Mezua bitartekoa da
The King’s Speech ('Erregearen Hitzaldia', 2010. urtea) filma historiko gisa katalogatuta dago, eta hala ez denik ezin esan, noski, baina ez da hori gaur interesatzen zaidana. Azken aste hauetako gertakarien argitan, AEBko hauteskundetako emaitza aztoragarriak ikusirik bereziki, merezi du berriro ikustea, pelikula ederra baita, eta argigarria oso: herritarren iritzietan eta emozioetan esku hartzeko gai izateak duen garrantziaren adibide garbia da.
Hitzaldi ganorazkorik egiteko gaitasunik ez duen erregea da Bertie; Jurgi VI.a izenaz gobernatuko du —ustekabean eta bere borondatearen aurka— errege bilakatzean, anaiaren abdikazioak ondorengotza-lerroan eragindako etena betetzeko. Bertie hitz-totela da, ezaugarri benetan makurra eta mugatzailea irrati mezuek edo jendetzaren aurrean emandako diskurtsoek munduko agenda politikoa markatzen duten garaian. Egin kontu zein diren bere garaikideak: Hitler eta Churchill, ideologiari dagokionez guztiz kontrajarriak direnak, baina zeharo baliokideak direnak hizlari-gaitasun, konbentzitzeko trebetasun eta herri-lidergoan. Alemania naziaren aurkako gerra deklarazioaren hitzaldi hunkigarria emititzeko gai izan arte ez dugu Bertie errege fidagarri gisa ikusten, pelikularen amaieran. Barkatu spoilerra.
Joan den asteartean milioika estatubatuarrek egin zuten hautua ulergaitza gerta dakiguke (niri behintzat, zeharo ulertezina egiten zaidala aitortzen dut), baina ikaspen argia datza horren atzean: boterea eskuratu nahi duenak herritarrak bere alde jarri beharko ditu eta horretarako, ezinbestekoa da pertsonek beren iritziak osatzeko eta emozioak eraikitzeko erabiltzen dituzten bitartekoak kontrolatzea.
XX. mendearen erdiko Europan herritarrek irratia baliatzen zuten informazioa jasotzeko. Churchillek ongi baino hobeto zekien hori, Hitlerrek bezain ongi. Egunkariek pisu handia zuten, noski, baina elitearen tresnak ziren paperezko euskarriak, masa-komunikabide izendatzen ditugun arren. John Fitzgerald Kennedyren aroa nekez uler daiteke telebistarako bere trebezia aintzat hartu gabe, ezta Ronald Reaganen presidentzia ere zinema-izar gisa aldez aurretik egindako ibilbidea bazter uzten badugu. Barack Obama izan zen sare sozialen erabileran lehen urratsak egin zituen lehena, munduko beste zenbait tokitan Udaberri Arabiarrak Facebooken ikusten genituen bitartean. Zantzu argiak daude Brexitaren eta Trumpen lehen agintaldiaren atzean algoritmo-dantza ez guztiz garbia egon zela esateko, eta badira esaten dutenak bi prozesu horietan egiazko irabazlea Cambridge Analytica etxea izan zela.
Europako hauteskundeetan kontinente zaharrak eskumara egin zuen bira, nabarmen. Estatu Batuetan giza-duintasunik minimoena ere errespetatzen ez duen gobernua ia ahalguztiduna izango da hurrengo lau urte hautetan. Alemaniako hauteskundeak egiten direnean, seguruenik datorren udaberrian, Olaf Scholz kantzilerraren alderdiak gorriak ikusiko ditu. Frantzian, Emmanuel Macronek beste pare bat urte egingo ditu presidente, baina 2027an du iraungitze-data. Italia, Austria, Suedia… gehiagorik nahi?
2021. urtean Elon Muskek Twitter erosteko asmoa zuela zabaldu zenean, dirutza hori demasekoa zela pentsatu genuen askok, eta orain badakigu prezio hura ez zela txoritxoa eskuratzekoa, munduko bulegorik boteretsuenean besaulki bat izatekoa baizik.
Irratiak hitz egiteko gaitasuna eskatzen zuen, telebistak itxura ona, sare sozialen lehen aroak enpatia eta konexioa. Iluntasun algoritmikoaren etapa batean bizi garelarik, zein dira eskuratu behar ditugun gaitasunak, zaintza demokratikoa bermatzeko? Mezua bitartekoa da, bai, baina nora iritsi nahi dugun erabakitzea, oraingoz behitzat, guri dagokigu.