Miren Arzalluz, Guggenheim Bilbao Museoaren ontzaile
1997an sortu zenetik honako hiru hamarkadotan, Guggenheim Bilbao Museoaren arrakasta ez dago zalantzan. Titaniozko eraikinak beste ezerk baino nabariago irudikatzen du mundu zabalean euskal abangoardia. Baina, nazioarteko museo eta ikono turistiko ez ezik, Guggenheim Bilbao kontuan hartu beharreko euskal enpresa ere bada, zenbakiak harro asko azaltzen dituena.
Abandoibarrako museoak sekula baino bisitari gehiago izan zuen 2023an. Guztira 1.324.00, zeinetatik %86 izan ziren Euskal Autonomia Erkidego kanpotik etorriak. Mugimendu horrek 762,2 milioi euroko eragin ekonomikoa izan zuen iaz eta 657 milioi euro bestekoa, BPGri egindako ekarpena. Oinarrizko zutabetzat du, berriz, 121 elkarte, bazkun eta enpresaren sustapena. Kontserbatu eta ondu beharreko ondarea.
Hiru hamarkada luze joan dira Juan Luis Laskurain Ogasun diputatua eta Joseba Arregi Kultura sailburua harremanetan hasi zirenetik Guggenheim Fundazioarekin. 1992an Jose Ignacio Vidarte aukeratua izan zen Guggenheim Bilbao Museo egitasmoaren zuzendari, eta ondotik etorri zen Frank Gehry proiektuaren hautapena; 1996an, berriz, Vidarteren izendapena Guggenheim Museoaren zuzendari nagusi gisa, eta 1997an museoaren inaugurazioa. Hogeita zazpi urteko kudeaketa eraginkorraren ostean, Juan Ignacio Vidartek kargua uztea erabaki du, ziklo berriari ekiteko une egokia delakoan.
Eta horra non Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatoak erabaki duen zuzendari jartzea Paristik datorren arte-historialaria, orain arteko arrakastaren arduradun izan den ekonomialariaren ordez. Arrazoiak edozenbat izango dira, eta denak ganorazkoak seguru-segurutik, baina, horrenbeste zentzuzko azalpenen artean laburtu beharraren beharrez, Migel Zugaza Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendariak erabilitako izenondoa da gako adierazgarri bezain azpimarragarria: “curatoriala” omen da Miren Arzalluzek eskaini dezakeen betekizuna.
Ez da ohiko hitza espainiar museo-sektorean. Mundu anglo-saxoian erabili ohi da “curator” (latinezko ‘curare’, zaindu, osatu) delakoa, gurean “kontserbatzaile” dena adierazteko. Baina, behar bada, kutsu erantsi esanguratsuaz, “curatoreak”, gorde, kontserbatu, zaindu eta balioetsi ez ezik, baliarazi ere egin behar baitu. Hau da, museoak dituen ondareen eta bisitariaren arteko zubigintza areagotu, interesarazi, harreman ulergarrietan jarri, irizpide bateratua moldatu eta kontakizun liluragarriak proposatu. Alde horretatik, batek daki karguak ez ote lukeen euskaraz “ontzaile” izena merezi izango, museoak —gazta, larrua eta jantziak bezala— ez baitira kontserbatu soilik egin behar, baita gogotik “ondu” ere.
Vidarte ekonomialariak 1997tik hona eraikitako trenbideak aurrera darrai zindo, eta errailetan abian jarritako lokomotorraren prestaketek ez dute ajerik, jakineko arrakasta lekuko. Baina, sarriegi aipatu ez arren, egia ere bada urtetan Bilboko museoaren arte-estrategia New Yorketik bideratu izan dela, azken bolada honetan, apurka-apurka, Bilboratzeko ahaleginik egin bada ere. Hain zuzen, Miren Arzalluzen soslaiak joera hori areagotzen, gatzatzen eta mamitzen lagun dezake batere zalantzarik gabe.
Garai batean, egunkarien, ospitaleen edo museoen zuzendari nagusiak, nolabaiteko logikaz, kazetariak, medikuak eta artistak izaten ziren, kudeatzaileak edo administrazio-arduradunak teknikariak ziren artean. Aspalditxotik, ostera, kontu-eramaileak izan ohi dira kudeatzaile nagusi, eta sektoreko profesionalak, berriz, teknikari. Segurutik hala izaten jarraituko du aurrerantzean ere, baina…
Bitartean, pentsatu nahi dugu Miren Arzalluzen izendapena mirari txikia dela, nolabaiteko iraultza-izpi pozgarria. Ziur aski kontuak segurtatu samarrak direlako eta, jakina, “Paristik datorren artistak” konfiantza (eta erronka) hori merezi duelako.