Unibertsitatea eta etorkinen kapital soziala
Unibertsitate publikoa mugikortasun sozialerako funtsezko gune gisa finkatu da, bereziki ingurune zaurgarrietatik datozen ikasleentzat. Hala ere, etorkinen familian hazitako unibertsitate-ikasleen kasuan, oztopo iraunkor bat ikusten da: kapital soziala eraikitzeko zailtasuna, arrakasta akademiko eta profesionalerako faktore erabakigarria. Gabezia horrek, desberdintasun kultural eta ekonomikoek areagotuta, erronka handia dakarkio ez bakarrik gure unibertsitate komunitateari, baizik eta gizarte osoari.
Raj Chetty eta beste ikertzaile batzuen ikerketa berri batek (2024) erakusten du baldintza komunitarioek eta horien inguruan sortzen diren sare sozialek eragin nabarmena dutela etorkizuneko belaunaldien aukera ekonomikoetan. AEBko mugikortasun ekonomikoaren azterketan, egileek funtsezko faktore bat identifikatzen dute, familien diru-sarreren mailaz gain: ikasleen komunitate soziala (hau da, haurtzaroan haiekin elkarreragiten duten beste haurrak) eragin zuzena duela ondorengo arrakastan. Harreman horien ehuntzeari kapital soziala esaten zaio, eta bereziki garrantzitsua da ingurune behartsuetatik datozen ikasleentzat. Eta hori posiblea egiteko, garrantzia handia du komunitate anitzetan erlazioak ereitea.
Azken hamarkadetan immigrazioa etengabe hazi den Euskal Herrian, unibertsitateek (bereziki publikoek) etorkinen seme-alabei interakzio sozial eta profesionaleko gune horietan sartzeko aukera emango dien ingurune bat eskaintzeko erronkari egin behar diote aurre. Kapital sozial sendoa sortzea, neurri handi batean, ikasgelen barruan eta kanpoan sortzen diren loturen araberakoa da. Baina, baita ere, urtetan familian metatutakoa: gurasoen kuadrillan, lantokietan edo elkartetan. Ikasle etorkinek sarritan ez dute horrelako loturarik izaten, neurri batean beren familiek ez dutelako oraindik gure artean harreman horiek ehuntzeko betarik izan. Kapital sozialik ez izateak zailtasun handiagoak ekar ditzake lan irteerak lortzeko edo sare profesionaletan sartzeko, baina garapen pertsonalerako aukerei buruzko funtsezko informazioa lortzeko ere bai.
Desoreka hori zuzentzeko, unibertsitateek rol proaktiboa hartu behar dute beren ikasle etorkinen kapital sozialaren eraikuntzan. Horrek laguntza akademikoa eskaintzea baino gehiago eskatzen du. Kontua da interakzio-espazioak, mentoretza-programak eta sare profesionalekiko konexioak erraztea, bestela haien irismenetik kanpo egongo liratekeelako. Alde horretatik, unibertsitateak "igogailu sozial" gisa funtzionatu behar du, ikasle guztiek, jatorri sozioekonomikoa edo kulturala kontuan hartu gabe, garapen-aukera berberak izan ditzaten.
Unibertsitateak, erronka horren jakitun, hasi dira jada aniztasunari eta inklusioari laguntzeko programak ezartzen. Adibidez, EHU, Arrakasta programaren bitartez. Hala ere, oraindik asko dago egiteko ikasle guztiek beren bizitza profesionalean arrakastaren eta porrotaren arteko aldea eragin dezakeen kapital sozial hori eskuratzeko aukera bera izango dutela bermatzeko. Etorkinen seme-alabak sare sozial eta profesionaletan integratzea ez da haientzako erronka hutsa, gizarte osoarentzako erantzukizuna baizik. Unibertsitateen zeregina da erakustea aukera berdintasuna ez dela soilik diskurtso bat, baizik eta errealitate ukigarri bat ikasle guztientzat. Abiapuntua kontuan hartu gabe aukera berdintasunaz hitz egiten badugu, alde batera uzten dugu batzuk jada galduta dagoen lasterketa hasten dutela.