Bioterra azokaren une bat | Argazkia: Ficoba

JASANGARRITASUNA

10.000 bisitari baino gehiago jaso ditu Bioterraren azken edizioak

Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute. Lehen aldiz Ficobako lurzoru berrituan egin da azoka

Bioterra, Euskal Herriko produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokak 10.000 bisitari baino jaso ditu amaitu berri den 21. edizioan. Joan den igandea izan da bisitari gehien izan duen eguna, guztira 4.000 pertsona izan baitira. 

Ficobako lurzoru berrituan egin da aurtengo azoka, eta horrek orain arte erabili den 1.400 metro karratuko moketa kentzea ahalbidetu du. Moketa berrerabilgarria erabiltzearen batera, 74,6 tona CO2 atmosferara isurtzea saihestu du neurri honek, antolatzaileen arabera.

Maialen Gaztañaga, Bioterrako zuzendariak balorazio positiboa egin du. "Pabiloiak jardueraz beteta egon dira, enpresa erakusketarien 130 stand baino gehiagori eta antolatu ditugun 50 jarduera paraleloetan parte hartu duen publiko konprometituari esker". Halaber, enpresa erakusleek eta azoka bisitatu duten pertsonek edizio honen leloa, konpromiso ekologikoa egia bihurtu dutela aldarrikatu du.

Bisitarien balorazioari dagokionez, %91 baino gehiagok adierazi du azoka bisitatzearekin pozik edo oso pozik dagoela, eta %87k Bioterrako hurrengo ediziora itzuliko dela dio. Era berean, gehiengoa Gipuzkoatik ailegatu da, %75, gero Ipar Euskal Herritik (%10) eta hirugarrenik, nafarrak bisitarien %6 izan dira.