Maitasuna, haragi merkatuak eta bikoteak SL
Duela asko, kafe baten bueltan, Tinder atera zen elkarrizketagai. Beste hiri batean ginen, eta beraz gurekin jesarrita zegoen lagun bat aplikazioak eskura jartzen zion eskaintza berria aztertzeari ekin zion. Izan ere, herri txikietan oso jende gutxi omen dago. Beti berdinak, zerrenda hasi, bukatu eta berriro hasi aritzen omen zen bestela.
Haragi merkatuaren edo platerak bueltan dabiltzan jatetxe japoniar horietako baten antza hartu genion erabiltzaile ez ginenok, nahiz eta erablitzaileentzkao zekartzan abantailak ikusi: denbora aurreztea; norberaren antzera jendea ezagutzeko interesa dutenekin kontaktu zuzena egitea, beste testuinguruetan bigarren intentzioak eta keinu txikien iruzkinak eta interpretazioak egiten aritu ordez, eta niretzako esanguratsuena, bestearen interes faltaren aurrean irtenbide duin eta diskretua, arimako atximur hori ahalik eta txikiena egiten duena.
Astebete eskas izango da berriro ere beste lagun talde batekin honi buruz hitz egiten aritu nintzela. Kasu honetan kontaktua egiteko estrategiez aritu ginen. Hain zuzen ere, mundu digitaletik kanpoko bizitzan ezagutzen ditugun eta aplikazioan eskaintzen zaizkigun pertsonekin zer egin. Nola hurbildu. Edo nola jaso. Zenbateraino den anonimoa.
Ekonomiako hainbeste ertz azaltzeko, eta era berean, aztertzeko hain iruditu zitzaigun tresna aproposa, ezen zerrenda bat osatzen hasi baikinen. Aplikazioa eta bertan sortzen diren hartu-emanak eta erabaki-kateak Levittek eta Dubnerrek hurrengo Freakonomics liburuaren errebisioan sartzeko moduko zabalpenak idazteko emango luke.
Jokoen teoriaren laborategi bikaina da aplikazio horren interakzioen datu basea. Balio du, esaterako, informazio ez perfektuarekin erabakiak modu errepikakorrean hartzearen segidekin zer gertatzen den behatzeko. Badu, gainera, presoaren dilema baino, Schrödingerren maitalearen dilema dei geniezaiokeen beste aldaera bat: urliak sandia hautatzea baina sandiak urlia ez, biok arre ala biok so egitea, ezer aldatzen ote den ezezko edo baiezko askoren ostean… Portaeraren ekonomia aztertzen duten adituentzako jolas-parke bat izan behar da datu base hori.
Adi, ez naiz Tinder eta antzerako aplikazioen erabileraren epai moralik egiten ari, hain maiz entzuten den “garai batean egitazko harremanak egiten genituen” nostalgiko horietan ezkutatuta. Behar bati erantzuten diotelako funtzionatzen dute, eta hala den artean hortxe egongo dira. Are gehiago, maitasuna merkatu bezala planteatzea ere ez da berria eta aplikazio hauek ez dira gaur egun maitasunak, ezkontzak eta bikote ereduek duten lekua kolokan jartzera etorri.
Bikote monogamo eta “maitemindu” gisa kataloga dezakegun maneran jokatzen (eta bereziki, kontsumitzen) duten loturei gorazarre egiten ari gatzaizkion egun hauetan, ez dezagun ahaztu familia nuklearraren zutabe den eredu hau ere merkatuko transkazio bat izatetik zenbateraino dagoen hurbil. Pentsa legalki gaur egun ere ezkontza merkatal sozietate bat eratzearen parekoa dela, jabetzak kudeatzeko erregimen bat, bikoteko kide bakoitzaren eskubide eta betebeharrak xedatuko dituena.
Izan daitezela merkatuak gure lurreko ekoizleen produktu zoragarriak erosteko leku, baita erretiratutako nekazari txikienak ere, eta izan dadila maitasuna beste zerbait, zerbait handiagoa, forma zehatz eta bakarrik gabea eta beherapenetarako biltzeko zailagoa.