IRITZIA

Merkatuak, ekonomia txikiaren azken plazak

Hitz hutsa litzateke artisautza merkatuak balio handikoak direla erratea. Ezin lezake gaur egun inork hori ukatu. Uste dut gizarteak balio hori antzematen duela, dela instituzioek eta elkarteek bertako produktuen alde eginiko kanpainengatik, dela artisau, nekazari eta abeltzainen ahaleginagatik. Denok bat egiten dugu, eta harro eramaten dugu zintzilik erosketak egitera goazenean Etxean etxekoa edo Nik, bertakoa dioten oihalezko poltsak.

Zernahi gisaz, batzuetan kanpaina baten leloa eta gizabanakoen erosketa-ekintza oso urruti egoten dira bata bestetik. Test txiki bat erantzunda jakin daiteke erosle kontzientziatuak garen edo ez garen. Galdetuko banizkizu ondoko galderak hauek: 1. Zer gazta izan ohi duzu etxeko hozkailuan?, a) Nire eskualdeko edo Euskal Herriko artzai-gazta, b) Gazta xerratua, ez dakit jatorria, marka zurikoa; 2. Eta zein garagardo?, a) Nire eskualdeko edo Euskal Herriko garagardo artisaua, b) Supermerkatuko latak; 3. Zein ogi erosi ohi duzu?; 4. Eta nongo hestebeteak?; 5. Zerbait oparitzerakotan bazaude, Amazonen ala artisautza-ferian erosten duzu?; Erantzun gutxi horiek aztertuta nahikoa da zer gisatako eroslea zaren ondorioztatzeko, ekonomia zirkularraren parte zaren edo ez zaren jakiteko, alegia.

Herri oso txikietan bizi garenok, hirietatik oso urruti dauden ibarretan, populazio txikia ez ezik, ekoizpen eta bertako produktuen eskaintza urria ere dugu. Bistan da turismoak lehen sektorea irentsi duela, oreka aspaldi hautsi baitzen (oreka inoiz izan bada); eta hori da, hain zuzen, Pirinioetako ibarretako erronkarik handiena gaur, Nafarroan, Huescan zein Katalunian. Behin edo beste hedabide honetan azaldu dudan moduan, 1960ko hamarkadan landa-eremuko exodoa egon zen hiriburura Nafarroan. Herrietako udaletako erroldek behera egin zuten nabarmen, udalerri askotan erdira baino gutxiagora murriztuta gelditu baitziren.

Adibide bat ekartzearren, Burgikoa ekarriko dut, ene herrikoa, non 1950. urtean 600 bizilagun izatetik, 1970ean 300 eskas izatera pasa zen. Egun, fenomeno hori izendatzeko elea asmatu dugu, politikari guztien agendetan eta ahotan dagoena. Nork ez du, bada, “despopulazioa” edo “landa eremuko hustea” hedabideetan entzun edo irakurri azkeneko urteotan? Ez dugu, alabaina, despopulazioa behin betiko gelditzeko giltza aurkitu; bai, ordea, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko modu ezberdinak. Artisautza azokak dira, hain zuzen ere, gure herriak biziberritzeko eta alaitzeko modurik ederrena, baita bertako ekonomia suspertzeko modurik zuzenena ere, bertan xuntatzen baikara ilusio handiz artisautza-proiektuei ekin diegun herritarrak, erostera pozez etortzen diren bizilagunekin. Eduardo Galeano idazle uruguaitarrak dio: “Jende txiki anitxek, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake”. Landa-eremuaren balioa azpimarratzeko ez dago, ene irudiko, esaldi hoberik.

Nik inurri langileekin alderatzen ditut beti herrietako artisau eta ekoizleak, isilpean eta etenik gabe, gau eta egun, lan eta lan aritzen direnak; negua haien tailer, lantegi eta bordetan lan eta lan igaro ondoren, bedatsea* heldu, eta, plazaz plaza eta azokaz azoka xoateko gogoz eta premiarekin hibernaziotik ateratzen dira. Azken batean, merkatuetan, egindako lanaren erakusleihoak izanik, artisauok parada dugu gure bizitza duinagoa egiteko, nolabait, bizi ohi garen prekarietateak gutxiago itoko gaituelako itxaropenaz.

*udaberria Erronkaribarko euskaran.