IRITZIA

Porrotaren kultura

Erresilientzia gertakari, egoera edo bizipen gogor bat gainditzeko eta aurrera egiteko gaitasun bezala definitzen du Euskaltzaindiak. Nolabait esatearren, pertsonak, ekintzaileak edo enpresak berak izan edo garatu dezakeen gaitasun multzoa da, norbere burua ezagutu, hazi eta aurrera ateratzeko tresna emozional, analitiko eta psikologikoak eraikitzekoa.

Porrot egitea, bestalde, huts egitea da euskararen akademiak jasotzen duenez. Alegia, behar zena, egin asmo zena, uste zena edo espero zena ez lortzea. Bi kontzeptuak, erresilientzia eta porrot egitea, zeharo lotuta daude. Porrot egoera bati aurre egiteak erresilientzia eskatzen du, nahiz eta ez den erraza erresilientzia aplikatzea porrot egoera guztietan. Elkarren eskutik joango diren edo ez, ordea, subjektuaren araberakoa izango da. Baina soilik subjektuaren araberakoa?

Honako diskurtso hau zabaldu da azkeneko urteetan: pertsonek, gizarteak, profesionalek, enpresek, erresilientziarako gaitasuna izatea ezinbestekoa dela. Hori garatzeko eta indartzeko hamaika tresna topatu ditzakegu, izan formakuntza, hitzaldi, liburu edo dena delako moduan. Ez dut nik esango erresilientzia beharrezkoa ez denik. Baina uste dut erresiliente izateko gaitasun horretan ez duela soilik norberak eragiten, eta ez dela nahikoa aipaturiko tresnekin.

Aurreko baten 2019an estreinaturiko Le mystère Henri Pick filma ikusi nuen Filminen, izen bereko nobelaren egokitzapena. Crozon izeneko Bretainiako herri baten, editore gazte batek liburu hunkigarri bat deskubritzen du errefusatutako liburuen liburutegian, argitaratu orduko Frantzia mailan best-seller bihurtuko dena. Filmaren garapena alde batera utzita —liburuaren autoretzarekin zerikusia duena—, liburutegi berezi horren kontzeptua bera interesatzen zait. Errefusatutako liburuen liburutegia Crozoneko liburutegi barruko atal bat da, urteetan bertako liburuzain izandako Jean Pierre Gourvecek sortutakoa. Frantziako askotariko argitaletxeetara bidalitako eta horietan ukatutako liburuen eskuidatziak gordetzen ditu. Liburuen tituluak ez dira bereziki iradokitzaileak. Niri, behintzat, ez zitzaizkidan hala egin. Aitzitik, liburu horiei nolabaiteko aukera emateko prest dagoen liburuzaina da gakoa.

Errealitatean ere, porrot egin duenari bigarren aukera emateko prest izango den testuingurua, ekosistema eta gizartea sortu behar dugu, edo gutxienez indartu. Porrotarekiko beldurra geroz eta garatuagoa duen gizarte baten, porrotaren kultura besarkatzen ikasi behar dugu. Hori baita benetako erresilientzia lortzeko bidea. Erresilientzia ez delako soilik indibiduala, norberak garatu behar duen zerbait. Kolektiboa ere bada. Eta inguruak bidea zabaldu behar du.