Publizitate-inbasioa, orain kotxean
Teknologiak aurrerapauso handiak eman ditu azken urteotan, eta entretenimendu-, konektagarritasun- eta nabigazio-sistemak integratu ditu gure bizitzetan, baita gidatze-esperientzian ere bai. Baina azken berrien arabera, software eta hardwarea gaur egungo edozein kotxetan instalatuta izateak merkataritza-jarduera inbaditzaileei ere ireki diete atea: publizitatera. Adibiderik kezkagarrienetako bat da Fordek berriki egin duen patente eskaera: auto barruko elkarrizketak entzun eta datu horiek pantailan edo audio sisteman publizitate pertsonalizatua erakusteko erabiltzeko gai den sistema deskribatzen du eskaeretan.
Patente hipotetiko horrek erabiltzailearen pribatutasunari, segurtasunari eta bizi-kalitateari buruzko zenbait kezka planteatzera eramaten nau. Fordek behin eta berriz dio eskaera horrek ez duela bermatzen etorkizunean inplementatzea, baina orduan, zertarako? Horrelako teknologia bat gure ibilgailuetan sartzeko aukera hutsak eztabaida zabalagoa piztuko du publizitatearen mugen eta gure eguneroko bizitzan duen eraginaz. Fordek proposatutako sistemaren alderdirik kezkagarrienetako bat da ibilgailuko bidaiarien elkarrizketak aztertzeko gaitasuna, hitzen gakoen bila. Patenteak interakzio —kotxean doazenen elkarrizketak, azken finean— pribatu horiek nola erabiliko liratekeen zehazten du, informazio horretatik abiatuta, iragarki zuzenduak eskaini ahal izateko. Nahiz eta Fordek esan analisi hori adimen artifizialak babestuko lukeela eta auto barruko audio-seinaleetan oinarrituko litzatekeela, elkarrizketa pertsonalak monitorizatu eta helburu komertzialetarako erabili ahal izate hutsak erabiltzaileen pribatutasunaren aurkako inbasio argia adierazten du.
Auto bat, historikoki espazio pribatutzat jo izan dena, datu pertsonalak biltzeko eta publizitatea emateko gailu emankor bihurtzeko arriskuan dago aurrerantzean. Egia da aro digitalean datuen pribatutasunaren debatea asko eman dela, eta kasu gehienetan, galdu egin direla gerra horiek. Eskuragarri daude —norberak baimenduta— korporazio handientzat gure datu guztiak, baina gure elkarrizketa intimoenak —etxean edo kotxean eman daitezkeenak— denbora errealean entzun eta aztertu ahal izateak zaurgarritasun-geruza berri bat gehitzen du. Gainera, kotxe barruan publizitate pertsonalizatua sartzea, ez al da oso arriskutsua gidariarentzat? Patentean, Fordek iragarkiak hainbat formatutan erakutsi daitezkeela azaltzen du, dela bisualki autoaren pantailan, dela audio edo irrati bidez. Eta zer? Ibilgailuak gidatze autonomoko funtzioak baditu ere, iragarki gehiegi izateak eragina izan dezake bidaiarien erosotasunean eta kontzentrazioan.
Azkenik, esan auto modernoek entretenimendu sistema aurreratuak dituzten arren, horiek nagusiki bidaia esperientzia hobetzeko diseinatu direla, ez erabiltzaileak iragarkiekin bonbardatzeko. Hau al da autoen etorkizuna? Ford ez da digitalean oinarritutako negozio-eredu berriak esploratzen ari den fabrikatzaile bakarra. Mercedes-Benz, adibidez, harpidetze-ereduaren bidez motorraren potentzia bezalako funtzioak sendotzeko aukera eskaintzen ari da erabiltzaileei. Hurrengo erreboluzioa izango al da? Gidatze-esperientzia gehiago merkantilizatzea? Eskerrak kotxean abestu besterik ez dudan egiten.