IRITZIA

Nora goaz? Errobiren hamar manamenduak berriro ere kolokan

Bost hilabete eskas dira beste iritzi batean partekatu nuenetik nagusiaren kontra ez mintzatzeko Errobiren deia, beharbada, ez zela egokia.

Orain “one step beyond” joango gara. Izan ere, Balear Uharteetako Auzitegi Nagusiak argitu baitu enpresaburua WhatsApp talde batean iraintzeak ez duela kaleratzea justifikatzen, talde horretako kideek (enpresako langileek) modu pribatuan parte hartzen badute.

Langileek WhatsApp talde bat sortu zuten, enpresaburuari zuzendutako komunikazio bat zela eta. Bertan, eskubide bat eskatzen zuten —abenduaren 24an eta 31n zerbitzurik ez ematea—, eta eskubide hori aldarrikatzen zutenek soilik parte hartu zuten. Izandako elkarrizketetan egindako adierazpen iraingarriak eta laidogarriak enpresaburuak eskuratu zituen, taldeko kideetako batek bere borondatez bere sakelekoaren iraulketa egin zionean.

Ofentsak zuzenean enpresaburuari egin ez izana erabakigarria izan da kaleratzea bidegabetzat kalifikatzeko, enpresariari zuzendu ez zitzaizkiolako eta enpresariak ez zituelako ezagutu behar. Langileek enpresaburuari egindako irain larriek, oro har, diziplinazko kaleratzea justifikatzen dute. Baina ez du kaleratzea justifikatzen enpresaburua aipatzeak enpresaburuarekin gatazkan dauden lankideen arteko elkarrizketa pribatu eta itxi batean (intimitatearen itxaropenarekin egin dena). Eta hori, enpresaburuak gertakarien berri Konstituzioaren 18. artikulua urratuta eduki zuelako, komunikazioen sekreturako funtsezko bermea urratuta, edo, bestela, intimitate-itxaropena urratuta.

Auzitegia ez dator bat, beraz, instantziako epailearen arrazoibidearekin, eta ez du onartu notario-akta, langileak erabiltzen zuen mugikorretik egindako elkarrizketen iraulketa osoa jasotzen zuena. Nahiz eta langile horrek bere borondatez eman mobila enpresaburuari, Auzitegiaren ustetan langile hori taldeko partaide izateak ez zuen legitimatzen txat horretako elkarrizketen eduki osoa enpresaburuari helarazteko, eta ez du legitimatzen hark ezagutza hori baliozkoa izatea, ezta, are gutxiago, lortutako informazioa diziplina-helburuetarako erabiltzea ere. Are gehiago, WhatsApp bidez eman ziren adierazpenek ezin dute inolaz ere justifikatu kaleratzearen bidezkotasuna, zakarrak, bidegabeak, iraingarriak edo diskriminatzaileak izan arren (eta epai osoa irakurrita, oso iraingarriak direla baiezta dezaket), enpresaburuak ez baitzituen inoiz ezagutu behar. Beraz, kaleratzea bidegabetzat (ez deuseztzat) ematen du.

Hala ere, langile haserretu hori: aurrekoan esaten nuena berretsi behar dut. Ironia fina eta baliabide literarioak erabili —gogoratu, gainera, euskaraz ez dagoela irainik...—. Dena den, badaezpada ere, argi ibili norekin txateatzen duzun.