IRITZIA

Ogasuneko ikuskatzailea Basajaunen lurraldean

Gaur Javier ez da ohi bezala Iruñeko bulegoan izanen. Akaso fitxatzera hurbilduko da goizeko 8etan, eta eguneko bisiten ondoren, berriro, desfitxatzera. Aspaldi du gogoan gaur dagokion inspekzioa, baina eguraldi onera itxoin du, errepidean ahalik eta arrisku gutxien egon dadin. “Negu ondoan xoanen naiz, elurrak eta izotzak igaritakoan” pentsatu du azkeneko hilabeteetan maiz. Erran eta egin. Etxeko garajean luze geldi izan duen Opel Astra zaharra hartu eta abiatu da azkenekoz duela hamaika urte bere emaztearekin Almadiaren Xeitsieraren Xeia ikusten egondako herri hartarantz. Harrigarria iduri zaio laneko afera batek berriro lurralde hartara eramatea. Basoa eta gazna besterik ez daudela erranen luke. Baina Foru Ogasuneko Zerga Berezien ikuskatzaile gisa doa orain, eta nahiz eta emazteari Erronkariko gazna bat eramanen dion, gaur ez du turismoa egiteko aukerarik izanen.

Hirugarren mendatea igotzen ari delarik, erlojuak markatu dio oren bat daramala autoan, eta industrialde bat baino, Basajaun, Basandere eta Iratxoak aurkituko dituela iduri zaio berari. “Nori demontre bururatuko zitzaion garagardoa hemen ekoiztea?”, pentsatu du. Azkenik, heldu da Burgiko Industrialgunera, uste zuena baino beranduago. Izan ere, Koroetako mendate gaineko ikuspegi ederrak txoratuta utzi du, eta argazkia egitera gelditu behar izan da: bedatseko* oihanaren kolore bizien gibelean Pirinioak elurturik. Whatsapp estadora igoko du, ziur.

Ohituta dago, bere lana dela eta, urduritasunaz blai dauden pertsonekin topatzera inspekzio-bisitetan, baina oraingo honetan aurrean dituen bi langileen gaztetasunak eman dio arreta; ez dirudite sobera nerbioso daudenik; akaso ez dakite sobera onki zer datorkien. Fite azaldu die alabaina bisitaren seriotasuna: “Ez nekien Basajaunekin topatu behar ote nintzen garagardotegi honetan, eta negozioa itxiarazi”. Aho bete hortz gelditu dira bi langileak; Nafarroako Ogasunarekin zorrik ez dituztelakoan daude, hiruhilabeteko zergak ordaintzen baitituzte unean-unean: BEZa, PFEZ eta Alkoholaren gainekoa, ez da guti.

Javierrek, doinu apalago batez azaldu dien moduan, bada Ogasunarekin egin beharreko kontu berri bat: SILICIE. 2020ko urtarrilaren 1etik aitzin, garagardo-fabrikek eta ardo-upeltegiek zerga berezien xede diren produktuen kontabilitatea eramateko betebeharra dute, Zerga Agentziaren egoitza elektronikoaren bidez eta kontabilitate-idazpenen hornidura elektronikoaren bidez. Kontrol-sistema berri horren gaineko argibide gehiago webgunean aurkituko dituztela erran die, baita lehenbailehen egiteko eskatu ere, iruzur egiten ez dutela frogatzeko balio baitu. Erosten eta egosten duten garagar-malta ale bakotxa erregistraturik gelditu behar delako.

Langileak ados, eginen dutela, jakina. Baina momentu horretan ez zekiten urte baten buruan, oraino, ez zutela guziz entelegatu* izanen SILICIE delako kontrol-sistema, hamaika txostenen artean orenak igari ondoren ere, baita Javierri igorritako zalantzez beteriko emaileen erantzunetan zerbait deszifratzeko anitx ahaleginduta ere. Beren produktuaren ekoizpen eta salmenta jarduerei orenak kenduko dizkiete, horren ordez, excel entelegatuezin bati amorraturik eskaintzeko. Nafarroako landa-eremuko beste garagardotegi txikien ekintzaileekin batera negar eginen dute, lan gaitz horrek gaindituta dituelako haiek ere.

“Ekoizpen industriala egiten dute makro-fabrikak egonen ote dira jazarpenaren gibelean?” pentsatu dute. Ziur daude, beraiei ez bezala, loa kenduko ez dien kontua izanen dela, ardura berria kontabilitate-departamentuari esleituz. Zorionekoak, gainera, jakiten dutenean EAEko eta Nafarroako Ogasunak Espainiar estatuko gainerakoak baino zorrotzagoak direla kontrol-sistemarekin. Biba euskal eta Foru Ogasuna!

Bien bitartean, Javierrek pozik egin du Iruñeko bueltako bidea, emazteari eramaten diot ardi-gaznak senar gisa puntu postibo batzuk gehituko baitizkio.

*bedatsea: udaberria Erronkariko uskaran

*entelegatu: ulertu Erronkariko uskaran