Material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea da Etxabide | Argazkia: Utzita

JASANGARRITASUNA

Alaitz Etxabide: "Poliki-poliki merkatuan ikusten dira konpostagarriak diren materialak"

Janaria ontziratzeko berriztagarriak eta konpostagarriak diren materialen ikerketa egin du Etxabidek azken urteotan. Lesakako Hidro Rubber enpresan kautxuzko formulazio berrien propietateak ikertzen dihardu egun

Han eta hemen ikertzaile lanetan aritu ostean, etxera bueltatu da Alaitz Etxabide Etxeberria (Lesaka, 1990). Hidro Rubber enpresan ari da lanean pasa den otsailaz geroztik, kautxuarekin lanean, formulazio berriak garatzeaz arduratzen da. Industria Kimikaren Ingeniaritza Gradua eginda, material berriztagarrien ingeniaritzako doktorea da, eta elikagaien industriak sortzen dituen hondakinetatik biopolimeroen erabilera aztertzen aritu da azken hamar urteotan. Datorren abenduaren 10ean Elhuyar eta Donostia Kulturak antolatutako Emakume zientzialariak argitan solasaldi zikloan parte hartuko du.

Material berriztagarriak, zer diren? izenburupean parte hartuko duzu solasaldi zikloan. Zer dira material berriztagarriak?

Naturatik lortzen diren konposatuetatik egindako bezala definituko nituzke. Material horiek, petrolioa ez bezala, beti edukiko ditugu gurekin. Petrolioa agortzen ari da, finitua da, eta hortik lortzen ditugun materialak ez dira betirako izango. Berriztagarriak diren horiek naturatik modu jasangarri batean hartutako materialak izan behar dute. Gure kasuan, berriztagarriez gain, saiatzen gara, edo tesia egin genuen garai horretan saiatzen ginen kospostagarriak izaten. Horrela nolabait ziklo hori ixten da. Zuk zerbait berriztagarria erabiltzen duzu eta gero hondakin hori berriro ere naturara bueltatzen da konpost modura.

Zer puntutaraino da garrantzitsua material berriztagarrien alde egitea?

Nik uste dut erabilera aplikazioaren araberakoa dela, baina sektore ezberdinetan ematen ari da aldaketa. Adibidez, elikagaien ontzigintzan hagitz garrantzitsua da material berriztagarriak eta konpostagarriak erabiltzea, arazo handia dagoelako plastikoarekin. Nahiz eta jada urte aunitzez guk erosten ditugun janariak ontziratzeko materialak bereizten ditugun, dena ez da birziklatzen. Nahiz eta birziklatzen dugula esan, guk egiten duguna da bereizi, material bakoitza zakarrontzi jakin batera bota eta hortik ez da %100a birziklatzen. Arazo handia dago. Zabor kopuru handiak sortzen ditugu eta aunitz kutsatzen dugu. Zabor hori ez bada ondo kudeatzen lurzorua kutsatzen da, lur azpiko urak ere kutsatzen dira. Berriztagarri eta konpostagarriak diren materialak beharrezkoak dira erabiltzea. Eta tesia horrekin hasi genuen, bi propietate horiek dituzten materialak erabiltzen janaria ontziratzeko.

Energia berriztagarrien alde egiteak zailtasunak al ditu?

Bai, baditu. Guk erabilitako material gehienak uretan gustura egoten diren materialak dira, hau da, uretan disolbatzen dira. Beraz, ur kantitate aunitz duten elikagaietarako ez dira hain aproposak. Aldiz, propietate hori hobetu daiteke gehigarriak erabiliz. Kontua da gaur egun erabiltzen diren plastiko sintetikoen propietateak hagitz onak dira, eta horietara iritsi ahal izateko, oraindik tarte handia dago.

Alaitz Etxabide: "Nahiz eta guk esan birziklatzen dugula, guk egiten duguna da bereizi, material bakoitza zakarrontzi jakin batera bota"

Ikertzaile bezala aritu zara urte askotan, zer da gehienbat landu duzuna?

