2022ko Basque Circular Summiteko argazki bat | Argazkia: Europa Press / Ihobe

JASANGARRITASUNA

Izen ematea ireki dute ekonomia zirkularraren gaineko Basque Circular Summit ekitaldiarako

Bilboko Euskalduna jauregian egingo da ekimena, apirilaren 2tik 4ra bitartean, eta hainbat industriako zein ingurumeneko profesional bilduko da bertan​​​​​​​

Ekonomia zirkularrari buruzko ekimenerako izen emate epea ireki du Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako sozietate publikoak. Ekitaldiak Basque Circular Summit du izena, eta Euskalduna jauregian (Bilbo) egingo da apirilaren 2tik 4ra bitartean. Aditu eta profesionalak bilduko dira bertan, eta industriako eta ingurumeneko eredu zirkularrak Europan duen garrantziaz arituko dira.

Aurreko edizioa 2022ko azaroan egin zen, Irungo Ficoban, eta antolatzaileek diotenez ,“800 profesional eta sektore industrial askotako 350 enpresa baino gehiago bildu ziren”.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak gehitu du “ekonomia zirkular bat bultzatzea sustatu” nahi duela, “euskal enpresei politika komunitarioak eragindako erronkei" aurre egiten lagunduta eta, horrela, "lehengaiak hobeto aprobetxatzen dituen ekoizpen eredu baterako trantsizioa" bermatuta.

Ekitaldia hiru gune nagusitan banatuko da: Forum, Expo, eta Village. Lehenengoan hitzaldiak egingo dira; bigarrenean euskal enpresek egindako lana erakutsiko da; azkenik, hirugarren gunea izango da stand eta ekitaldiena, non eragile eta erakundeek euren jarduera erakusteko aukera izango duten.