IRITZIA

Telelana, ohartu gabe arrunt bilakatuta

Hainbat arrazoi direla medio, urtean zehar nekez ikusi ahal izan diren pertsona askorekin berriro elkartzeko unea izan dira gabonak. Niretzat, eguberrietako pizgarri nagusia urrun bizi diren lagunekin berriro aurkitzea da, mendian ordu batzuk edo tabernetan zenbait garagardo partekatzea, eta bizitzan axola zaigunaz hitz egitea. Argi dago gizakia gizarte-animalia dela, eta, neurri handiagoan edo txikiagoan, guztiok beste pertsona batzuekin konektatu behar dugula. Topaketa fisikoak etenda egon diren garai batetik gatoz, lagunak ikusteko distantziak eta ordutegiak araututa zeudelarik. Ezohikoa izan zen garai hartan urruti bizi diren lagunak bideokonferentziaz ikusi behar izan genituen, eta orain inori ez zaio bururatzen horrelako topaketa bat antolatzea. Ez zaigu gustatzen urruneko bideo-harremanak izatea, baina askori gustatzen zaigu batzuetan urrutitik lan egitea. Zer ari da gertatzen telelanarekin enpresa-munduan? Zer geratu da 2020an hasitako telelan-olatu hartatik? Zer gertatu da 2022an eta zer gerta daiteke 2023an?

Iritzi pertsonal baten aldeko datuak ematen hasi aurretik, nahiago dut iritzi hori zintzotasunez eman, kamuflaje barik: telelana egiteko aukera zoragarria da, eta, nire ustez, lan-araudiak gutxieneko mailak ezarri beharko lituzke horretarako aukera ematen duten lanbide guztietan. Ez naiz ari telelan egiteko aukera emateaz, baizik eta nahitaezko gutxieneko batzuk finkatzeaz. Gure gizarteak erronka potoloak ditu aurretik, eta, ingurumenaren aldetik, telelanak lanbide askotan nahitaezko zerbait izan beharko lukeela deritzot. Zer egiten dugu, adibidez, langile askok fabrika edo bulegora joateko beharrezkoak dituzten ibilgailu pribatuen emisioak murrizteko? Nahikoa da denok ibilgailu elektriko batera pasatzea? Ez al du zentzurik hori osatzeko, lanpostura fisikoki mugitzeko beharra murriztea? Pertsonalki, auto-ilara batean harrapatuta eta etsituta sentitzen naiz, eta ez dut ulertzen gure mugikortasun-eredua. Garraiobide kolektibo eraginkor gutxi batzuk izan ezik, egunero ia tona eta erdi duen tarranta mugitzera kondenatuta gaude lanera iristeko. Alternatibak behar ditugu, eta telelan orekatu bat norabide onean dagoela deritzot.

Telelana egiteko aukera zoragarria da, eta, nire ustez, lan-araudiak gutxieneko mailak ezarri beharko lituzke horretarako aukera ematen duten lanbide guztietan

Egia da telelanak arriskuak dituela, eta lankideengandik emozionalki deskonektatzea erraza eta ohikoa dela. Egia da lanpostu asko ez direla bateragarriak telelanarekin. Baina zer gertatzen da telelana egin, eta lantaldearekin harreman emozional eta gertukoa izan daitekeenean? Zer gertatzen zaio, adibidez, sormenari? Telelanaren aurkakoentzat, sormenak eta berrikuntzak lan-talde bateko kideen harreman fisiko eta jarraitua eskatzen dute. Abenduan, Urruneko lanaren dilema: berrikuntza eta laneko gogobetetasuna lehian izeneko azterketa interesgarri baten emaitza aurkeztu zen. Vanson Bourne aholkularitza-enpresak egin zuen VMware enpresarentzat, eta enpresen eta langileen arteko desadostasuna islatzen du berrikuntzari eta lantokiari dagokienez.

