IRITZIA

Teknojauntxoak

Aitortzen dut. X-an (lehen Twitter zena) maiz sartzen naiz. Gaurkotasunarekiko adikzioa daukagunontzat derrigorrezko laguna izan da sare sozial hau azken hamarkadan, nahiz eta azkenaldi honetan ere jabetu nola bertako giroa kirastu den Elon Muskek erosi ondoren. Hegoafrikar jatorriko enpresariak ere bere kutsu pertsonala utzi du narriadura horretan. AEBetako hauteskundeen emaitzek harrotu dute Musk, eta argi eta garbi bere agenda propioa duela erakutsi du: lehen aldiz, aurrekontu federala desblokeatzeko kongresuko bi alderdi nagusiek lortutako akordioa saboteatuz eta azken aste honetan, bere eragina AEBetatik kanpo zabalduz. Alde batetik, Alemaniako Die Welt egunkari ospetsuan AfD alderdi ultraeskuindarraren aldeko artikulu bat argitaratuz; bestetik, X erabiliz Erresuma Batuko lehen ministroa erasotzeko, bere ustezko pasibotasuna leporatuz, 2010eko hamarkadan pakistaniar jatorriko britainiar bortxatzaileen sare batek egoera zaurgarrian zeuden haur eta gazteen aurka egindako sexu erasoen aurrean. Kasuak bere garaian iskanbila handia eragin zuen, errudunak epaituak eta kartzelatuak izan ziren, baina hori ez dirudi Muskentzat nahikoa denik. Erresuma Batua bere politikariaz “askatzea” eskatzea ausartu da ere, bere sarera bidalitako mezu batean.

2023an argitaratutako liburu batean, Yanis Varoufakis ekonomialari eta politikari greziarrak iragartzen zuen kapitalismoa hilda dagoela, eta horren errudunak korporazio teknologiko erraldoiak direla: munduko enpresa handienen artean, bederatzi teknologikoak dira. Hauek, ekonomia eta gizartearentzako derrigorrezkoak diren eremu digitalak kontrolatzen dituzte, datu eta plataforma digitalen bitartez. Teknologia horien erabiltzaileok (kontsumitzaileak eta beste enpresa guztiak) haien morroiak bihurtzen gara. Teknofeudalismoa sortu da. Silicon Valleytik jaioa, jauntxo talde berri honek ekonomiaren gain duen kontrola orain botere politikora eraman nahi du. Demokrazia, CEO eraginkor eta exekutibo batek ordezkatzea.

Europan eta beste herrialdetako gobernuetan eta erabaki guneetan kezka hazten ari da. Europar Batasunak, geroz eta barne eta kanpo eraso gehiagori erantzun behar dio, eta eszenatoki honetan bere posizioa oso ahula da: lehen aipatutako mega-korporazio teknologiko horien artean, ez dago enpresa europarrik. Horrek agerian uzten du nazioarteko testuinguru ekonomikoan Europa geroz eta hutsalagoa dela. Gero eta atzeratuagoa AEBekin eta Txinarekin alderatuta, europar enpresa ekosistema ez da erraldoi horiekin lehiatzeko gai izan daitekeen inor sustatzeko. Geopolitikak ere europar zaurgarritasunak agerian uzten ditu, eta urtarrilaren 20an Washington DCeko Etxe Zurian emango den erreleboak ez du baikor izateko motiborik ematen.

Hala ere, diagnostiko dramatiko horrek ez du esan nahi nik Europako jaun feudal baten beharra defendatzen dudanik, Atlantikoko (edo Txinako) beste jaunen aurka borrokatzeko. Baina argi dago eskala nazionala ez dela nahikoa (eta ez dela eraginkorra) erronka horiei guztiei aurre egiteko, Draghi txostenak duela hilabete batzuk ohartarazi zuen bezala. Ultraeskuindar atzerakoiak inplosioa, autoritarismoa eta muga nazional zaharren ustezko lasaitasunera itzultzea defendatzen dituen bitartean, Europarentzat elite globalen parke tematiko batera ez murrizteko aukerak elkartasunezko apustu komun batetik igarotzen dira, baliabide ekonomikoak, giza baliabideak eta baliabide politikoak mobilizatzeko eta pertsona guztien eskubideak bermatzeko gai izango dena.

Inoiz baino gehiago, lider ameslariak behar dira. Super-gaiztoen aurrean, super-heroiak behar ditugu. Edo heroi txiki asko.