Nekazaririk gabeko nekazaritza?
Ezin dezaket esan nekazaritzaren gaia arrotza egiten zaidanik. Aspaldian, nire ibilbide akademikoa hasten ari zenean, lehen sektorearen eta landa guneen arazoak izan nituen aztergai. Eta, garai batzuetan gehiago eta bestetan gutxiago, horretan darrait. Horrek eman dit aukera azken 30 urtetan lehen sektoreak jasandako aldaketen behatzailea izateko. Aldi berean, nekazaritza eta landa guneen biziraupena bermatu behar zituzten politika eta dirulaguntzak bultzatzeko eta legitimatzeko diskurtsoak sortzen, eraikitzen eta apurka-apurka desegiten ikusi ditut, beste kontzeptuei eta ideia berriei lekua uzteko. Epe guzti honetan, beti egon da sektorearen buruzko edozein hausnarketa inguratzen zuen mehatxu ilun bat: nekazaritza sektorearen krisi amaitu ezina. Mantra hori administrazioek, sektoreko ordezkariek eta adituek errepikatu dute (dugu), baserritarra (eta nekazaria, oro har), desagertzear zegoen espezietzat hartuz. Hala ere, azken asteetan gure hiri nagusietan ikusitako traktoreen zirkulazioak argi eta garbi adierazten du baserritarrek bizirauten dutela. Agian azkenak dira (haiek hala diote), baina bizirik daude. Eta haserre ere.
Mende hasieratik, ustiategien kopurua erdira jaitsi da Hego Euskal Herrian: 25.000 baino gehiago ez dira geratzen, horien erdia baino gehiago Nafarroan. Prozesu hau ez da euskal berezitasuna, Europa osoan ematen ari baita: 2005-2020 aldian, 5,3 milioi nekazaritza-ustiategi desagertu dira Europako Batasunean: % 37ko murrizketa. Hala ere, ustiategi desagerpen horrekin batera ez da ekoizpen-azalera gutxitu, hau egonkor mantendu baita; aitzitik, nekazaritzako enplegua murriztu da (% 36 baino gehiago) eta ustiategien batez besteko tamaina handitu da.
Beraz, lur askok jabe berriak dituzte. Jada ez dira antzinako nekazariak edo bere ondoregoak. Guraso eta seme alabek uko egin diote jarduera jarraitzeari. Belaunaldietan izandako lurrarekiko atxikimenduak ezin du gainditu ordutegi amaiezinek, kostuak estaltzera iristen ez diren prezioek eta administrazio publikoek ezarritako burokraziak ezarritako zama. Esan nahi al du horrek elikagaien ekoizpenak erakargarritasuna (eta errentagarritasuna) galdu duela? Ez, inondik inora. Baina hau beste parametroetan mugitzen da. Inbertsio funtsak bezalako aktoreentzako, nekazaritza- lurrak bere aktiboak dibertsifikatzeko aukera paregabea suposatzen dute. Jabe berri hauek kudeaketa ereduan aldaketak ekartzen dituzte, jarduerak zerbitzu enpresen eskutan jarriz. Elikadura industriako eta banaketa handiko enpresak saiatzen dira lurretan inbertitzen ere, balore kateko aurreko katebegien kontrola izateko eta, horrela, hornikuntza kantitatetan eta prezioetan bermatuz. Kapital finantzarioaren logikapean, lurra beste aktibo bat besterik ez da. Eta edozein aktibo bezala, bere errentagarritasuna maximizatzea bihurtzen da bere existentziaren irizpide.
Zein da, testuinguru honetan, nekazari txiki eta ertainek espero dezaketen etorkizuna? Ezin da ukatu finantza kapitalak sostengatutako nekazaritza- elikadura sistema konbentzionala izugarri eraginkorra dela populazio multzo handiak hornitzen. Eta eredu horrek geroz eta nekazari gutxiago behar ditu. Beraz, finantza kapitalarekin lehiatzea ezinezkoa bada, agian harreman kapitalean inbertitu beharko da: beste nekazariekin, kontsumitzaileekin eta tokiko administrazioekin elkartuz, elikagaiak eraldatzeko, banaketa sareak alternatiboak eraikitzeko eta tokiko kontsumoa sustatzeko. Harreman horien ehuntzea ez dagokie bakarrik nekazariei: beste eragileen parte hartze aktiboa derrigorrezkoa da. Eta administrazio publikoen babesa ere. Baina gizarte osoaren erronka da elikagai osasuntsuak, kalitatezkoa, baldintza justuetan ekoiztutakoak eta prezio duinetan eskaini dezakeen nekazaritza sostengatzea. Horretarako, nekazariak behar ditugu. Nekazaririk gabeko nekazaritza onar dezakegu?