IRITZIA

Pentsamendu konputazionalaren oinarriak gure egunerokotasunean

Informatikan aritzen garenok pentsamendu konputazionalarekin lotuta dauden oinarrizko lau kontzeptuekin lan egiten dugu etengabe. Horiek landuz, pentsamendu konputazionala garatuz, gure eguneroko bizitzara eraman ditzakegu estrategia horiek, pentsamolde berria eraikiz. Funtsezko lau kontzeptuak hauek dira: deskonposizioa, abstrakzioa, patroien ezagutza eta algoritmoak.

Deskonposizioak problema edo sistema konplexu bat errazago ulertzen eta tratatzen diren osagai txikiagoetan banatzean datza. Ondoren, osagai txiki horiek era banatuan maneiatu, erantzuna eman eta, berriz ere, piezak elkartu erantzun osoa emateko jatorrizko problemari. Puzzle baten antzera, zeregin edo datu konplexu eta handiak zeregin edo datu-osagai sinpleagoetan banatzen dira. Adibidez, ikasleen inguruan aplikazio bat sortu behar badugu, entitate konplexu hori —ikaslea— datu sinpleagoetan banatzen dugu, adibidez, datu pertsonalak, ikasgaien inguruko datuak, bere ikasketen datu historikoak, etab.

Deskonposizioaren abantailak asko dira, informatikan eta eguneroko bizitzan: hainbat lan paraleloan egiteko aukera, zereginak eta informazioa xehetasun handiagoz definitu, pieza txikiagoetan banatu dugun zereginaren emaitza partzialak egiaztatu eta, argi daukagunean puzzlearen pieza hori zuzena dela, gainontzekoekin elkartu. Zatitu eta irabaziko duzu lema hori sarritan erabiltzen dugu gure bizitzan eta problema informatikoak ebazteko oinarri bat da.

Funtsezkoak eta funtsezkoak ez diren aspektuak bereiztean datza pentsamendu abstraktuak. Arazo bat konpontzeko edo sistema bat ulertzeko garrantzitsuak ez diren xehetasunak alde batera utzi eta funtsezkoan fokua jarri. Aurretik aipatutako ikasleen adibideari jarraituz, ikasleak modelatzeko orduan, ikasle indibidualak dituzten xehetasunak alde batera utzi (adib. Kepa du izena, 12 urte ditu) eta guztiek partekatzen dituzten ezaugarrietan zentratzen gara, hau da, ikasle-kategoria definitzen duten ezaugarrietan (adib. Ikasleek izen bat eta adina dute). Estrategia bera erabiltzen dugu bizitzako problemei erantzuna emateko edo munduko gauzak kategorietan sailkatzeko.

Patroiak ezagutzeak ematen digun gaitasuna da, aurretik ebatzi ditugun problemak eta aurrean dugunaren artean antzekotasunak bilatzea soluzioak berrerabili, moldatu eta aplikatzeko. Sarritan, aurrean dugun problemak aurretik eduki ditugunekin ezaugarri komunak ditu eta aurretik erabilitako estrategiak berrerabili daitezke, dagozkion moldaketak eginez. Gauza bera egiten dugu datuak antolatzeko aplikazio informatikoetan, patroiak bilatzen ditugu datu-egiturak sortzeko eta definitzeko. Informazioan patroiak identifikatzeak modu eraginkorragoan prozesatzeko aukera ematen digu. Gure bizitzan, oso baliagarria da aurretik dugun esperientzia batzea eta problema berrietan aplikatzea, patroiak bilatu arrakasta eduki duten soluzioak moldatzeko.

Azkenik, algoritmoa, instrukzio multzo bat bezala definituko dugu, hasiera eta amaiera jakin batekin, eta hori sistematikoki exekutatuz arazo bat ebazten da. Algoritmoak osatzen dituzten instrukzioen artean sekuentziak (bata bestearen atzetik), alternatibak (baldintza baten arabera exekutatzen dira) edo begiztak (errepikatzen diren ekintzak) sar daitezke. Algoritmo baten ohiko adibide bat sukaldeko errezeta edo koreografia bat da, nahi den azken emaitza lortzeko sistematikoki jarraitu beharreko urrats multzo bat biltzen duena.

Aurreko artikulu batean pentsamendu konputazionala garatzea gomendatzen banuen, gaitasun hauek garatzen direlako ere bada. Informatikarien ohiko tresnak dira problemak ebazteko teknologiaren bitartez, baina baita gure eguneroko bizitzan praktikan jartzen ditugun gaitasunak ere hainbat erronkari aurre egiteko.