Elikagaien industriatik sortzen diren hondakinetatik biopolimeroak edo “plastiko naturalak” erabiltzen hasi ginen, elikagaiak ontziratzeko. Zer propietate zituzten ikusi genuen eta gehigarriak gehitzen hasi ginen, propietateak hobetzeko eta beste funtzionalitate batzuk emateko. Hor ere ontzigintza aktiboak eta adimendunak landu genituen. Ohartu ginen material horiek baliogarriak zirela ere biomaterialak egiteko, hau da, medikuntzarako protesiak egiteko, adibidez. Guk erabiltzen ditugun biopolimero horiek proteinak eta polisakaridoak dira, gure gorputz barruan ditugunak. Hortaz, biomedikuntzara bideratutako ikerketa-lerroa ere zabaldu genuen, hainbat prozesaketa teknika berriren laguntzarekin amaierako material desberdinak lortzeko.

Tesian egindako ikerketa da hori?

Hori da, bai etxean eta atzerrian egindakoa. Lau-bortz urtez egonaldiak egin ditut atzerriko unibertsitate ezberdinetan eta bakoitzean aplikatu dut nire ezagutza, baita ezagutza berria lortu ere. 2014an hasi nuen tesia, 2017an amaitu eta 2024 arte ikertzen aritu naiz.

Frantzian, Ingalaterran, Zeelanda Berrian edota Portugalen. Nazioarteko unibertsitate askotan egon zara.

Egonaldiak egitean beste talde berriei zure ezagutza erakustea ahalbidetzen du eta beraiek dituzten ezagutzak ere zuk hartzen dituzu aldi berean. Adibidez, Bordeleko unibertsitatean, aukera izan nuen gobernuko laborategi batean lan egiteko. Bertan ikertzen zituzten merkatuan zeuden plastikoek ea betetzen dituzten berez bete beharreko arauak. Hagitz aunitz ikasi nuen elikagaietara doan plastikoen migrazioaren inguruan, gero nik nire ikerketetan aplikatu dudana. Newcastlen biopolimeroak tratatu edo prozesaketa teknika berriak ezagutu nituen, adibidez, 3D inprimagailu bidezko prozesaketa.

Zeelanda Berrian ere egon nintzen, Aucklanden, hor bi egonaldi egin ditut, orotara hiru urte baino gehiago egon naiz han. Ardogintzak indar handia du, mahasti pila dituzte eta behin ardoa ekoiztuta ez dakite zer egin prentsatu ondoko mahatsarekin. Antioxidatzaileak dituzten hondakinak dira, biopolimeroak atera daitezke bertatik ere eta aztertu genuen hondakin hori nola aprobetxatu daitekeen materialak egiteko

"Berriztagarriak edota konpostagarriak diren materialak lortzea eta horiek prozesatzea ez dago erabiltzen ditugun plastikozko materialena bezain aurreratua. Guzti horrek azkenean kostua handitzen du, eta badakizu mundu honetan diruak zer indarra duen".

Aplikatzen al dira industrian, eta oro har, beste sektoreetan ikerketatik lortutako material berriztagarri hauek?

Berriztagarriak edota konpostagarriak diren materialen erabilera ontzigintzan oraindik hagitz ehuneko txikia da. Egia da ezin dela lehiatu gaur egun dauden sintetikoekin, baina poliki-poliki merkatuan ikusten dira horrelako materialak. Kostatzen ari da, izan ere egiten ari diren kantitateak ez dira hain handiak. Berriztagarriak edota konpostagarriak diren materialak lortzea eta horiek prozesatzea ez dago erabiltzen ditugun plastikozko materialena bezain aurreratua. Guzti horrek azkenean kostua handitzen du, eta badakizu mundu honetan diruak zer indarra duen. Baina egia da aldaketak denbora behar dutela eta nik uste dut behin produkzio sistemak optimizatzen direnean eta kantitate handiagotan ekoiztu daitezkenean, lagunduko duela nolabait horrelako biopolimeroak merkaturatzen. Araudi eta lege aldaketek ere horretan aunitz lagundu dezake.

