Ornitorrinkoen garaia iritsi al da?
Ornitorrinko bat sentitzen al zara lanean? Mokoa ahatearena, gorputza kastorearena. Ugaztuna, baina arrautzak erruten dituena. Hau da, erdibidean dagoen animalia bat, arraroa bezain miresgarria.
Enpresetan badago horrelako ugari. Jende berezia. Ideia berritzaileak dakartzana, bileretan galdera ezohikoak egiten dituena, emozioak lanaren parte direla sinisten duten horietakoak.
Batzuetan ez dituzu izango begi-bistan, horietako asko kamuflaturik bizi direlako, bizirauteko. Ahatez mozorroturik doaz egunero lantokira.
Baina etorkizuneko gizartearentzako paradigma berri baten lehen pausoak datoz orain. Adimen artifizialaren etorrera kontutan hartuta, enpresek eboluzioa egin beharko dute derrigorrez. Horretarako makinek egiten duten horretaz aldendu eta pentsamolde berritzaileak inoiz baino beharrezkoak izango dira.
Enpresa eta erakundeek lehiakorrak eta berritzaileak izaten jarraitu nahi badute, ornitorrinkoei espazioa eta tokia eman beharko diete. Askotan animalia horiek enpresetan baztertuak sentitu ohi dira eta.
XX. mendeko lan-mentalitate tradizionalaren arabera, izaki bitxi horiek ez ziren guztiz moldagarriak lanean. Ez ziren eta ez dira, uste baino enpresa gehiago bizi delako oraindik aurreko mendeko lan-kultura horretan.
Zergatik baztertu izan ohi dira ornitorrinkoak? Karpeta bakar batean sartzen ez zirelako, emozionalki bizirik zeudelako, begiak zabalik zituztelako. Betiko enpresaren giroa itogarria izan ohi da animalia berezi horientzat. Edo ahatez kamuflatu —asko sufrituz—, edo alde egin izan ohi dute.
Pentsa ezazu: zenbat lan esparrutan dago jende irudimentsua, berritzailea, baina guztiz kamuflaturik bizi dena? Adimen artifizialak egiten duenaz haratago joateko, ornitorrinkoentzako ekosistema aproposa eraiki beharko dugu.
Beraz, ornitorrinkoak kontratatzea, taldean zaintzea da enpresen eraginkortasuna bermatzeko modua bat. Animalia berezi horiek bizirik egoteko ekosistema berezi bat behar dute.
Maria Vassilakou urbanista eta Vienako alkateorde izandakoak dio umeentzako aproposak diren hiriak denontzako direla aproposak. Nik honako hau diot: ornitorrikoentzako aproposak diren enpresak denontzako dira aproposak: entzuteko gai den enpresa, ideia berrietara zabalik dagoena; enpatia duena, horizontalagoa, berdintasuna praktikan jartzen duena.
Merkatuaren aurrean ezberdin izateko, eta talentua erakarri eta mantentzeko, enpresa bera ornitorrinko bihurtu beharko da.