Piriniotan egina ala marketin hutsa?
Jakina da produktu baten etiketak eragin handia duela kontsumitzaileen erosteko erabakian, begi kolpe batez erabaki baitezakegu maiz apal bateko zomait produkturen artean. Etiketa, gainera, kontsumitzaileari zuzenki mintzatzen zaio eta informazio anitx ematen dio; begiratu batean, produktua eta enpresa nolakoak diren eta ze balio bultzatzen dituzten xakin dezakegu. Marketin-tresna indartsua da, zalantzarik gabe; eta hori ekoizleok xakin badakigu. Horregatik, produktuaren kalitatea bezainbeste zaintzen saiatzen gara irudia bera ere, gure balioekin bat egiten duten etiketak eta marka-izenak sortuz. Gure kasuan ez dugu burua gehiegi hautsi, izan ere, gure tarjeta definitzeko geure izaera eta balio pertsonaletan oinarritu gara: Pirinioetako uskara, usadioak eta bizimodua bistaratu eta aldarrikatzen ditugu gure garagardauen etiketetan, eta hori maite duenik badenez oraingoz Euskal Herrian, haiek sustengatzen dute gure jarduna. Eskerrik anitx, bide batez, Xortalari ororer!
Finean, erran dugunez, etiketek kontsumitzaileak erostera motibatzeko ahalmen handia dute, are eta gehiago leku bateko bisitariak garenean eta bertako produktuen txerka gaudenean. Gurean, Erronkaribarrean, bada “Izaba” izendapenean saltzen den garagardaua, Iruñeko lantoki batean ekoiztua. Lehen begi-kolpez bertakotzat jo daiteke aise, hori baita marketinak ahalbidetzen duen iruzurra, beste hainbesteren artean. Pirinioetako beste ibar batzuetan ere ematen dira halakoak, errate baterako, Bal de Tenan: Tensina garagardotegi-txikiak bere jardunean darrai buru-belarri Tramacastilla herrixkan, Toledon ekoiztu eta “Panticosa” izenez etiketatzen duten garagardoarekin batera lehiatzen. Auñamendien mendebaldean, Baztanen, Ama-hur garagardotegi ekologikoa sortu da berriki; bere sortzailea, Amaiurko 1522ko gazteluaren guduan borrokatu izanen zeneko moduko mutil nafarra, orain “Amaiur” izenez patentaturiko likore-ekoizle handi eta kanpotar baten kontra borrokatu beharra da epaitegietan.
Bistan da lehia handia dagoela garagardo artisauen artean, baina ez ote lehia desleiala ekoizleok garagardo-nomadekin lehiatu beharra dugunean? Pentsaezina litzateke Erronkaribarren kanpoan ekoizturiko gazna saltzea, Erronkari izendapenez, bederen, ez. Tradizio handiko xakia da eta ez genuke onartuko horrelako iruzurrik; bertako ekoizpenak sustengatzea denon esku baitago, bai saltoki baita erosleen esku ere. Bati baino gehiagori harrituko dio gurera etortzean, ogitartekoa ostatuan eskatu, eta barneko gazna industriala edota trantxetea dela deskubritzen duenean. Bada, anitx dago kontzientziatzeko oraino bizilagunen artean ere!
Zainzurien merkatuan, ordea, tentu gehiagoz ibiltzen gara azkenaldian, aspaldi piztu baitziren alarmak Nafarroan, etiketak egiten zigun iruzurra zela eta. Nafarroako Zainzurien izendapenarekin, Perutik ekarritakoak zirela deskubritu genuen, eta ordutik, letra txikiari gehiago erreparatzen diogu.
Bistan dira, hortaz, packaging-ak eta etiketek egin ditzaketen tranpak eta erosleari sartu diezaioketen ziria, anitxetan bertako benetako ekoizpenen kalterako, gainera. Sor-markak hori babestera datoz, hain zuzen, baina badaezpada nik beti etiketaren letra txikiari erreparatuko nioke, onki xakin dezagun bertako ekoizpen txikia ala kanpotarra sustengatzen ari garen.