Trilema madarikatua
"Dena, dena batera eta dena leku guztietan". Nire kasa itzuli dut (barkatu atrebentzia) filma ospetsuaren izenburua. Esperientzia bitxia da pelikula, komedia eta drama nahasten dituena, beste zenbait generotako zertzeladak ahantzi gabe. Sailkatzen zaila da, eta ez gustu guztietarako. Kontakizunak sekuentzia zoroetan barrena zaramatza eta Ameriketako Estatu Batuetan bizi den Evelyn (Michelle Yeoh) etorkin txinatarraren komeriak bistaratzen dituzun bitartean zehazki zer gertatzen ari den galdetuko diozu zure buruari behin baino gehiagotan. Errealitatea hankaz gora jarri duen dimentsioen arteko haustura baten ondoren, posible dena harrigarri egiten da, eta berriz, ezinezkoa beharko lukeena normala balitz bezala aurkezten du. Den-dena gertakizun da, eta den-dena aldi berean eta leku guztietan batera gertatzen baita. Zoratzekoa.
Fikzioa da, baina fikzioa maiz irudimena eta sormena trebatzeko joko-zelai egokia izaten da, are gehiago gidoi zoroaren antz gero eta handiagoa duen garai honetan. Posible da den-dena izatea, hauturik egin beharrik gabe? Posible da guztia batera izatea?
Dani Rodrik ekonomialari eta dibulgatzaileak ezetz uste du. Munduko herrien dilema hirukoitza plazaratu berri du (lehendik egindako beste zenbait ekarpenen bidetik) eta bertan dio hiru dilema, edo hiru erpin dituen dilema bati aurre egin behar diotela herriek funtsezko hiru helburu orekatzen saiatzen direnean: globalizazio ekonomikoa, subiranotasun nazionala eta demokrazia politikoa, den-dena, ezin omen da. Rodriken arabera, ezinezkoa da hiru helburuak aldi berean erabat lortzea eta ondorioz, bi aukeratu eta bat sakrifikatu beharko dute herriek, nahitaez.
Trilema oin-zola estutzen duen alanbrearen parekoa da eta herriek orekariarena egiten dute, jakin gabe maiz erorikoa ebitaezina dela. Izan ere, subiranotasunari eusteko eta globalizazioa aprobetxatzeko herriek barne-demokrazia murriztu egiten duten bezala, globalizazioa eta demokrazia batera bilatzean subiranotasun nazionalaren zati bati uko behar zaio (ezinbestean, Rodriken ustez); bide beretik, demokrazia eta subiranotasuna mantentzeko, globalizazioa mugatu behar du herriak, protekzionismo handiagoa bilatuz nazioarteko integrazio ekonomikoaren kaltetan.
Ados izan ala ez, trilema horren aurrean erantzunak bilatze soilak berrikuntzarako aukerak irekitzen ditu. Gobernantza-eredu berriak (mundu mailan zein etxean) joko-arauak aldatzea ekar lezake, adibidez. Globalizazio-ikuspegi arautuago eta orekatuago bat posible da, teorian, pertsonen eta ingurumenaren babesean zentratutako eredurantz aurre egin dezakete herriek, sistema demokratiko sendoekin batera. Edo aukera bat eman diezaiokegu globalizazioren hurrengo belaunalditzat jotzen den eredu digitalari, zeinak nazioarteko lankidetzan aurrera egiteko aukerak ere eskaintzen dituen, bertako politiken gaineko kontrol handiegirik laga behar izan gabe.
Aukera horietako bakar batek ere ez du emaitza positiborik bermatzen, noski, baina dilema hirukoitzari aurre egin nahi dioten herrialdeek, nekez topatuko dute erabateko segurtasunik eskatzen duen errezetarik, spoilerra egiteko beldurrik gabe esan daitekeelako ez dagoela horrelakorik. Maparik gabe doaz, goaz.
Horizonte horrek beldurgarria edo etsigarria eman lezake, baina arestian aipaturiko pelikulako protagonistak dioen bezala, "ezin badugu aukeratu zer egiten dugun, gutxienez nola egiten dugun aukera dezagun".