Txirrindularitza kapitalismoa da
Ezagutzen nautenek badakite hardcore cyclist naizela: egunero lanera bizikletaz joatea, asteburutan mamil (middle age men in lycra) bihurtzea eta oporretan, alforjak hartu eta errepide ezezagunetatik galtzea gustatzen zaien horietakoa. Mundua bi gurpilen bitartez ikusten dugunontzat, urtero, ekainaren azken egunetan Frantziako Tourrak udaren hasiera ez ofiziala seinalatzen digu. Sarritan euskal eguraldia aurkakoa adierazten saiatzen den arren, bizikletak udararako dira, zinemara modu arrakastatsuan eramandako Fernando Fernán Gómezen antzerkiak zioen bezala. Iaz, Grand Boucle Euskal Herritik abiatzen zela aprobetxatuz, gure egunerokotasunean bizikletak eduki dezakeen inpaktu ekonomikoa eta sozialaren inguruan idatzi nuen, bere erabilpena sustatzeak ekar litzakeen onurak azpimarratuz. Baina EnpresaBIDEAn ere irakur genezakeen Tourrak gure artean utzitako dirutzaren inguruan. Beraz, txirrindularitzaren dimentsio ekonomikoa nabarmena da.
Hala ere, zaleontzat, txirrindularitza bereziki epika da, oso kirol gutxik daukatena, maila horretan behintzat. Bere historian, heroiaren bakardadean balentriaz eta sufrimenduz jositako gertakariak ugariak dira. Ausardiak eta kemenak bultzatutakoak gehienetan, nahiz eta segadek eta traizioek ere bere lekua izan dute. Baina Corsino Vela aktibista eta idazle anarkistak Ciclismo y Capitalismo bere liburuan dioen bezala, halo erromantiko horrek ezin du ezkutatu txirrindularitza kapitalismoaren metafora bizi bat dela.
Txirrindularitza profesionalean kapitalaren indarrek edukitako eraginaren lehen ebidentzia da bere goiztiartasuna publizitatearen erabilpenean. Talde profesionalak bere sorreratik marka bati atxikituak izan dira, eta bere errendimendua, errepidetan eta komunikabidetan lortutako ikusgarritasunak neurtzen zuen, enpresen marketin estrategien tresna izanik. Tourra ere Henri Desgrangesek sortu zuen bere aldizkariarentzat irakurleak bilatzeko ekimen bezala. Talde barneko egitura eta funtzionamendua ere lanaren espezializazio ereduen ispilua da: talde burua, sprinterrak, gregarioak¸ eskalatzaileak, errodadoreak,… denek dute bere betebehar zehatza. Batzuk talde buruarengandik gertu egon behar dira lautadan, haizetik babestuz. Beste batek, ur bidoiak kotxetik igo lasterketan zehar edo aldapak gora egiten duenean tropeletik tira. Teknikarien artean ere lan banaketa hori hiperespezializaziora bideratuta dago. Dena kirol arrakastaren mesederako, garaipenak (mozkinak) maximizatzeko. Lanaren banaketa zorrotza. Taylorismoaren adibide paregabea.
Baina txirrindularitzaren sena kapitalista ez da bakarrik negozio eta kirol eredura mugatzen. Kapitalismoaren garapenenean berrikuntzak eta teknologiak bultzada erabakigarria izan badira, txirrindularitza ere abangoardian egon da beti errendimendu fisikoaren eta mekanikoaren bilaketa amaigabean. Sofistikazio horrek metriken eta adierazleen garapena ere ekarri izan du. Hasiera batean abiadura eta denbora neurtzea nahikoa zen: orain, potentzia, gaitasun aerobikoa, gorputzaren tenperatura, glukosa odolean, laktato mailak… jakin behar dira. Ez da kasualitatea %1eko irabazi marjinalen kontzeptuaren arrakasta (hau da, hobekuntza txiki asko metatzen direnean, aldaketa esanguratsuak lortzen dira) Britaniar talde olinpikoaren eta Sky taldeko managerra izandako Dave Brailsfordi leporatzea. Eredu hori beste kirol eta esparrutara ere zabaldu da, etengabeko hobekuntzarako oinarri bezala.
Hala ere, izaera kapitalista horrek ezin du ukatu beste txirrindularitza moduak existitzen direnik: artisauak, arin baina patxadaz mugitzen direnak, naturarekin, lagunekin eta norberaren buruarekin harremanetan. Asetasuna bidean topatzen duena, eta ez lortutako postuan. Beste britainiar batek, Robert Pennek, bi gurpilen gainean zoriontasuna bilatu behar dugula dio. Ni horretan nabil.