Zortzi bider hiru
Grezian sekulako zalaparta eragin du gobernu kontserbadorearen gehiengoak Legebiltzarrean aurrera atera duen lan-erreforma berriak, askoren aburuz esklabutzaren ertzetik oso-oso gertu utzi duena bertako lan-merkatua, barruraino eraman ez badu.
Hemendik aurrera, langile batek bere zortzi lan-orduko bere lanpostu nagusia beste batekin osatzeko aukera izango du, bigarren hori bost lan-orduetatik gorakoa ez bada. Kontuak erraz egiten dira: bi enplegatzaile izanez gero, 13 orduko lanaldia izango luke langile horrek.
Ez da hori aldaketa bakarra. Erreformak seigarren lanegun bat ezartzeko aukera uzten du enpresaren esku ekoizpenaren beharretara egokitzeko. Ordutegi finkorik izango ez duten “goardiako langileak” ere ontzat eman ditu erreformak: funtsean, langile horiek ez dute lan-ordutegirik izango, enplegatzailearen beharretara egokituko zaie, eta 24 ordu lehenago jakinaraztearekin nahikoa izango da.
Hautsak harrotu ditu erreformak bertan eta handik kanpora ere, bertako ispiluan ikus baitaitezke beste herrialde askotako langileak, eta baita ugazabak ere.
Gobernuak erreforma kaosa antolatzeko balio izango duela defenditu du, “legerik gabeko oihana” baita, bere hitzetan, lan-merkatua ekonomia “ofizialaren” lurrazaletik behean (oso behean) mugitzen baita aspalditik. Gehiegikeria ez formalak legezko gehiegikeriekin nola konpon daitezkeen, baina, ez dute garbi ikusten ez oposizioak, ezta sindikatuek ere, eta kalera dei egin dute.
Zortzi lan-orduko lanaldia 1810ean deskribatu zuen Robert Owen enpresariak, zeinak formula zehatza ezarri baitzuen: bizitza eta lana bateragarriak izan daitezen, zortzina ordu behar dira lanerako, aisialdirako eta atsedenerako. Zortzi bider hiru, hogeitalau. Industria Iraultzaren gehiegikeriak salatzen zituen langileen mugimenduak bere egin zuen aldarrikapena eta apurka-apurka (astiroegi bada ere) ezartzen joan zen zortzi lan-orduko lanaldia eredu gisa, oraindik orain salbuespen asko dauden arren.
Aurrerapena ez da lineala, eta ez da nahitaezkoa. Erresuma Batuko greba entzutetsuak gauzatu baino ia hiru mende lehenago, Espainiako 1593ko Instrukzioko Ordenantzaren VI. Legeak ondokoa ezarri zuen: "Gotorlekuetako eta lantegietako langile guztiek egunean zortzi orduz lan egingo dute; orduak ingeniariek banatuko dituzte, langileei eguzkiaren berotasuna saihesteko eta haien osasuna zaintzeko aukera emateko, beren betebeharrei huts egin gabe". Iraultza Industriala nagusituz joan zenean, ordea, lan-indarraren premia areagotu zelarik, 12 eta 16 orduko lanaldiak ezarri ziren nonahi, eta horrexek ekarri zuen atzera zortzi lan-orduko lanaldien aldarrikapena.
Lana ulertzeko moduan funtsezko aldaketa bat gertatu den guztietan arau sozialak (eta marko politikoa) ere aldatu egin dira. Kontuz gero: aldaketak ez du zertan hobekuntza esan beharrik. Historiak erakusten digu garapena ez dela etengabeko aurrerapen geldiezina. Inboluzioak bizitzaren parte direla, aurrerapenak bezainbeste.