IRITZIA

Zilegitasun talkak

Gauza bera al da zerbait legezkoa edo legitimoa, zilegi izatea? Bat datozen terminoak dirudite, baina hori ez da beti horrela. Are gehiago, kasu askotan zilegi dena eta legezkoa dena oso desberdinak izan daitezke. Zilegi den zerbaiten eta legezkoa den zerbaiten arteko aldea fina dirudi, baina oso esanguratsua da. Legezkoa legeak baimentzen duenari dagokio; hau da, gobernu-agintaritza batek ezarritako arauei eta erregulazioei. Zilegi dena, bestalde, estandar sozial eta etikoen arabera moralki zuzena edo onargarria denarekin lotzen da.

Adibidez, industria farmazeutikoan, enpresa batek legez patenta dezake sendagai bat, eta oso garesti saldu. Hala ere, praktika horren zilegitasuna zalantzan jar daiteke, baldin eta prezioak baliabide apalak dituzten pertsonek beharrezko tratamendua jasotzea eragozten badu. Hemen, ekintza legezkoa den arren, baliteke gizarteak ez hartzea zilegitzat.

Ikus dezagun nire ustez oso garrantzitsua den beste kasu bat: norena da testu honen jabetza intelektuala? Erantzuna sinplea da, “EnpresaBIDEA S.L.” enpresarena. Hala ere, legezkoa da adimen artifizialeko eredu bat entrenatu nahi duen enpresa batek (META, Google, OpenAI…) testu horiek erabiltzea “EnpresaBIDEA S.L.”ri jakinarazi gabe. Arraroa badirudi ere, hala da. Zilegi al da adimen artifizialeko eredu bat bere testuekin entrenatu nahi duen enpresa bat haietaz baliatzea, eta adimen artifizial sortzailearen eredu batek honen oso antzeko testuak ekoiztea? Hor hasten dira zalantzak.

Europar Batasunak datu-meatzaritzarako (Text and Data Mining, TDM) egile-eskubidearen salbuespenak ezarri zituen EBren 2019/790 Zuzentarauan, merkatu digital bakarreko egile-eskubideei buruzkoan. Zuzentarau honek, DSM Directive bezala ere ezaguna, bi salbuespen ezartzen ditu TDMrentzat: 3. artikuluan Ikerketa Zientifikoko helburuetarako salbuespena eta 4. artikuluan Testu eta Datu Meatzaritzarako salbuespena. DSM beraren 18. kontuan hau esaten da: “Ikerketa zientifikoaren testuinguruan duten garrantziaz gain, testu- eta datu-meatzaritzako teknikak eskala handian erabiltzen dituzte erakunde pribatu zein publikoek, bizitzako hainbat esparrutan datu-kopuru handiak aztertzeko eta hainbat helburutarako; besteak beste, gobernu-zerbitzuetarako, enpresa-erabaki konplexuak hartzeko eta aplikazio edo teknologia berriak garatzeko”. Espainiar estatuan DSM Zuzentaraua lege bihurtu zuen 24/2021 Errege Lege Dekretuak antzeko eskemari jarraitu zion, eta hau adierazi zuen: “Testu- eta datu-meatzaritzaren muga berriak nabarmentzen dira, bai erabilera zientifikorako, bai komertzialerako; izan ere, informazio-kantitate handiak tratatu behar dira ezagutza berriak eskuratzeko eta joera berriak aurkitzeko, eta sareko negozioaren funtsezko elementuetako bat da”. Hieroglifo bat dirudi, baina 2021eko dekretu horrek zilegi ez den zerbait erabat legezkoa izatea ahalbidetzen du.

