Baskegurrek izango duen erastutokia | Argazkia: Baskegur

JASANGARRITASUNA

Baskegurrek euskal basogintza eta egurgintza sustatuko ditu Carrefour International du Bois azokan

Euskadiko Egurraren Elkartearen erakustokiaz gain, Ebaki, Etorki, Lana eta Grupo Gamizek euren produktuak erakusteko gune propioa izango dute

Gaur hasi eta maiatzaren 30era bitartean, Nantesen (Frantzia) egurraren lehen eta bigarren transformazioko enpresentzat Europako azoka garrantzitsuenetako bat den Carrefour International du Bois-en beste edizio bat egingo da. Bi urtean behin egiten den ekitaldi honek garrantzia handia du: 38 herrialdetako 635 erakusketari, 4 erakustoki handi eta beste hainbat jarduera, besteak beste, hitzaldiak, mahai-inguruak eta makinen erakustaldiak.

Oskar Azkaratek, Baskegurreko zuzendari nagusiak, nabarmendu duenez, “EAE ezaguna da Europako eta nazioarteko merkatuan intsinis pinuagatik, eta Carrefour du Bois-en dauden enpresa eraldatzaileek modu esklusiboan lan egiten dute edo neurri batean egur mota hau erabiltzen dute, erosleen aldetik onarpen eta eskari handia baitu”.

Baskegurren erakustoki berria 216 metro karratukoa da, eta Grand Palais-eko erakusketa-gunean izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eraldatzaileen produktuak publiko profesionalari aurkezteaz gain, Euskadiko Egurraren Elkartearen helburua Euskal Herriko Egurra / Bois Basque Country markapean, EAEko basogintza eta egurgintzako kate osoari balioa ematea da. Halaber, honako sinadura hauek beren produktuak erakusteko gune propioa izango dute:

  • Ebaki. Estatuko zerrategi handiena da, bigarren eraldaketako produktuetan ere espezializatua dagoena eta paleten fabrikazioan liderra dena.
  • Etorki. Mondragon Korporazioko euskal kooperatiba honek pinu-egurra zerratu egiten du eraikuntzarako, bilgarrietarako eta altzariaren eratorrietarako ohol eta listoietan bihurtuz.
  • Lana. Bere sektoreko liderra den Mondragon Taldeko kooperatiba honek eraikuntzan enkofratzeko produktu eta irtenbide berritzaileak eskaintzen ditu.
  • Grupo Gamiz. Hostozabalen habe ijeztuen munduko lehen fabrikatzailea eta egiturazko CE markarekin bakarra munduan. Kalitate handiko beste produktu batzuk ere eskaintzen ditu, hala nola taula eta ohola, profil ijeztuak edo taula lerrokatuak.

Azkenik, aurreko edizioetan bezala, EGURTEK Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren berri emango da. Aurten urriaren 16an eta 17an egingo da BECen.