IRITZIA

Sugar olinpikoaren desoreka

Ia astebete igaro da zuzi olinpikoa Marseillan piztu zenetik, eta 69 egun barru iritsiko da Parisera Joko Olinpikoei hasiera emateko. Ipar Euskal Herriak astelehenean jasoko du olinpiar sugarraren erregela, eta ibilbidearen zati bat uretik egingo da: bai ibaitik, bai itsasotik igaroko diren zenbait ontzik eramango dute objektu mitikoa.

Uraren —eta arraunaren— hautua ez da kasualitatea. Estokolmoko 1912ko edizioan, Baionako Nautiko Sozietateak Frantzia ordezkatu zuen zortziko aulki mugikorrean, arraunean, alegia. Avirón bayonnéseko lemazaindun biko batek brontzezko domina lortu zuen 1906ko Atenaseko Joko Espureo izenekoetan —Antzinako Greziakoen antzerakoetan, alegia—. Eta 1950an Donibane Lohitzunen sorturiko Ur-Yokok ere badu bere historia olinpikoa. Ur-Yokoko eta Euskal Arrauak Baionako arraunlariak izango dira, hain zuzen, zuziaren erreleboetan parte hartuko dutenak.

Ez dago zalantzarik. Irudia ederra izango da benetan, eta kirolari batentzat bertan egoteak izan dezakeen esanahian pentsatzeak zirrara sortzen dit. Joko Olinpikoek duten magia berezia iruditzen zaidala ezin ukatu.

Ekonomikoki ere, esanguratsuak dira: egun horietan 181.000 lanpostu sortuko direla espero da, eta 1.900 hornitzaile beharko direla 2024ko ediziorako. 8.000 milioi euroko aurrekontu batetik abiatuta
—operatiba, eraikuntza eta eraberritze lanak barne—, 10.700 milioi euroko eragin ekonomikoa espero dute Frantziako ekonomian 2017 eta 2034 urte bitartean, horietatik 3.500 milioi turismotik.

Pandemia tarteko, ikusteko dago benetan eragin ekonomikoa esandakoa izango den. Baina harago joanda, atzera-kontuaren hasierak aukera ematen du txanponaren beste aldeari ere erreparatzeko.

Uztailetik aurrera, Pariseko metroko txartela garestitu egingo da bi hilabetez: 2,15 eurotik 4 eurora igaroko da ordaindu beharrekoa. Ia bikoitza. Valérie Pécresse Île-de-France eskualdeko kontseiluko presidenteak “telelana egitea” gomendatu die hiriko biztanleei hilabete horietan. Ahal duenari, behintzat.

Lanpostuen sorreraz arituta, badago beste aldea: barne hartzen ditu dagoeneko existitzen diren lanak, eta seguru asko ez du eragingo bertan lanean arituko diren lanbide askoren soldaten igoeran, hala nola garbitzaileen soldatan. Olinpiaden emanaldiko monopolioa duen OBSk —Nazioarteko Batzorde Olinpikoarena— aldi baterako dekretua lortu du, eta ez die atseden egunik eman beharko langileei, legeak jaso ohi duen bezala. 8.000 langile espero dira emanaldietan lanean. Hori gutxi balitz, beste 45.000 boluntario dituzte jokoek, 'lan egiteagatik' berezko diru-sarrerarik jasoko ez dutenak. Eta noski, galdera ezin ukatu: Paris bezalako hiri turistiko baten, turismoa areagotu al dezake benetan halako kirol ekitaldi bat egiteak? Ez al du turista mota batek beste bat ordezkatuko, besterik gabe?

Duela aste batzuk bi lagunekin hizketan izan nintzen. Kirolari eta kirolzale porrokatuak dira biak, eta Joko Olinpikoetara bizitzan behin joateko aukera gisa ikusi dute aurtengoa. Sarrerak duela askotik erosita ere, oraindik ez dute lo egiteko tokirik, apartamenturen bat hartzen saiatzen diren bakoitzean maizterrek ukatu egiten dietelako egonaldia, datak hurbildu ahala prezioek gora egingo dutelakoan.

Pena da ikustea zenbaitetan Joko Olinpikoek defendatzen dituzten hainbat printzipio — adibide ona izatearen balioa hezkuntza ikuspegitik, gizarte ardura eta printzipio etiko unibertsalekiko errespetua— Karta Olinpikorako eta kirol esparrurako gordetzen direla soilik, eta ez kirol ekitaldiak suposatzen duen osotasunerako. Sugar olinpikoak ez duela dena modu berean ukitzen.