IRITZIA

Nvidia, nostalgiak harrapatu nau

BHk gimnasiorako tramankuluak egiten ditu eta duela hogei urte bideojokoekin aritzeko ezinbestekoa zen Nvidiak orain gure lan mundua baldintzatzen du. 1990eko hamarkadako haurra eta 2000ko hamarkadako nerabea izan nintzen, eta BHk eta Nvidiak dibertsioa esan nahi zuten garai haietan. Hortik gutxira BHk bizikletak egiteari utzi zion eta azken 8 urteetan Nvidiak adimen artifizialerako erabiltzen diren prozesamendu grafikoko unitateetan (GPU) zentratu ditu ahalegin gehientsuenak.

Maiatza inguruan lapurtu zidaten BH TopLine Jumper 100 gorria (eserleku zuri-beltza, kate batez lotua). Bilbo ingurutik ikusten baduzue, idatzi mesedez egunkari honi. Bideojokoetan aritzeko denbora nik bilatu beharko dut.

BH gimnasioan eta Nvidia lanean honek nostalgiko jarri banau ere, ekarpen hau Nvidia zer arraio den azaltzeko baliatu nahi nuen. Aurretik esan bezala, Nvidia GPUak sortzen dituen enpresa bat da. Eta zer da GPU bat? Bada, oinarrian txartel grafiko bat. Zuen etxeetako ordenagailuek prozesamendurako CPUa dute (prozesamendurako unitate zentrala) eta txartel grafikoa, pantailan bistaratzen diren mugimenduak prozesatzeko eta horien karga CPUari kentzeko.

Izan ere, CPUa oso ona da kalkulu handi eta potoloak egiten, hala nola sistema eragilea (Windows, adibidez) martxan mantentzea, baina estu eta larri aritzen da aldi berean milioika kalkulu txiki egin behar direnean. Txartel grafikoak, ordea, oso onak dira horretan. Aitari azaldu nion bezala, imajinatu bideojoko bateko pertsonaia bat. Pertsonaia horiek triangeluz eta laukiz eginak daude (txartel grafikoak ahulak zirenean poligono handiz; orain begiak ia bereiz ezin ditzakeen txaplata txikiz), eta pertsonaia mugitzen den bakoitzean poligono guztiak lekuz eta orientazioz aldatzen dira. Poligono bat hiru dimentsioko espazioan nola mugitzen den kalkulatzea ordenagailu batentzat kalkulu txikia da, baina pertsonaiak (eta altxor-kutxak, bonbak, sokak…) mugitzean poligono asko dira mugitzen direnak. Gainera era koordinatuan mugitu behar dute. Mugimendu horiek kalkulatzen gailentzen dira txartel grafikoak.

Eta aldibereko kalkulu txiki eta koordinatuak zertarako dira onak bada adimen artifizialaren munduan? Nagusiki hizkuntza prozesatzeko. Hiztunok era egituratuan harilkatzen ditugu hitzak gure komunikazioan; ezin ditugu edonola ordenatu eta badago haien arteko barruko koordinaziorik. Ondorioz, zenbat eta GPU ahalmentsuagoak, orduan eta testu luzeagoak trata ditzakegu hitz-kate koordinatu gisa, eta orduan eta lotura sendoagoak sor daitezke hitzen artean. Azken finean, hori baita testua ulertzea eta testu zuzena ekoiztea.

Oker ez banago 2008an erosi nuen bideojokoekin aritzeko nire azken txartel grafikoa; Nvidia GeForce 9600 GT. Gerora ordenagailuarekin jolasteari utzi niola esango nuke. Ez al genion denok utzi? Nvidia txartel grafikoak edozein ordenagailutan egon behar ziren osagaiak ziren. Erabiltzaile arruntak ia ez zien erreparatu ere egiten, baina hor egon behar zuten. Nvidiak bitartean gamer exijenteenentzako produktuekin mantentzen zuen ospea. Adimen artifizialak behar zuen konputazio ahalmena produzitzeko enpresa bakarra bihurtu zen arte.

Orduan hasi zen jendea egunero zerabilen Nvidia hori zer ote zen galdezka. Beranduegi izan zenean, duela urteak Nvidiaren akzioak erosi zituztenei inbidia izaten ere hasi ziren. Bideojokoen garaian Nvidiaren produktuek ez zuten parekorik, baina adimen artifizialaren kontu honek inork inoiz imajinatuko ez zuen dirutza mugitzen du eta hainbat enpresa hasiak dira Nvidiaren GPUei lehia egingo dioten produktuak sortzen. Nire gaztaroan dibertimendu digitalaren monopolioa zuenak lortuko al du adimen artifizialaren monopolioari eustea?