Urpeko ontziek sentsore bereziak dituzte | Argazkia: Europa Press / Asier Camacho

JASANGARRITASUNA

Aztik bi urpeko ontzi autonomo erabiliko ditu kostaldeko itsas ekosistema aztertzeko

Besteak beste, aztertuko dute ozeanoko zirkulazioak fitoplanktonaren ekoizpenean duen eragina

Azti euskal zentro teknologikoak 'Gliders' izeneko bi urpeko ontzi autonomo gehitu ditu euskal kostaldeko behaketa sarera, bertako itsas-ekosistema aztertzeko helburuarekin. Itsaspekoek “sentsore aurreratuak” dituzte, eta hilabete bat edo bi egoteko gai dira 1.000 metroko sakoneran eta 1.000 kilometroko distantzian.

Ontziei esker jasotako datuak erabilgarriak izango dira zentroak 2024. urtean hasi zuen analisirako, hots, aztertzen dutena da nola eragiten duen ozeanoko zirkulazioak fitoplanktonaren ekoizpenean. Fitoplanktona da elikadura kate ozeanikoaren oinarria.

Analisia 'Bigfis' izeneko proiektuaren barruan kokatuta dago, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jasotzen du. Bi urpeko ontziei esker Aztik aukera izango du datu gehigarriak jasotzeko kostaldeko prozesu biogeokimiko ozeanikoen gainean. Aldi berean, datu horiek baliagarriak dira aldaketa klimatikoak ozeanoan duen eragina neurtzeko.