TicketBai txosnetan
Udako sugetzarretako bat izan daiteke: txosnak eta TicketBai. Tabernarien elkarteak behin eta berriro ari zaizkie eskatzen EAEko hiru diputazioei txosnetan TicketBai sistema ezarrarazi dezatela. TicketBai, alegia, fakturak egitea errazten duen sistema, ogasunarekin tramiteak erraztuko dituena, negozioen digitalizazioa ahalbidetzen duena. Edota enpresariak ogasunari lan guztia eta fakturazio guztia eginda emango dion sistema, lan eta informazio guztia eman ezeren truke.
Hiriburuetako jaietan lehendik ere nahikoa saltsa zegoen txosnak nork jarri eta nork ez gaiaren inguruan, eta tabernariak tope behin eta berriro txosnetan TicketBai ezartzeko temarekin. Tabernarien erronka nagusia konpetentziatzat omen dauzkaten txosnetan fakturen kontrol sistema jartzea izango balitz bezala. Hiriburuetan hasi da dema: Gasteizkoak adostasun batera iritsiko dira, Bizkaian, argiak izan dira eta arazoa bi urtez geroratu dute momentuz, eta Gipuzkoan, tabernarien elkartea oso indartsu, ogasunak ticket festa bideratuko du.
Diru-sarrerak kontrolatzearen aldeko, nola ez, dagozkion zergak ordain daitezen. Bai txosnenak, bai tabernarienak, bai edozein negozio edo enpresenak. Deigarria, hala ere, esan dezagun suabe, diru-sarreren (eta Gizarte Segurantzako kotizazioen) arau-betetzeetan zorrotzegi izan ez den tabernarien sektoreak, inoiz baino onura gehien izaten ari den urtean, txosnen fiskalizazioaren aurka aritzea. Beste edozein sektorek miretsiko luke horrelako lobby baten indarra.
Txosnak, herri honetan bizi garen guztiok dakigunez, mila herri ekimen finantzatzeko erabili dira. Ikastolak, eskola publikoak, jite guztietako herri elkarteak, elkartasun mugimenduak, eta, besterik barik, jaiak ordaintzeko balio izan dute.
Egia da nahiz eta txosnaren jarduerak TicketBai jartzeko obligazioa izan, kasuan kasu begiratu beharko dela, eta irabazi asmorik gabeko elkarteek ustiatutako txosnek ez dutela sistema hori jarri behar izango. Zalantza geratzen zait zer gertatuko ote den nortasun juridikorik ez daukaten ehunka herrietako txosnekin. Obabako jai batzordeak, Amilletako gazte asanbladak edo Buruntzako neska gazte feminista moduko taldeek antolatutako herri-barra horiek non geratuko ote diren. Zalantza barik ez daukate irabazi asmorik, ez bada auzoko jaietako kontzerturen bat ordaindu, edo urtean ekitaldi batzuk ordaintzeko dirutxo bat ateratzea. Baina juridikoki ez daude antolatuta elkarte bezala, eta, bere txikitasunean, kaltetuta atera daitezke gehiegizko exijentzia administratiboen ondorioz.
Pena litzateke administrazioak TicketBairen pisu guztia txosnetan jartzea, orain arte ondo funtzionatu badu sistemak bere horretan utz zitekeen. Hornitzaileak kontrolatu nahi baditu, behin eta berriro Arabako Ogasunak esan bezala, nahikoa litzateke beraiei TicketBai zorrotza eskatzea. Eta helburua bada, Gipuzkoak errepikatu bezala, TicketBai guztiei aplikatzea eta legea berdina izatea guztiontzat, iruditzen zait badagoela txosnak baino goraxeago eta urrunxeago begiratzea. Ez gehiegi, ez pentsa.