IRITZIA

Pantailako idoloak eta Tourra

Honezkero Ibai Llanos streamerrak ez du behar aurkezpenik. Jende gehienak jakingo du egun Bartzelonan bizi eta Interneten arrakasta profesional ikaragarria lortzen ari den gaztea dela. Jende gutxiagok jakingo du, aldiz, bilbotarra dela. Are gutxiagok, konkretuki, Deustuko auzokoa dela, eta soilik “ilustratu” bakan batzuk dakigu, izatez, Deustu Deustukoa baino San Inaziokoa dela –auzo bera ote diren polemikan sartu barik: izan ere, batzuentzat San Inazio Deusturen parte da; beste batzuentzat, berriz, Sani nortasun propioa duen auzoa da-.

Bestalde, aipatzekoa da hementxe bertan EnpresaBIDEAn, Xabier Muruaren artikulu argigarria, Gerard Piqueren eta Ibai Llanosen Kings Leagueari buruzkoa, iragan apirilaren 3koa. Komunikatzaile bikaina da, milioika nerabeen idoloa mundu mailan. Tartean dozenaka mila gazte euskaldunena.

Bilbao - Bilbao. La Otxoaren eta Karraka antzerki taldearen 1984ko musikal mitikoa izateaz gain, aurtengo Frantziako Tourraren lehen etaparen ibilbidea ere izan zen. Uztailaren 1eko Euskal Herriko Grand départ edo irteera handia zuzenean jarraitu bazuen Ibai Llanosek –ez du ematen txirrindularitza, futbola edo saskibaloia adina gustuko duenik-, nabarituko zuen, lasterketa Deustuko San Pedro plazatik Enekuriko aldatsara zihoan bitartean, albo-alboko Ibarrekolandari, San Inaziori eta Elorrietari ez ikusiarena egin ziela Tourraren helikopteroak. Hango plano bat bera ere ez baizen agertu telebistako pantailan.

Tourraren errealizazioak, beraz, Saniri kasurik ez, eta aldi berean, Marca kirol egunkariak kasurik ez Tourraren Euskal Herriko irteera handiari. Aipamen ziztrin bat bera ere ez estatuko kazetarik irakurrienaren lehen orrian. Horren ordez, nor ageri eta Ibai Llanos saniarra. Zer eta bere “Urteko gaua” -La velada del año-  promozionatzen: streamerren eta youtuberren arteko boxeo borrokaldiak Madrilgo Wanda Metropolitano estadioan. Twitch sare sozialaren audientzia errekor guztiak apurtu zituen gau-emanaldia:  3’4 milioi stream baino gehiago.  

Marca egunkariak, horrenbestez, Grand départari kasurik ez, eta are arreta gutxiago bezperako Guggenheim Museoan antolatu zen taldeen aurkezpen ekitaldiari; zeina, bidenabar esanda, ez zen izan oharkabean igarotako emanaldia; seinalea mundu osoko 200 telebistari hedatu egin baizen. Asko komentatu zen Tadej Pogaçar txirrindulari eslobeniarrak botatako “Gora Euskadi!” hura desagerrarazi izana zenbait hedabide espainiarren kroniketatik.

Pogaçarren oihua baino askoz ere garrantzitsuagoa izan zen, nire iritziz, antolakuntzak taldeen aurkezpenean euskararekiko erakutsitako begirunea. Euskara, gaztelaniaren, ingelesaren eta frantsesaren parean. Ez da askotan gertatzen hori. Xabier Usabiagak Pello Bilbaorekin eta Jon Izagirrerekin izandako solasadiak, bereziki, aipatzekoak. Horra hor irismena: nazioarteko 200 telebista baino gehiagori euskara hutsean, modu dotore, hunkigarri eta naturalean.

Hori bai, Pello Bilbaok uztailaren 12ko etapa irabazi zuenean Marca egunkariak ez zion Tourrari berriro ere muzinik egin, lehen orrian, gernikar txirrindularia garaile helmugan ageri zen, eta letra larriz idatzita: “Itzuli gara”. –Hemos vuelto-.  Espainiarrak, noski.