Gizartean sumatu al duzu aldaketa?. Kontsumo joeretan esaterako, kontzientzia handiagoa dago?

Nik uste dut kontzientzia geroz eta handiagoa dagoela, baina aldi berean kontsumitzailea nahiko nahasia dago jasotzen dugun informazio guztiarekin. Adibidez, produktu bat erostera joaterakoan, kontzeptu nahasketa handia dago. Produktu ekologiko (-EKO-) izateak ez du esan nahi ontzia biodegradagarria edo jasangarria denik. Bertzetik, orain gutxi ikusi nuen albiste bat, produktu batek bere ontziaren diseinua aldatu zuela jasangarriagoa izateko eta 50 milioi dolar galdu zituela hilabete batean, diseinu aldaketarekin hainbat bezero nahasi eta produktua kontsumitzeari utzi ziotelako. Enpresak ontziaren aintzineko diseinura itzultzea erabaki zuen, hau da, ontzi ez jasangarria erabiltzera. Geroz eta garbiagoa dugu zer garrantzia duen guzti honek, baina, aldi berean, gure aldetik gehiago egin behar dugu, jasotzen ditugun mezuak argiak izan behar dute eta gardentasun handiagoa behar da (greenwashing-nik gabe). Esaten digute produktua plastiko birziklatuarekin egin dela, baina zenbat du benetan birziklatua? Jasangarria izateko zenbateko ehunekoa behar du biopolimeroarena? Gauza horiek ez daude ondo definituta.

Emakume zientzialarien ilunpean egin den lana argitara ematea du helburu Emakume zientzialaria argitan topaketak. Zure esperientzia nolakoa izan da?

Nik karrera egin nuenean, espezialitate desberdinak zeuden gure ingeniaritza eskolan, eta adibidez, kimikako espezialitatean gehiengoak emakumezkoak ginen. Mekanika edo elektronikakoan ziren gehiengoak gizonezkoak. Gero laborategi mundura edo ikerketa mundura salto egin nuenean, gure saileko ikerketa laborategietan gehiengoak emakumezkoak izan gara. Ikasten/ikertzen den gaiaren arabera, aldatzen doa eta batzuetan gizonezko gehiago daude eta bertzeetan alderantzizkoa da. Nik ilunpe hori ez dut bizitu.

"Produktu ekologiko izateak ez du esan nahi ontzia bideodegradablea denik edo jasangarria denik"

Zuk argi zenuen txikitatik industria kimikaren ingeniaritza gradua ikasi nahi zenuela? Eta gero material berriztagarrien ingeniaritza masterra?

Nik ikerkuntza akademikoa ez nuen ezagutzen, karrera amaierako lana egiten hasi nintzen arte. Ingeniaritza ikasi nuenean, nire helburua zen amaitu eta industriara salto egitea, ez bainekien akademian ikertzen ahal zela, ikerketa mundu hori existitzen zela. Fakultatean ikerketara bideratutako master bat egiteko aukera zegoen, eta gero EHUko doktoretza egiteko dirulaguntzak eskatu nituen. Horrela hasi nintzen akademian ikertzen. Hasieran pentsatzen nuen industriara egingo nuela salto behin karrera amaituta.

Orain Hidro Rubber enpresan zabiltza lanean, industrian.

Aurtengo otsailetik nabil. Kautxuarekin lan egiten dugu eta bertan formulazio berriak garatzen ari gara propietate desberdinak dituzten kautxuzko piezak lortzeko. Ni arduratzen naiz formulazio berriak egiteaz, osagai berriak erabiliz propietate desberdinak dituzten kautxuzko piezak lortuz.

Lesakan dago kokatuta enpresa, etxera itzultzea bezala izan da beraz.

Hamar urte ikertzen egon naiz eta erdiak atzerrian pasatu ditut bai. Hagitz kontent naiz etxean berriz.