kontzeptuaren pean zein jokabidek aterpe hartzen duten jakitea. Are gehiago, kontzeptu anbiguo horien atzean ezkutatzen ikusi izan ditugulako lan kontratuan sartzen ez diren funtzioak eta orduak betetzea, eskatu daitekeena baino gehiago ematea, edozein ordutarako disponibilitatea… Finean legalki eskatu ezin diren gauzak, baina espero eta exijitu ohi direnak.

Tresna digitalek, hiperkonektibitateak, telelaneko orduen muga lausoek… laneko orduen eta bizitza pertsonalaren arteko banaketa irentsi dute hainbat jardueratan. Horrez gain, lanerako erabiltzen ditugun tresna teknologikoek lan bolumena eta dispertsioa (lan handiagoak, proiektu ezberdin gehiago aldi berean) areagotu arren, horien atzean dauden pertsonok informazio hori prozesatzeko eta horren aurrean erabakiak hartzeko edota sortzaile izateko gaitasun bera dugu orain eta telegrafoaren garaian. Abiadurak eta konplexutasunaren kudeaketak ez dute hori aldatuko. Alderantziz, saturazio egoeretara eraman gaitzake. Produktibitateak, beraz, giza gaitasun mental eta emozionalaren sabaia joko du, gizakiaren mendekoak izaten jarraituko duten zereginetan bederen. Sentitzen dugu, pertsonak gara.

Slow productivity bezalako kontzeptu ustez ongileen atzean ere, azken argumentu bat bilatu behar da proposamen zilegitzat hartua izateko: finean produktibitatea eta lanaren kalitatea hobetuko dituela. Ez dirudi nahikoa lan ingurune osasuntsuagoak sortzea, lan kargak arrazionalizatu eta posible denaren eremura itzularaztea eta ondorioz lan erritmoak jasangarri egitea. Sentitzen dugu, pertsonak ez gara nahikoa.

Delikatua da jarrera eta prestutasun faltaren aipamena bereziki eraikuntza bezalako sektoreetan, hain zuzen ere lan istripu eta heriotza zifra altuenetarikoa dituen sektoreetako bat izanik. 2024an lerro hauek idazterako Euskal Herriko 22 langile hil dira lanean. Delikatua da lanerako prestutasunaz hitz egitea zenbait arlotan, lanaldi osoko soldata batek alokairu xume bat ordaintzeko eta bizitzeko ez badu ematen.

Gogorra da lana bera, eskubidea izanik merkatu erregulatu batean bada ere, merkatu baten bitartez esleitzea. Are gehiago, lana gure sisteman beste eskubide batzuk eskuratzeko baldintza ere badenean.

Lanak duindu egin behar dira. Lanpostuak bizigarri egin behar dira. Hori gertatzen ez den artean, beharrak asetu ordez beharretatik elikatuko da gure ekoizpen eredua.