Positive bomb
Agur 2024, ongi etorri 2025! Iragarpenak egiteko sasoia daukagu orain, hurrengo 365 egunetan gertatuko dena jakingo bagenu bezala. Baina, egia esan, horrela izango balitz, aspaldi iragarriko nituen loteriako zenbakiak, eta ez adimen artifizialaren etorkizuna! Baina, tira, 2024ko urtarrilean egin nuen iragarpena ez zen nolanahikoa: Adimen artifiziala 2024: eredu irekiak euskal enpresara iristen dira. Urtea joan da, eta orain, atzera begiratuz, ikus dezakegu nola eragin duten eredu ireki horiek gure enpresetan eta zer espero dezakegun etorkizunean.
Azken urtean, adimen artifizial generatiboaren eredu irekiek izugarrizko gorakada izan dute. Eredu horiek, Llama, MIT edo Apache bezalako lizentziak erabiltzen dituztenak, edonork erabil ditzake eta komunitate zabal batek garatzen ditu. HuggingFace plataforma ezaguna da eredu horiek partekatzeko eta erabiltzeko. Bertan, milaka eredu aurki daitezke, eta erabiltzaileek eredu bakoitzaren kalitatea eta erabilgarritasuna balioztatzen dituzte. Horrek aukera paregabeak eskaintzen dizkie euskal enpresei, teknologia aurreratu hau eskuragarriagoa eta erabilerrazagoa bihurtuz.
Bai, nolabait iragarpena bete da eta euskal enpresa askok modu esanguratsuan txertatu dute eredu ireki horien erabilera barne prozesu askotarikoetan. Enpresa askok adimen artifizial generatiboaren potentziala ikusi dute, eta horrek aukera berriak ireki dizkie, bai produktibitatea handitzeko, bai berrikuntza sustatzeko. Eredu ireki horiek, eskuragarritasun eta malgutasun handia dutenez, enpresei aukera ematen diete beren beharretara egokitzeko eta kostuak murrizteko. Horrela, zenbait euskal enpresa teknologia aurreratu horien erabileran ondo kokatzen dira, lehiakortasuna eta eraginkortasuna hobetuz.
Hala ere, beste errealitate bat ere badago: eredu irekiak erabiltzea erabaki ez duten enpresena. Enpresa horek “kaxa beltza” moduko zerbitzu-hornitzaileen menpe geratu dira, teknologia horien gaineko kontrolik gabe. Horrek esan nahi du ez dutela erabateko gardentasunik, eta askotan ezin dituztela teknologia horiek beren beharretara egokitu. Ondorioz, hornitzaileen esku daude, eta horrek arriskuak eta kostuak handitu ditzake. Hori dela eta, oreka bilatzea da onena: barne-apustuak egin eredu ireki eta kontrolatuekin, eta “kaxa beltza” hornitzaileak erabili lan edo prozesu kritikoak ez direnetarako. Horrela, enpresek malgutasuna eta kontrola mantentzen dute, eta aldi berean, kanpoko baliabideak aprobetxatzen dituzte beharrezkoa denean.
Eta 2025ean zer? Urte berriarekin batera, gero eta eredu ireki sofistikatuagoak eta espezializatuagoak agertuko dira. Eredu horiek HugginFace bezalako plataformetan argitaratzen jarraituko dute. Europatik kanpoko eredu erraldoiak izango ditugu, Llama edo DeepSeeken bertsio berriak, adibidez. Baina, horrez gain, made in Europe eredu indartsuak ere agertuko dira, Salamandra edo EuroLLM bezalakoak. Eta, noski, euskarak garrantzi handia izango duten eredu eleanitzak izango ditugu, HiTZ edo Elhuyar bezalako erakundeek garatutakoak. Horrela, gure hizkuntza eta kultura teknologia aurreratuen bidez sustatzen jarraituko dugu.
Aitzitik, zer atera daiteke gaizki euskal enpresetan eredu irekiak eta haien erabilera sustatzen bada? Lehen faktorea, "kaxa beltza" ereduak askoz azkarrago aurrera egitea. OpenAIren azken eredua, o3, adibidez. o3 eredua ARC-AGI bezalako probak gainditzeko duen gaitasunagatik harridura sortzen ari da. Proba horiek gizakiontzat hutsalak dirudite, baina makinak normalean ezin izaten dituzte konpondu. o3 oso ona ei da ARC-AGI probetan. GPT-3k 2020an %0ko puntuazioa lortu zuen, eta GPT-4ok %5 lortu zuen proba horretan. o1-ekin jauzi izugarria izan zen %32 lortzean, baina o3-k %87,5 lortu du. Ikaragarria, bonba bat.
Bigarren faktorea, Elon Muskek misilen jaurtiketa-gakoak lortzea eta denok dinosauroak joan ziren leku berera bidaltzea. Gogoratzen al duzu 2022ko Gabonetako Don’t Look Up filma? Filmean, asteroide erraldoi batek planeta osoa suntsitzeko mehatxua egiten du. Metaforikoki hartzen badugu, orain Trump-Musk-Altman eta abarren garaiarekin datorren giza ergelkeriz betetako asteroide erraldoi bati buruz ari gara. Irribarrea galdu barik, goazen 2025 hau positibo hartzera: positive bomb!