IRITZIA

Naturaren babesa, ekonomia jarduerarentzat ere ezinbestekoa

Krisi klimatikoak gero eta arreta handiagoa jasotzen du komunikabideetan baina ez da gure planetak aurre egin beharreko krisi bakarra. Bioaniztasun edo dibertsitatearen galera azken 10 milioi urteetan aurrekaririk ez duen abiaduran gertatzen ari da, eta planeta-mailan suntsitze masiboa izateko arriskua adierazten dute.

Biodibertsitatea Lurraren biziaren aniztasunaren neurria adierazteko termino zientifikoa da. Zientzialariak gure planetaren bioaniztasuna egoera larrian dagoela aspaldi ari dira azaltzen, eta krisi horri erantzuteko denborarik gabe geratzen ari garela ere. Gogoan dut Europak bioaniztasunaren galera 2010ean gelditzeko helburua izan zuela. Hura ez zen bete, noski, ezta horren ondoren Aichin adostutako helburuetako bat ere ez. Aurtengo abenduan, munduko agintariak bioaniztasuna babesteko itun berria sinatzeko elkartuko dira Montrealen (Kanadan), Naturaren Parisko Hitzarmena izan daitekeena.

Zergatik hitz egin bioaniztasunari buruz enpresari zuzendutako komunikabide batean? Arrazoi ugari dago naturaren babesa aldarrikatzeko. Lehenik eta behin, bioaniztasunak berezko balioa du, hau da, gure basoek, koral arrezifeek edota oihanek izateko eskubidea dute. Bigarrenik, eta hau nahikoa ez balitz, bioaniztasunak gizakiontzat ere balio handiko ondasun, zerbitzu eta balioak eskaintzen dizkigu: gure bizimodua eta ongizatea naturaren menpe daude, gure kultura eta izaera inguratzen gaituen paisaiaren ondorio dira, eta, nola ez, gure ekonomia ere naturari estuki lotuta dago.

Orain dela aste batzuk Davoseko Munduko Ekonomia Foroan bildutako agintari eta enpresaburuen arabera, bioaniztasunaren galera munduarentzako hirugarren arrisku nagusiena da, klima ekintzaren porrota eta muturreko gertakarien ostean. Munduko Ekonomia Foroak berak 2020an argitaratutako txosten batean honakoa erakusten zuen: naturarekiko menpekotasun handia duten industriek munduko barne produktu gordinaren % 15 sortzen dute (13 bilioi dolar), eta maila ertaineko mendekotasuna dutenek berriz, % 37 (31 bilioi dolar). Hauen baitan, hiru jarduera nagusiek (eraikuntza, nekazaritza eta elikadura) urtero 8 bilioi dolar inguruko balio erantsi gordina (BEGd) sortzen dute. Testuingurua eskaintzearren, 2021ean Europar Batasunaren BPGa 14,5 bilioi eurokoa izan zen.

Beraz, bioaniztasunaren galerak eragin zuzena izan dezake hainbat jarduera ekonomikotan, eta gainera badaude horietan zeharkako arriskuak ere. Erresuma Batuko Finantza ministerioak 2021ean argitaratutako Dasgupta txostenak argi jasotzen du naturarekin harreman iraunkorra izateko huts egin dugula, eta gure bizimoduari lotutako eskariak nabarmen gainditzen duela ekosistemek zerbitzu eta ondasunez hornitzeko gaitasuna. Txostenaren ondorioei helduz, gure ekonomiak naturan integratuta daudela ulertu eta, ondorioz, biodibertsitatearen galera geldiarazteko neurriak ezarri behar ditugu, atzera bueltarik gabeko egoera bihurtu aurretik.