Requiema Faurérentzako
Frantzia osoan hedatzen ari diren aurrekontu murrizketek Iparraldeko Orkestrari eragin diote, eta ondorioz orkestrak Gabriel Fauré musikariaren lanari eskainita Donibane Lohizunen eta Hazparnen abenduaren 6an eta 8an egin behar zituen kontzertu sorta bertan behera geratu da. Horixe zioen duela bi aste orkestrako musikariei zabaldu zitzaien mezuak, eta horrelaxe jaso da baita ere ohar labur baten bidez orkestraren webgunean kontzertu bien bertan behera geratzea. Aterako zen albistea beste nonbait, baina bila ibili arren, ez dut inon ikusi. Ez du titular txiki bat ere merezi izan.
Iparraldeko Orkestra-Orcheste Du Pays Basquek 50 urte beteko ditu datorren urtarrilean. Musika publiko zabalari helarazteko helburuarekin, hezkuntzari eta baita ere lurraldeari lotutako proiektu bat garatu nahi du. Urte guzti horietan Euskal Herriko ipar-hegoa lankidetzan aritutako proiektu horietako bat izan da. Musikari gehienak Baionako kontserbatorioan dute jatorria, baina hegoaldeko musikari ugarik ere hartu dute parte orkestraren emanaldi desberdinetan, tartean Musikeneko ikasleak, eta musikariek, oro har, orkestrako giro ona azpimarratu izan dute beti.
Orkestra Euskal Hirigunea Elkargoaren menpe dagoen erakunde autonomo bat da, eta elkarte denez dohaintzak eta bazkidetzak onartzen ditu. Dela Elkargoarengatik dela elkartearengatik kontua da urtea bukatzeko aurreikusita zeuzkan bi kontzertuak ezingo dituela egin, musikariei ordaintzeko sos falta dela-eta.
Goiz egokitu zaizkio murrizpenak kulturari. Frantzian Macronek aurkeztutako 2025erako aurrekontu murriztaileak oraindik indarrean sartu ez, eta murrizpenaren lehen korronteak utzi ditu orkestraren kontzertuak eztulka, hain da zaurgarri kultura. Hilkanpaiak Donibane Lohizunen eta Hazparnen entzungo ez duten Fauréren réquiemarentzat.
Hegoalderago, Durangon, datorren astean murgilduko da herri honetako beste kultur ekitaldi garrantzitsuetako bat. Herria masan azokara erromes urtean behin kultura ospatzera. Falta zaigun arte, ez gara konturatzen askotan bizitzeko zein ezinbesteko zaigun kultura eta zein ahula den eusten dion euskarria.