IRITZIA

Ugaritasunaren etorkizuna

Gaur egun ezagutzen ditugun gizarte, ekonomia eta mundua inflexio puntu batean egon daitzeke. Teknologiaren, adimen artifizialaren (AA) eta robotizazioaren etengabeko berrikuntza erabat aldatzen ari da gure ekonomia eta lana, eta laster bizitza ere aldatuko du. Ugaritasun ekonomia bateranzko joera hartzen ari gara, eta benetako paradigma aldaketa izan liteke. Oinarrizko beharrak gero eta modu eraginkorragoan asetzen ari gara —teknologiaren garapenak beharrezko baliabideen produkzio kostuak gutxitzea ahalbidetzen du— eta hartara, horiek gero eta eskuragarriago daude guztiontzat.

Oraindik gizarte oso ezberdin batean bizi eta bidegabekeria asko badago ere, hamarkada gutxi batzutan munduko herrialde guztiek beharrezko ezagutzak, azpiegiturak eta baliabide amaigabeak izan ditzakete bizitzeko. Fusio nuklearra, gaixotasunen sendagaiak, lanaren automatizazioa eta bestelako iraultza teknologiko kateei esker, urte gutxi batzutan erabat aldatu daiteke gizakiaren bizitza eta errealitatea. Oinarrizko baliabideak ziurtatzean, gaur egun ezagutzen dugun lanaren kontzeptuak oparotasunera trantsitatu beharko du eta oinarrizko errenta unibertsalaren kontzeptua indartu liteke mundu osoan.

Orain ezagutzen dugun eskasiaren ekonomian, bizirauteko eta balioa sortzeko tresna izan da lana, gure identitateak eta gizarte-egiturak moldatuz. Mundu oparo batean, ordea, ezagutzen dugun lana bitxikeria bihur daiteke, eta horrek bere asmoa eta esanahia berriro aztertzera behartuko gaitu. Esate baterako, automatizazioak eta AAk lan errepikakorrak eta monotonoak desagertarazi ditzake, gizakia zeregin horietatik liberatuz, baina fenomeno horrek positiboa dirudien arren, orain arteko lana ordeztuko duten zortzi ordu horiek birpentsatu eta gizartea berrantolatzera bultzatuko gaitu. Gaur ezagutzen ditugun lanik gabeko mundua ezagutu genezake? Zer egingo dugu gure lanak jada beharrezkoak ez direnean?

Egungo lan tradizionala —ezagutzen dugun kontzeptu bezala— desagertzeak biziraupen ekonomikoaz haraindi helburu bat bilatzera bultzatu behar gaitu. Gizakiak, historikoki, komunitatearekiko ekarpen eta partaidetza zentzua behar du, eta testuinguru horretan bizi. Horregatik, ugaritasun ekonomiaranzko trantsizioak ere gure sistema ekonomiko eta sozialak birkonfiguratzea eskatuko digu, eta orain arte hainbeste erreparatu ez diegun gizarte-ezberdintasunei, ingurumen-jasangarritasunari eta bizikidetzari gehiago erreparatuko diegu.

Oinarrizko ondasun eta zerbitzu ugari dagoen mundu batean, balioaren definizioa aldatu egin behar da. Jada gizakiak ez du ondasun materialen metaketa balioan jarriko, eta bizi-kalitatea, zoriontasuna eta ongizatea bezalako konzeptuak izango dira balio aspirazionalak. Paradigma aldaketa horrek garapen bidezkoago eta jasangarriagoa bultza dezake, nahiz eta ez duen bidezko banaketa bermatzen; izan ere, teknologiak desberdintasunak areagotu ditzake behar bezala kudeatzen ez bada, eta horretarako behar-beharrezkoak izango da aberastasuna modu ekitatiboan banatzea bermatuko duten politikak diseinatzea. Horien artean da orain arte esperimentatu baina ezarri ez den oinarrizko errenta unibertsala, esate baterako.

Ugaritasun ekonomia batean, lehentasuna eman behar diogu iraunkortasunari ere, eta kalte ekologikoa minimizatuko duten praktiketan zentratu beharko dugu. Horien parte dira teknologia garbiak, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsuaren etika.

Azkenik, esan teknologiak pertsonak inoiz ez bezala konektatzeko ahalmena duela eta oparotasuneko mundu batean funtsezkoa izango dela lankidetza- eta komunitate-kultura berreskuratzea. Proiektu kolektiboek, boluntarioek eta tokiko ekimenetan aktiboki parte hartzeak gizarte-sarea indartu dezakete, eta helburu partekatu zentzua eman.