Petrokalipsia-eta
Mundua amaitu omen liteken irailera ondo etorri, irakurle. Twitterren Antonio Turiel jarraitzen al duzue? Hala ez bada, iradokizuna egina dago. Liburu berri baterako izenburua izan daitekeena kendu diot. Bera baino apur bat baikorrago izanagatik.
Pandemiaren arrastoak ahaztu asmoz, carpe diem orokortu bat bizi izan omen dugu udan. Afrikatik gora izango da, noski. Orain, udazkeneko aldapan gora goaz (Huntzaren hura da, beraz, udazkeneko kantua). Espainiako AIReF erakunde publikoak %0,4ko galera aurrikusten du aurtengo hirugarren hiruhilekoko BPGan. Landaben eta Michelinen lan etenak guztion ahotan daude.
Kontuak kontu, aldaketa klimatikoaren ikusgarritasunak gora egin du udako bero saparen ostean. Lehortea, suteak eta Urdaibaira ur edangarria itsasontziz garraiatu beharra. Adierazgarria.
Bitartean, Europan gerra ari du. Intentsitate eztabaidagarria duena (itxuraz) baina, energia arma gisa erabiltzen ari dena, Errusiaren eskutik. Lehen espioi pozoinduak, gero kazetariak Mikel Zabalzaren gisa ibaietako ur-gainetan eta, orain, petrolio enpresetako buruzagiak ospitaleko 6. pisutik behera “jauzika”. Nord Stream galdu zaigu bidean. Dena den, Putin ez da ezeren errudun bakarra; hori ziur.
Alemaniako lantegiek gas natural falta badute, gureei gogotik eragingo die egoerak. 65.000 milioi euroko laguntzak iragarri ditu Scholz kantzilerraren gobernuak, jubilatu, gazte eta familientzat. Hangoek beharko dute, gureek zer esan. KPI eta euriborra soka beraren bi hari-mutur izango dira hainbaten lepoan. Europako Banku Zentrala inflazioaren aurkako borroka galtzen ari da, eta interes tasen igoera azkartuko duela dirudi. Oriokoak baino indartsuagoak dira Frankfureko mirotzak. Honek atzeraldia eragin dezake eta, “dekrezionista” izan edo ez, langabezia izango du ondorioetako bat.
Kontuak kontu, gastu militarra gorantz doa munduan. Eta hori ezin da sekula berri ona izan; lehentasunek armetara, borrokara jo duten seinale. Ekonomian hazkundea eragingo balu ere, gatazka giroa gorantz doa. Testuinguru horretan, Txina eta AEB baino egoera nabarmen ahulagoan dago Europa. Euroak islatzen du jada. Kontua da energia ez berriztagarri merkeetan eta, merkataritza mugarik gabeko eszenatokian, hornitzaile sare luzeetan oinarritu dela Alemaniaren azken hamarkadetako garapen ekonomikoa eta, berarekin, Europarena ere.
Prezioek ezarritako eskasiatik, energia eskasia absolutua kudeatzera pasako ote garen iragarri izan du Turielek, CSICeko ikerlariak. Nor naiz ni hari kontra egiteko? Dieselaren errazionamendua aipatze hutsak txantxa zirudien oraintsu arte. Nor ausartu liteke orain horrelako gauza bat ezinezkoa dela esatera? Nork esango zigun mehatxu nuklear esplizituak berriz entzungo genituenik edo Japoniak, Fukushima guztien gainetik, berriz energia nuklearraren olatua sustatuko zuenik? Europan berde etiketatu dugun hori bera, harrapazank Txiribiton! #gertatzenarida