IRITZIA

Publikoaren hautaketa sendotu

Administrazio publikoan lan egitea beti izan da helburu erakargarria, egonkortasun ekonomikoa eta lan-baldintza onak eskaintzen dituelako. Euskal Autonomia Erkidegoan, langileen % 25 inguruk dute enplegu publikoa. Oso proportzio esanguratsua da lan-biztanleria osoarekin alderatuta. Langileen nahiei dagokienez, ordea, zifra hori nabarmen hazi da azken urteotan: % 60 inguruk administrazio publikoan lan egiteko interesa edo asmoa dutela adierazten dute hainbat azterketek. Lehentasun hori, lan egonkortasunari eta sektore publikoak enplegu pribatuaren aurrean eskaintzen dituen soldata baldintzei zor zaie, bereziki krisi ekonomikoko garaietan euskal gizarteak sufritzen duen ezegonkortasun edo lan-ziurgabetasunaren ondorioz.

Azken urteotan, sistema publikoan —bere definizio zabalenean hartuta— plaza ateratzeko prozesuak gero eta gehiago jarri dira auzitan. Egungo hautaketa-prozesuak, gehienetan oposizio edo lehiaketa bidezkoak, ez dira nahikoak izan lanpostu bat egoki betetzeko gaitasunak ziurtatzeko. Azken asteetan Leioako campusean gertatu dena oso nabarmena izan da, baina kasu gutxi horiek sistema hobetu daitekeenaren seinale garbia dira. Oposizio eta lehiaketak sistema eraginkorrak dira? Nahikoa dira?

Lehiaketa-oposizio bidezko sistema horrek bi fase nagusi ditu: lehenengoan, hautagaiek proba teorikoak egin behar dituzte, eta bigarrenean, merituak baloratzen dira, esaterako, esperientzia profesionala, prestakuntza eta bestelako lorpenak. Prozesu horrek hainbat arazo egon daitezkeela erakutsi ditu denborarekin. Batetik, oposizioek ez dituzte beti lanpostu jakin baterako beharrezkoak diren gaitasun praktikoak balioesten. Azterketak, gehienetan, eduki teorikoak barneratzean oinarritzen dira, eta horrek alde batera uzten du funtsezkoa den eguneroko jarduna. Adibidez, administrazio publikoan lan egiten duten profesionalek herritarrengana gerturatu, eraginkortasun handiz arazoak konpondu eta egoerei azkar erantzuteko gaitasuna izan beharko lukete. Halako trebetasunak, aldiz, ez dira soilik teoriarekin neurtzen; azterketek bakarrik ezin dituzte gaitasun horiek guztiz balioetsi.

Bestetik, prozesuak askotan luzeegiak izaten dira. Hautaketa-prozesu baten bukaerara iritsi arte, hilabeteak edo urteak igaro daitezke, eta horrek ez du eraginkortasun administratiborik bermatzen. Gainera, behin plaza lortuta, sarritan ez da jarraipen egokirik egiten langileen gaitasun eta egokitzapenari dagokionean. Hau da, plaza eskuratu ondoren, jarraipen profesional edo tutoretza bat falta da; ez dira ebaluatzen pertsona horiek beren lanean zein eraginkorrak diren, ezta egunerokoan dituzten zailtasunetan edo ezezagutzetan laguntzen ere. Horrek kalte egiten dio administrazio publikoaren kalitateari eta, azken finean, herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuari. Ados, baina zein soluzio posible daude?

Egun, administrazio publikoan sartzeko bidea ez da beti gardenena, ezta bidezkoena ere. Hautaketa-prozesuak askotan korapilatsuak eta nekagarriak dira, eta meritua eta gaitasuna ez dira beti erabakigarriak izaten. Hori dela eta, beharrezkoa da sistema hobetzeko proposamenak egitea. Lehenik eta behin, oposizio prozesuen erreformak beharrezkoak dira. Azterketak praktikoagoak izan behar lirateke, lanpostuaren eguneroko beharrak balioetsi ahal izateko. Bigarrenik, plazak eskuratu ondoren, langileen jarraipen sistematikoa ezarri behar da. Horrek ez du soilik ebaluazio etengabea esan nahi, baita etengabeko trebakuntza eta birziklatze-prozesuak sustatzea ere. Helburua, azken finean, herritarren zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzea da, eta horretarako ezinbestekoa da administrazioan lanean dauden pertsonak etengabe errealitate aldakorrera egokitzea.

Hezkuntzan aspaldian ari dira azterketarik gabeko eta bestelako trebakuntzetan oinarritutako ebaluaketak egiten, eta administrazio publikoan ere aplikatzen hasi beharko lukete. Sistema publikoan lan egitea ezin da azterketa bakar batean oinarritu. Gaitasunak beste modu batera neurtu behar genituzke, praktikan oinarritutako balorazioak eginez, eta egokitzapen profesionala neurtu eta ebaluatu behar dira etengabe, zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko. Garestiagoa beharbada, baina efiziente eta kalitate handiagokoa ziurrena.