Ainara Basurko, laguntzen nondik norakoak azaltzeko agerraldian | Argazkia: BFA

JASANGARRITASUNA

1,6 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak industriaren deskarbonizazioa sustatzera

Laguntza lerro berriak ETEen ingurumen eragina neurtzera, ingurumen eragin hori murriztera, eta berrikuntza berdea eta ekonomia zirkularreko proiektuetara bideratuko dira

5 eta 250 langile bitarteko enpresen deskarbonizazioan laguntzeko beste pauso bat eman nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak. Horretarako, dirulaguntza lerro berria jarriko du martxan, eta 1,6 milioi euroko aurrekontua bideratuko du horretara, Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatuak gaur goizean azaldutakoaren arabera. Programaren bitartez Bizkaiko ETEei lagundu nahi die erakunde publikoak, "beren aztarna ekologikoa murriztu" dezaten, baita haien "energia-eraginkortasuna hobetu" eta oro har "lehiakortasuna indartu" dezaten ere.

Laguntza astelehenetik, hilaren 9tik, aurrera eskatu ahalko da, eta irailaren 27ra bitarte izango da zabalik. Hiru lan-lerro ditu. Lehena, ingurumen eragina neurtzekoa, neurketa horien bitartez enpresek informazioa eskuratu dezaten, euren eragina gutxitzeari buruzkoa. Horretara 400.000 euro bideratuko ditu aldundiak, eta lehia aske bitartez egingo da esleipena. Dirulaguntzak zuzenekoak izango dira, 10.000 euro bitartekoak. 

Bigarrena, enpresen ingurumen eragina murrizteko proiektuentzat diseinaturikoa da. Horren baitan enpresek laguntzak jaso ahalko dituzte autokontsumorako energia berriztagarria sortzeko instalazioetarako, iturri berriztagarrietako energia kontsumitzen duten ekipamenduetarako, eta abarrerako. Asko jota 100.000 euro jasotzeko aukera izango du proiektu bakoitzak.

Hirugarrena, eta azkena, ingurumen berrikuntza eta ekonomia zirkularra sustatzeko egitasmoetarako izango da. Produktu eta zerbitzu, prozesu nahiz negozio-ereduei loturiko proiektuak aurkeztu ahalko dira. Azken horretan, eskaera egiten duten enpresek, gehienez ere, 140.000 euro jaso ahalko dituzte.

Deialdia batez ere zuzenduta dago jarduera nagusitzat industria, eraikuntza, garraioak, industriari lotutako zerbitzuak, turismoa eta handizkako merkataritza dituzten ETEentzat.