IRITZIA

Mileiren iraultza: urrezko azenarioa, burdinezko motozerra eta zilarrik gabeko etorkizuna

Javier Mileik ez zituen soilik irabazi orain hilabeteko hauteskundeak, baita azken berrogei urteotako peronisten eta antiperonisten arteko konfrontazio-joko binario historikoa irauli ere. Argentinaren azken zortzi hamarkadotako historia ez dago ulertzerik peronismoa kontuan hartzeke. Juan Domingo Peronek (1895-1974) Alderdi Justizialista 1946an sortu zuenetik, Argentinan izan diren gobernu demokratiko guztien %90 peronistak-edo izan dira. Raúl Alfonsin presidenteari (1983-1989) batere meriturik ukatu gabe, segurutik Peron bera izan zen modernitatearen apostua egin zuen lehen presidente argentinarra (1946-1958), gizarte-eskubideak, langileriaren duintasuna eta feminismoa estreinako aldarrikatu (1) eta aurrenengo energia-plana burutu zuena.

Adierazgarri gero, hiruzpalau belaunaldiren ondotik, oraindik ere azken hauteskundeetan –Buenos Airesko probintzian, non bizi diren argentinar guztien %37– ez duela Mileik irabazi, Massak baizik.

Zer gerta ere, Milei ez zen bere meritu soilez nagusitu Estatu federal osoan, azken urteotako pobrezia nabarmenak, krisi ekonomiko latzak, inflazio galantak, lotsarik gabeko ustelkeriak eta kirchnerismo harroxkoz mozorrotutako peronismoaren porrotak eraginda baizik. Whatsappa ez da segurutik hausnarketa sakonetarako aplikaziorik egokiena, baina beti peronismoari botoa emandako euskal jatorrizko jubilatuak bere aldaketa historikoa argitzeko azaldu zidan bezala: “Vos votarías como presidente al ministro de Economía (Massa) que tiene una inflación del 140% anual?”

Mileik, besteak beste, hiru proposamen egin zituen irabazte aldera: azken belaunaldian errotu den “kasta” politikoa baztertu, neurri gabeko pribilejio, laguntza eta gastu onartezinak deuseztatu, eta bidea egin berriro ere Argentina itzul dadin munduko naziorik aberatsenetakoa izan zen garaietara.

Hogei egun eskas baino ez dira Milei presidente izendatua izan zela, eta honezkero argentinarrak jabetu dira:

  1. XX. mendearen hasieran Argentina aberaratsenetakoa izan zenaren gomuta alegiazko azenarioa besterik ez zela, katarsia eragiteko eta azken urteetan finkatu den okerreko norabide kronikoa aldatzeko.
  2. Agintea hartu bezain laster Mileik dekretuz aldatu duela senideak gobernuan sartu ezin ahal izateko indarrean zegoen legea, ondorioz bere arreba (2) zuzenean kontratatzeko.
  3. “Kastakoak” arbuiatuko zituela agindu arren, azken hogei urteotako gobernuen inguruan aritutako Patricia Bullrich eta Luis Petri izendatu dituela, Segurtasun eta Defentsa ministro, hurrenez hurren.
  4. Hirurehun atal zorrotzeko megadekretuz,  zorioneko motozerra inaustariak kupidarik gabe ekin diola ekonomia argentinarra erabat desarautzeari, nahiz Kongresuaren, Justiziaren eta sindikatuen galbahea gainditzeko denbora behar izango duen.
  5. Eta, antza, “no hay plata” delako abisu gardena hainbat belarritan minbera suertatu arren, ez duela ezustean harrapatu hauteskundeetako bigarren bueltan Mileiren alde bozkatu zuen gehiengoa. 

Izan ere, bat etor daiteke edo ez Mileirekin eta bere proposamen politiko ozen eta zoliekin, baina ezin izango du inork esan, behintzat, ulertzen ez zaiola.

 

(1) Emakumezkoen Alderdi Peronista 1946an sortu zen eta ondoren emakumeek lehen aldiz bozkatu ahal izan zuten.

(2) Karina Milei, Lehendaritzako Idazkari Nagusia izango da, ministro mailaz.