"Bio-seine" izeneko soka iraunkorragoak sortzen ere ari dira | Argazkia: iStock

JASANGARRITASUNA

Arrantza sareek sortutako plastikoak murrizteko proiektuaren buru da Azti

Searcular izeneko ekimenaren bitartez arrantza egiteko sare birziklagarriak eta material jasangarriagoak ikertzen ari dira

Azti euskal zentro teknologikoa da europar mailako proiektua den Searcular ekimenaren buru. Bertan parte hartzen duten hamahiru enpresa industrial eta erakundeek Searcularren bitartez lortu nahi dutena da itsaso eta ozeanoetan dagoen plastiko kopurua murriztea. Horretarako, irtenbide berritzaileak ikertzen ari dira, ondoren, arrantzaren esparruan erabiltzeko.

Izan ere, Aztik azaldu duenez, arrantzarako erabiltzen diren sare zein ekipamenduek “nabarmen eragiten dute itsasoan amaitzen duten plastikoen hazkundean”. Erronkari aurre egiteko, arrantza mota bakoitzaren beharrak aztertzen ari dira proiektuan, eta, hala, hainbat arrantza estilotarako baliagarriak diren sare birziklagarriak aztertu nahi dituzte. Antolatzaileek adibide bat azaldu dute: hegaluze tropikala harrapatzeko erabiltzen diren inguraketa-sareen bizitza erabilgarria amaitzean, berrerabili egin daitezke arraste sareetarako soka iraunkorragoak bilakatuta.

Searcular proiektua 2023. urtean jarri zen martxan, eta oraingoz 2026. urtera arte luzatuko da. Material jasangarri eta biodegradagarriak ere ikertzen ari dira, baita bio-seine izeneko soka iraunkorragoak sortzen ere. Azken horiek ohiko materialarekin eginiko sokak baino hiru aldiz gogorragoak dira, eta itsasoan biodegradagarriak dira.