Kontuan hartu behar da VMWarek interes argia duela enpresa guztiek telelana maximizatzeko orduan, zeren eta, zenbat eta konplexutasun eta malgutasun handiagoa izan, orduan eta handiagoa da bere teknologiaren eskaera. Hala ere, txostena oso interesgarria da eta dauden kontraesanak islatzen ditu. Txostenaren ondorio nagusietako bat da inkestatuen ia erdiak (% 48) adierazi duela beren enpresa berritzaileagoa dela langileak bulegora joaten badira. Hala ere, % 85ek esan du laneko gogobetetasun handiagoa lortzen dutela hautatzen duten tokitik lan egin badezake. Gainera, EMEA eskualdean (Europan, Ekialde Ertainean eta Afrikan) telelan totaleko eta hibridoko politikak dituzten langileen erdiek baino gehiagok (% 56) diote gogobetetasun handiagoa, sormen handiagoa (% 52) eta lankidetza handiagoa (% 53) dutela beren taldeetan pandemia aurretik baino.

Inkestatuen ia erdiak (% 48) adierazi duela beren enpresa berritzaileagoa dela langileak bulegora joaten badira. Hala ere, % 85ek esan du laneko gogobetetasun handiagoa lortzen dutela hautatzen duten tokitik lan egin badezakete

Estatistika desberdinen arabera estatu espainiar mailan 2021-2022 tartean ohiko telelana nahiko egonkor mantentzen da, baina pandemian zehar telelanean ari ziren langileen erdiek utzi egin diote. Hegoaldeko datuak nabariak dira: EAEn pandemia aurretik langileen %4,2k baino ez zuen telelana egiteko ohiturarik, eta 2022an datu hori %10,2an dago. Nafarroan pandemia aurreko datua %1,2koa zen, eta 2022koa INEren arabera %10ko langa gainditu du. Datu horien arabera, Hegoaldean behintzat, badirudi telelana ez dela arraroa, eta ohiko forma bihurtu dela, egin dezaketenentzat behintzat. Estatu mailan langileen %32,9k telelana onartzen duen lan mota bat dauka, eta kontutan izanik langile guztien artean %14ak telelana egiteko aukera duela, lan egiteko modu hori ondo hedatuta dagoela dirudi.

INEk egindako ikerketaren harabera arrakala txikiak daude adin eta genero aldetik. Adinaren kasuan eta beti ere 2022az hitz eginez, 35 eta 44 urte bitarteko langileen %16k telelana egin du, eta 25 eta 34 urte bitarteko soldatapekoen %15,5ek. Generoaren kasuan, batez beste, emakumeen % 14,3k egin du telelana, ehuneko hori gizonena baino handixeagoa delarik (% 13,7). Arrakala handiena ikasketa mailan dago, naturala izanik lanposturekin daukan erlazioa kontutan izanda. Unibertsitate-ikasketak dituzten langileen %26,8k telelana egin du; ehuneko hori, berriz, eskola-graduatua edo beheragoko ikasketak dituztenen %1,7koa da.

Iritziak iritzi, telelanaren praktika egonkortuko delakoan nago. Iritzi berberekoak dira urte amaieran zabaldu diren ikerketa asko

2023an zer? Iritziak iritzi, telelanaren praktika egonkortuko delakoan nago. Iritzi berberekoak dira urte amaieran zabaldu diren ikerketa asko. Interesgarrienen artean Wired aldizkarian topatuko duguna dago: Rajek Choudhury Harvard Business Schooleko ekonomialariak telelana hemen geratzeko dagoela dio. “Bi enpresa-mota daude”, azaldu du Choudhuryk. “Batek lana besarkatuko du, edozein lekutatik, eta bigarrena ukatzen ari da; enpresa horiek beren lan-indarra galduko dutela sentitzen dut”. Argudiatu duenez, “denbora atzeratzen saiatzen ari diren enpresek beren talenturik onenaren parte bat galduko dute, eta dinamika horrek enpresa horiek eguneratzera behartuko ditu”.

Aitormena abestiaren letrak entzunda, langilea eta lantokiaren harremanaren kontestuan: telelana, ohartu gabe arrunt bilakatuta, lehen bailen presentzialitasunetik aska gaitezan.