IRITZIA

Trump, muga-zerga optimoaren bila

Ez dirudi AEBko presidente hautatu berriak nazioarteko ekonomiaren oinarri teorikoen inguruko ezagutza sakonik duenik, baina ziurra da norbaitek muga-zerga optimoaren teoria azaldu diola. Horrek dioenaren arabera, herrialde batek, salgai baten nazioarteko eskarian pisu nagusia duenean, salgai horri muga-zerga ezartzen badio, eragindako prezioaren igoerak konpentsa litzake epe luzean, truke-erlazioa hobetuz: muga-zergaren ezarpenak prezioa igoko du herrialde horretan, eskaria jaitsita; herrialde horren garrantzi erlatiboa salgaiaren nazioarteko merkataritzan oso handia denez, eskariaren murrizketa horrek nazioarteko prezioa jaitsiaraziko du. Beraz, paradoxikoki, muga-zergaren igoera batek prezio baxuagoak ekar ditzake herrialde handien kasuan, eta herrialde horietako kontsumitzaileak faboratuak atera daitezke muga-zergaren ezarpenarengatik.

Teoriaren arabera, Trumpek nazioarteko merkataritzaren gain plazaratutako mehatxuek euskarri bat dute, erabat koherenteak direlarik ere bere irizpide politikoekin, MAGA (Make America Great Again) akronimoak hain ondo laburbiltzen dituen horiek. Orain dela gutxi emandako elkarrizketa batean, Angela Merkelek (Alemaniako kantziler ohia) aitortzen zuen, harrituta, Trumpek ez duela sinesten lankidetza politikoan nazioarte mailan. Hobeto esanda, lankidetza ez duela ulertzen: norbaitek zerbait irabaztea, beste batek galtzearen ondorioa da. Enpresa lehia basatiaren jokabideak gidatzen dituela bere negoziaketak. Eta beste herrialde batek onuraren bat ateratzen badu, AEBek uko egiten duela esan nahi du. Hori, noski, Trumpentzat erabat onartezina da. MAGAtik ezin urrundu.

Nazioarteko lankidetzaren eta politikaren ikuspegi miope eta isolatzaile horrek eragin izugarria eduki dezake munduko ekonomian. Kontuan hartu behar da AEB munduko lehen inportatzailea dela: urtero 3 bilioi dolar baino gehiagoko balioa duten salgaiak gurutzatzen dituzte bere mugak, kontsumo erraldoi baten gosea ase nahirik. Bertako lanpostuak defendatzeko aitzakiarekin, nazioarteko merkataritza mende bat atzeratu nahi du, bi mundu gerrateen arteko aldira itzuliaz. Baina lehen ondorioak AEBko kontsumitzaileek pairatuko dituzte: iragarritako %10-20ko muga-zergek inportatutako salgaien prezioak igoko dituzte. Behintzat, epe laburrera. Epe luzera, ikusiko al dugu muga-zerga optimoaren teoria betetzen? Ez dut uste.

Alde batetik, AEBek aldebakarreko muga-zergak igotzea ez da geratuko beren merkataritza-alderdi nagusien, Txinaren eta Europar Batasunaren, erantzunik gabe. Errepresalia horiek mundua espiral protekzionista batera bultza dezakete. Espiral horrek ondorio negatiboak eta ezin aurreikusizkoak izan ditzake bere tamainari dagokionez. Bestalde, muga-zerga igoera horiek gauzatuko balira, nazioarteko hornikuntza kateen berrantolaketa erraldoia ematen ikusiko dugu. Nazioarteko merkataritzaren %80 balio-kateen barnean ematen da. Applek edo Teslak bere txinatar hornitzaileak alboratuko dituzte, bere ekoizpena %100 estatubatuarra bihurtuz? %5 baino gutxiagoko langabezia duen AEBko ehun produktiboa gai izango litzateke ekoizpen berri hori guztiori aurrera eramateko? Argi dago horretarako kanpoko langileak erakarri beharko lituzkeela, legalak… eta ez legalak ere. AEBko mugak immigrazioaren aurrean blindatzeko iragarritako neurriak ere bertan behera utzi beharko lituzke. Eta hori izan da bere kanpainaren ardatzetariko bat.

Populismoa beti saiatzen da arazo konplexuentzat soluzio sinpleak bilatzen, jende soilaren emozioak eta txaloak jasotzeko. Baina duela urtebete hemen idatzi nuen bezala, argi dago ez dakiela errealitatearekin dantza egiten.