Zer dio legeak? Sinplea: Erabiltzeko askatasuna dago, betiere jabeak esplizituki kontra egiten ez badu. Legala da webgune irekietako testu eta eduki mota guztiak kopiatzea eta TDM salbuespena funtzio horietarako erabiltzea, gaur egun AA ereduen entrenamenduan islatzen dena, zientifiko edo komertziala. Jabeak eduki horien gaineko eskubideak galtzen ditu? Ez, eta edozein unetan adierazi dezake “bitarteko mekanizatuen bidez” horren aurka dagoela. Hau da, kasu honetan, EnpresaBIDEA S.L.k oztopo bat jartzen badu, errespetatu egin behar da. Hedabide batzuek dagoeneko erabiltzen dute modu batean edo bestean, bakoitzak bere blokeo- edo ez-blokeo politika azalduz eta, beraz, entrenamendurako erabili nahi dituzten enpresei mugak jarriz.

Horren aurrean, zer diote alde interesatu batzuek? Jabetza intelektual eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek zeresan handia dute horren inguruan. Euskal Herrian EKKI dugu eta Espainia mailan zerrenda luzea da. Entitate horiek diotena da, legezkoa izan arren, TDM salbuespena adimen artifizial sortzaileen mundua erabilera sozialetik urrun zegoenean adostu zela. Nire ustez argudioak ez du guztiz balio. Urtebete lehenago, 2018an, OpenAIk lehen aldiz argitaratu zuen bere lehen GPTaren existentzia. TDM salbuespena DSM direktibara iristen den urte berean, GPT-2 agertzen da. Estatuan lege izatera heltzen denean (2021) DALL-Ek jada GPT-3ren bertsio bat erabiltzen du. Orain 2022ko abendutik aurrera ChatGPTren leherketarekin gertatu zena inork ez zuela ikusten argudiatu dute. Mundu errealean gertatzen ari dena kontuan hartu gabe idazten den beste lege kasu bat da.

Orain, jabetza intelektuala modu kolektiboan kudeatzen dutenen zilegitasunaren aurka talka egiten duen lege baten arazoaren aurrean, Espainiako Kultura Ministerioak dekretu berri bat proposatu du. Proiektua hobetzeko argudioak prestatzen ditugunok (azken eguna 2024ko abenduaren 10a) oso kezkatuta gaude, bi legeren (2021ekoa eta orain proposatzen dena) arteko talka argia ikusten dugulako, bi legitimitate ezberdin defendatzen dituztenak. Ziurgabetasunetik etor daiteke arazoa. Edozein AA sortzaile bat erabiltzen dugunean, elkarren aurka talka egiten duten bi legek arrastaka eramango gaituzte.

Nire ustez, irtenbidea oso sinplea da: webgunean eduki irekia duen edonori modu eraginkorrean boluntarioki aurka egiten laguntzea (“robots.txt” sinple baten bidez edo garatzen ari diren beste bitarteko batzuen bidez. Sortzaile indibidualek, enpresek edo haien erakunde kolektiboek egin ahal izango dute oposizio hori. Horretarako, nahikoa izango litzateke gure erakunde publikoetatik bultzada bat ematea eta mekanismoak nola zabaldu ondo dakitenen laguntza pixka bat jasotzea. Aurka egin nahi ez duenak ez dezala aurka egin, baina bere eskubideen berri ondo emanda. Ez dugu behar, ordea, dekretu kontraesankorrak lege bihurtzerik. Lege batek "baimendua" esatea eta beste batek "kanon bat ordaintzen badidazu bakarrik" esatea zentzugabekeria da.

Gutaz eta gure errealitateari buruz ere gehiago hitz egin behar dugu, Europako araudietaz, eta beste leku batzuetan gertatzen denaz hitz egiteari utzi. Adibidez, zenbat hitz egiten den New York Timesi buruz eta zer gutxi Europan bertan gertatzen diren kasuei buruz! Niri bost axola Wisconsin edo Kentuckyko kontuak, bertakoak dira guretzat esanguratsuenak. Amaitzeko, ez legoke gaizki legegile askori CommonCrawl bezalako ekimen globalak azaltzea, gaur egungo mundu digitalerako hain garrantzitsuak eta behar-beharrezkoak direnak.

Talka gutxiago eta zilegitasun ugari kontuan hartzen dituzten lege gehiago, mesedez.