Plaka tektonikoak
Zerbait mugitzen ari da. Aireak beste usain bat dakar aspalditik somatzeko abagunea hartzen dugunontzat. Epizentroan lurrak bortitz astintzen diren arren, mobilizazio, gobernu aldaketa baketsu nahiz estatu kolpe izan, gurera uhin leun forman heltzen dira berriak. Oihartzunak. Eta errepikak han-hemenka gertatzen ari dira. Aldaketa batek bestea dakar. Afrika Mendebaldean eta Sahelen gertatzen ari diren aldaketez ari naiz.
2008ko finantza leherketak eta ondorengo ekonomia krisiak ordurako ba omen zetorren agertokiaren iritsiera azkartu zuen. Ohiko botere finantzario eta ekonomikoen gotorlekuak pitzatu egin ziren eta zenbait herrialde atzeraldian itotzen ari zirenean, beste batzuk tinko eutsi zioten ekaitzari, eta haien mesedetan bultzaka zuten haizearen ufada erabili zuten aurrea hartzeko. BRICS esaten zitzaien Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika gaur egun nazioarteko politikan eta ekonomian eragile indartsu bilakatu dira. Are indartsuago egin dira hamarkada pasa honetan haien kabuz ere, baina jatorrizko herrialde horiei beste herrialde batzuk ere gehitu zaizkie. Aliantzak anitzak dira orain munduko tableroan herrialdeentzat eta horrek ortzimuga berri bat ireki du Afrika mendebaldean.
Munduko Bankua eta Nazioarteko Diru Funtsa izan dira Hegoalde Globalean botere-poloen mandatua betetzeko tresna nagusietako bi. Esku batekin herrialdeentzako beharrezko inbertsioetarako maileguak ematen dituzten bitartean, bestearekin hartzekodunen intereserako beste bide batetik mesedea kobratzeko neurriak eta baldintzak ezartzen zaizkie: bertako baliabideen pribatizazioa, Atzerriko Inbertsio Zuzena etorrarazteko herrialdea “erakargarri egitea” (“erakargarri” hitzak merke eta ahalik eta kontrol txikienarekin esan nahi du instituzio horien hizkuntzan), edota nazioarteko merkataritza akordioetan baldintza bidegabeak onartzea. Finean, menderakuntza egoera bat betikotzen duten neurriak onartzeko sorgin-gurpilean sarrarazi izan dituzte herrialde mailegu-hartzaileak. Kolonialismo era berri(tu) bat ehuntzeko tresna izan ziren, eta oraindik ere badira. Haien txekeekin batera dakarte errezeta liburu definitiboa. Edozein ekonomia, edozein abiapuntu eta arazo, edozein dela herrialdearen egoera azaltzen duten arrazoi sozial, politiko eta historikoak, denentzako balio duen formula daramate mundu zabalera. Gutako askori ere “egiturazko doikuntza” hitzek oraindik hotzikarak eragingo dizkigute, guk beste herrialdeek jasandakoen aurrean lurrikararen errepikak baizik pairatu ez genituen arren. Bigunak gara. Sintagma plaza gogoratzen dugu. Argentina. Txile.
Geopolitikaren plaka tektonikoak, ordea, mugitzen ari dira eta hainbat herrialde botere korrelazioen aldaketa koiuntura hori baliatzen hasi dira haien antolamendu ekonomiko eta politikoan aldaketak egiteko. Errusia aliatu erreal bat izaten ari da mendebaldeko finantzaketa eta baldintza inposaketen gurpil zorotik ateratzeko. Burkina Faso izaten ari da bide horretan aldaketa sakonenak egiten ari den herrialdea. Dagoeneko urre meatzeak nazionalizatzeari ekin dio, NDFren maileguak jasotzeari uko egiteko borondatea agertu du, bertako politika eta ekonomia batasun egituretatik atera eta alternatibak sortzen hasi da inguruko hainbat herrialderekin… Aspaldian entzun gabe genuen Inportazioak Ordezkatzeko Politika ekonomikoa ere memoriaren tolesguneetatik atera du, han ekoitzitako kotoia bertan prozesatu eta balio erantsi handiagoko produktuak sortzeko planta industrialetan inbertsio publikoak eginez, besteak beste.
Egonkorragokoa eta bareagoa izan ohi den Senegalera bertara heldu da astindua, leunago bada ere. Aurtengo udaberrian herri mobilizazioek behartuta gobernu aldaketa egin zenetik, aurretiazko loturak eta konpromisoak urratu gabe, baina hasi dira herrialdearen subiranotasun ekonomikorako pauso epelagoak ematen. Atzerriko inbertsiogileen eta enpresen inguruko gardentasun neurriak sustatzen hasi dira, besteak beste. Neokolonialismo forma ezberdinen kontrako diskurtsoaren tonua ere igo da. Françafrique deritzon Frantziaren eragin esparrua ere aleka-aleka zartatzen ari da.
Errusiaren gerizpean izaten ari dira posible aldaketa horiek guztiak. Denborak esango du aliantza horiek efektiboki garapen propioaren mesedetan fruituak emango dituen, ala eragin esparruen eta baliabideen arrantzan ari diren beste botere-poloen sareetarako ihesaldia izan den. Errusiak ziaboga horietan murgilduta dauden herrialdeekiko finantzazio eta elkartrukeetan dotorezia apur bat erakustea nahikoa du Europari eta nazioarteko egitura finantzarioei hazkura handia sortzeko. Dagoena hobetzea ez da zaila. Ez da harritzekoa Macron izatea Europako gobernuburuen artean Errusiaren aurka egitearen defendatzaile sutsuenetariko bat, “atzeko patioa” lapurtzen ari baitzaio. Baina ez du Errusiak hasi lapurreta. Eta izango dugu emaitzen berri, zalantzarik gabe, zerbaiten prezioa igotzen zaigunean akaso. Orduan soilik begiratzen baitugu munduko leku batzuetara. Baina hor gertatzen da dena. Gertatzen ari da dena.